Jon Uriarte. Argazkilaria

«Emakumeek indar handiagoa hartu izanak desoreka eragin die gizonei»

Gizartearen bi argazki islatzen dituzte Elgoibarren ikusgai dauden erakusketek: bikote harreman heterosexualetako rol aldaketa eta natura errespetatzen duen nortasun berri baten jaiotza.

Donostia
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Alde batetik, 10 gizon, blusa eta artilezko jaka jantzita. Bestetik, naturaren argazki gordina: zuhaitzak, biluzik zein jantzita. Jon Uriarte (Hondarribia, Gipuzkoa, 1980) artistaren erakusketa Elgoibarko (Gipuzkoa) kultur etxean dago ikusgai, hilaren 18ra arte.

Bi lanek osatzen dute erakusketa. Zein da bakoitzaren haria?

Nuevos organismos lanak natura du ardatz. Jende asko eredu ekonomiko, sozial eta teknologiko berriak bilatzen hasi da. Industria eta energia jasangarri baten alde dihardu. Bada jendea, adibidez,hiri handietatik herri txikietara ihes egin duena. Horrek islatzen du ingurumena errespetatzen duen nortasunaren jaiotza. Bide batez, argazkilaritza eta naturaren arteko harremana islatu nahi izan dut.The men under the influence lanak bikote heterosexualetako harremanetan gertatu den aldaketa du ardatz. Emakumeek indar eta askatasun gutxiago zuten, baina orain lekua hartu dute. Eta desoreka bat eragin du horrek gizonengan. Erreferentziak aldatu egin dira, eta gizonezkoak galduta sentitzen dira, nolabait.

Bigarren lan horretan emakumez jantzitako gizonak agertzen dira. Mozorrotuta daude, trabestiak dira, edo nola interpretatu behar dira?

Argazkiak ateratzen hasi nintzenean, lagunak ere galduta ibili ziren. Eurek erabaki behar zuten jantziko zuten arropa, eta, hasieran, mozorrotu egiten ziren. Nik euren bikoteak bezala janztea nahi nuen: etxean egoteko edo poteatzera joateko erabiltzen zuenarekin, eta abar. Bikotekidearen izaera islatzea zen helburua, ez mozorrotzea. Gizonek emakumearen nortasuna barneratzen dute arroparen bitartez.

Non atera dituzu argazki hauek?

Nuevos organismos laneko argazkiak Donostia inguruan atera ditut; besteak, berriz, mundu zabalean. New York, Madril eta Bartzelonan bizi izan naiz, eta han atera ditu argazkiak, lagunen etxeetan. Alde horretatik proiektu hauek esperientzia berria izan dira niretzat, estudiotik eta eszenifikaziotik aldendu naiz inprobisazioan murgiltzeko.

Bada bi lanetan errepikatzen den gauza bat: arropa. Zergatik halako garrantzia?

Arropa asko erabiltzen dudan elementua da; asko gustatzen zait duen mezua. Modaren inguruan egin nituen nire lehen pausoak eta familiak ere badu arroparen munduarekin zerikusirik. Arropak joko handia ematen du. Pertsonen fisikoa jaiotzez da halakoa, baina arroparen bidez alda daiteke; batzuetan, mozorrotzeraino. Gainera, arropak izaeraz hitz egiten du, eta bisualki oso erakargarria da.

Zein munduk du xarma handiagoa: analogikoak edo digitalak?

Nik ahal dudan oro pelikula erabiltzen dut. Baina batek ez du bestea kentzen. Oso momentu interesgarria bizi du argazkilaritzak. Bi teknikak oso baliagarriak dira, mezuaren arabera.

Photoshop erabiltzea zilegi al da?

Teknika gehienak laborategi analogikoetatik datoz, ez da oraingo kontua. Normala da tresna berriak sortzean horiek ustiatu nahi izatea, mugak bilatzea, baina urteekin baretuko da. Digitala batzuetan perfektuegia da; analogikoak benetakoaren itxura du, aldiz.

Mundua krisian dagoela diote, argazkilaritza ere bai?

Ni baikorra naiz. Batzuek uste dute argazki guztiak atera direla jada. Nik ez. Aukerak badaude. Ildo horretan, Ongarri eta halako elkarteek lan handia eta ona egiten dute, baina gehiago behar dira. Ni oso eskertuta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.