Euskal Herrian ez ezik, Nikaraguan eta Ekuadorren ere irakasle izan da Txuri Ollo (Goldaratz, 1955). Antropologian doktorea da, irakasle ikasketak egin zituen, eta Geografia eta Historiako lizentziaduna da. Gerora, Nafarroan diren etorkin nikaraguarren egoera aztertu zuen bere tesian, eta, joan den astean, horri buruz aritu zen IPES elkarteak antolatutako hitzaldian. «Han bizi izan nintzenez, errazago egin zitzaidan haiekin lan egitea», esan du.
Nikaraguako etorkinen artean,%77 emakumeak dira. Zergatik?
Hango egoera ezagututa, ez da harritzekoa. Nikaraguan, emakumeak dira familiako arduradunak. Agian, hainbat gizonekin izaten dituzte umeak, eta emakumeak berak arduratzen dira. Hona etorri diren emakumeek, gehienek, hasieran behintzat, seme-alabak zituzten. Han utzi zituzten, haien heziketari-eta bultzada emateko.
Haien esperientzia, etorkin gisa,nolakoa izan da?
Hasierako urteak gogorrak dira, sistema honek botere mekanismoak erabiltzen dituelako etorkinak gutxiagotzeko, sarreratik bertatik: Atzerritarren Legea aplikatu izana, hiru urtez paperik gabe egon beharra, atxiloketak, sarekadak... Paperik gabeko hiru urteak pasatzen direnean, eskubiderik ez izatearen beldurra sartzen zaie gorputzean, eta errazagoa da hortik aurrera ere berdin segitzea. Zenbait emakumek goi mailako ikasketak zituzten. Urte horietan etxeko lanetan sartzen ziren, eta, zortzi-hamar urte geroago, berdin segitzen dute, hor leku bat aurkitu dutelako. Nolabait, klaseei beren hartan iraunarazteko mekanismoak dira.
Migrazio politikak eraginkorrak dira, haien helburuak lortzeko.
Gurekin ere aplikatzen dira botere mekanismo horiek, baina haiekin zehatzago edo beste elementu batzuekin. Eta lortzen dute, noski.
Gizartean dauden genero eta klase bereizketak argiago agertzen dira etorkinak jasotzean?
Bai, bai. Batetik, etorkinak sartzen dira lanik txarrenetan-edo, eta hori ere beste mekanismo bat da, gure gizarte kapitalista honek erabiltzen duena klaseei beren hartan iraunarazteko. Generoa ere beste horrenbeste. Emakume nikaraguar gehienak etxeko zainketa lanetan dabiltza, gehienbat zaharrak zaintzen. Gure jendartean ez dugu konpondu generoen arteko bereizketa hori; desberdintasunak ez dira berdindu. Orduan, etorkinek horri bere hartan iraunarazten diote. Baina, azkenean, haien balorazioa ona da. Nahiz eta urte gogorrak pasatu hasieran, behin urte horiek pasatutakoan, eta onartu dutenez sistema honetan zein rol bete behar duten, eta beren herrialdean ez dutenez hobea ere, balantzea oso ona da. Eta emakumeena gehiago.
Zein onura sentitzen dituzte dira emakume horiek?
Batetik, ekonomikoki independentzia bat lortzen dute; beren herrialdeetan askoz zailagoa dute. Baina,noski, etxeko lanetan eta 24 orduak arituta. Bestetik, presio sozial horretatik eskapatzen dira; hango ohituren eta hango harremanen presio hori ez izatean, askeago sentitzen dira. Azkenik, etorkinek harreman gehiago dituzte elkarren artean, egoera berdintsuan daudelako. Hor ere indartuak ateratzen dira.
Beste sorterri bateko etorkinen artean ezberdintasunak daude?
Legearen arabera, atzerritarra da europarra ez dena. Hori indartzen da, baita komunikabideetan ere. Latino eta afrikarren artean bada alderik, gehienbat lehenago etorri zirenak, ekuadortarrak, dominikarrak, kolonbiarrak... urteekin gehiago finkatzen direlako. Baina nik aztertu ditudan botere mekanismo horiek guziak Europatik kanpoko denei aplikatzen zaizkie.
Horri aurre egiteko, kulturartekotasuna aldarrikatu ohi duzu.
Kultur aniztasuna edonon eta edozein garaitan dugu, kultura ezberdinak toki berean bizitzea da. Kulturartekotasuna, berriz, elkarrekin harremanak izatea da, baina berdintasunez. Ez kultura hegemoniko bat, eta besteak gutxietsiak. Noski, sistema kapitalistarentzat ez da onuragarria, berdintasunezko harremanak lantzen dituelako, eta sistema hau desberdintasunetan eta hierarkizazioetan oinarritzen da. Zailtasun handiak ditu, negoziatu behar delako, baina edozein etxetako elkarbizitzan bezala. Negoziatu, baina berdintasunean. Atzerritarrekin alderatuta eskubide ezberdinak ditugun heinean, zailagoa da kulturartekotasuna lortzea.
Nafarroan ba al dira kulturartekotasuna lantzen duten egiturak?
Badaude eremu txikiak. Michel Foucaultek esaten du laguntasuna botere harremanetatik eskapatzen dela. Sistemak beste harreman asko kontrolatzen ditu, baina laguntasunean ezin da sartu. Kulturartekotasunean laguntasun hori dago. Erakundeek eta komunikabideek ez dute hori bultzatzen, baina, hala ere, horren gainetik jendartean sortzen dira kulturarteko eremu txikiak.
ATZEKOZ AURRERA. Txuri Ollo. Antropologoa
«Emakumeen balantzea hobea da»
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da Ollo, eta, bereziki, etorkinen gaiak landu ditu. Bere tesian Nikaraguatik Nafarroara etorritako pertsonen esperientzia aztertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu