Mikel Ibargoien. Info7ko esataria

«Emakumeen kirola ez da denbora-pasa: maila badute»

Emakumeen kirolari buruzko 'Kirol leihoa' irratsaioa egiten du Ibargoienek astelehenero, 14:05etik 15:00etara. 'Info7.eus'-en orain arte egindako atal guztiak entzun daitezke.

urtzi urkizu
2015eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
ETBko kirol sailean hiru urtez aritu ostean, bere kabuz ari da Kirol leihoa saioa egiten Mikel Ibargoien (Urnieta, Gipuzkoa, 1989).

Nola bururatu zitzaizun emakumeen kirolaz saio bat egitea?

ETBn ia lan guztiak gizonezkoen kirola jorratzen izan nituen, baina emakumeen kirolaz lantxo batzuk egiteko aukera ere izan nuen. Konturatu nintzen mundu hori arrotza zela niretzat. Jabetu nintzen zer maila duten emakume kirolariek. Realak, adibidez, sekulako lorpenak izan ditu belar hockeyan, eta hedabideetan, ordea, oso oihartzun txikia. Ideia hortik sortu zen.

Info7n zer diote saioaz?

Hasieratik oso ideia interesgarritzat jo dute. Ados daude berdintasunaren bidean lan egin behar dela. Jarraitzeko arazo bakarra ekonomikoa izan daiteke, baina saioarekin oso gustura daude.

Albiste eta elkarrizketa ugari egin dituzu astero. Zer harrera izan duzu emakume kirolarien aldetik?

Harrera oso ona izan da. Saioa martxan jarri eta sarea sortu nuenean, helburuen berri eman nien kirolari askori. Haiek ere esaten zidaten behar zutela bultzadatxo bat. Kontuan izan behar da kirol minoritarioei ere tartea egiten diegula, eta taldeen informazioa lortzea ia ezinezkoa izaten dela. Informazioa zuzenean lortzen dut, haiei telefonoz deituta. Entrenatzaile eta jokalari batzuek kronikak bidaltzen dizkidate.

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren ikerketa baten arabera, ehun kirol albistetik seira ez dira iristen emakumezkoen kirolari buruzkoak.

Datua adierazgarria da. Pixkanaka gizartea aldatzen ari da, eta jendea konturatzen da emakumeena benetako kirola dela. Egoera aldatuz joango dela uste dut, baina, horretarako, apustua egin beharra dago.

Ostiralean, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak esan zuen gizonezkoen kirola beste maila batean dagoela, eta ikusle datuak daudela tartean emakumezkoen partidak ez emateko.

Hedabide guztiek tarte handiagoa eman beharko liokete emakumezkoen kirolari, baita ETBk ere. Emakumeen partida gutxi eskaintzen dituzte. Esan dezakete ikusle datuak txikiak direla, baina jendea ez dago ohituta ikustera, eta zaila da partida bakar batean sekulako arrakasta lortzea. Maizago partidak emanda, ikusle datuak hobetuko lirateke. Emakumeen kirola ez da denbora-pasa bat: maila badute.

Irratiko saioa telebistara eramango al zenuke?

Aukera eskainiko balidate, gustu handiz eramango nuke; ideia ez litzateke txarra. Oraingoz ez da halakorik, eta gure umiltasunarekin jarraituko dugu lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.