Emakumeek komikigintzan izan dezaketen etorkizunaz baikor mintzo da Josune Muñoz (Bilbo, 1967). Lan asko egiteko egon arren, garai «historikoa» dela iritzi dio. «Emakumeen komiki ekoizpena gero eta handiagoa da. Gainera, emakumeek gero eta komiki gehiago kontsumitzen dituzte». Bide horretan jarraitzeko Internetek ematen dituen aukerak baliatu behar direla iritzi dio Muñozek.
Zuk esana da komikigintza beti iruditu zaizula maskulinoa eta matxista. Zergatik?
Irudipen batetik harago doan zerbait dela uste dut; bizipen bat izan da. Komikigintzaren historia aztertu eta arakatuz gero, erraz ikusten da: gizonezkoek sortutako ekoizpen kultural bat izan da, eta prestakuntza ere haiei eman zaie. Emakumeek egindako komikiei ez zitzaien baliorik ematen; aurreiritzi handiak zeuden horien inguruan. Hori aldatzen ari da, pixkanaka.
Nola ikusten duzu emakumeen komikigintza?
Egungo egoera aztertzeko orduan, emakumeak komikigintzaren inguruan prestakuntza jasotzeko duten aukera nabarmendu behar da. Mugarri garrantzitsua izan da hori, genero horretan emakumeek duten lekua handitzeko orduan. Izan ere, duela urte batzuk, prestakuntza hori jasotzea ezinezkoa zen. Orain dela oso gutxi sartu gara Arte Ederretako unibertsitateetan. Prestakuntza hori jasotzeko aukera egon denetik, ateak erabat zabaldu dira. Dena den, oraindik lan asko dago egiteko. Izan ere, emakumeek egindako sorkuntza lan guztien inguruan egon ohi diren aurreiritziak daude haiek egindako komikietan ere. Gainera, emakumeen ekarpena handiagoa izan da eta gehiago ikusi da eleberri grafikoetan, komikietan baino. Baina, pixkanaka, nahiz eta hastapenetan egon, emakumea bidea egiten ari da komikigintzan ere. Japonian, adibidez, badago emakume gazteentzako manga mota bat: soho. Urteetan, manga mota hori erreferente izan da.
Euskal Herrian, zein da egoera?
Euskal Herrian ere hastapenetan gaude. Egon dira emakume solte batzuk aurreko urteetan komikiak egin zituztenak: Amparo Akarregi datorkit burura, adibidez. Baina haien presentzia oso aldizkakoa izan da. Aurreko hamarkadetan, emakumeak ez ziren komikigintzan hasten geratzeko; baina hamarkada honetan bai. Adibidez, dagoeneko badugu emakume baten eleberri grafiko bat: Maite Gurrutxagaren Habiak. Hor daude Ainara Azpiazuren zintak ere. Gero eta gehiago dira, gainera, komiki lehiaketetara aurkezten diren emakumeak; asko eta asko gazteak dira. Beraz, esan daiteke etorkizuna ziurtatuta dagoela.
Baikor zara, hortaz.
Lan asko egin da, eta etorkizunean ere egin beharko da. Baina garai historiko batean gaude, eta aprobetxatu egin behar dugu. Bide horretan, oso garrantzitsua daInternetek ematen dituen aukerak baliatzea, emakume komikilarien lana ezagutarazteko. Paperera iristeko bideak murritzagoak dira, baina, hor ere, ziur naiz etorkizunean emakume gehiagoren lanak ikusiko ditugula argitaratuta. Editoreen artean ere, gero eta emakume gehiago daude, eta andreen artean ere, komikiak irakurtzeko eta erosteko ohitura handitu egin da. Hori dena aprobetxatu behar dugu. Komikiak egiten hasi berri diren neskato gazteei, beraz, baikortasun mezu bat bidali nahiko nieke: lanean jarraitzeko esango nieke.
Zein ezaugarri ditu emakumeek egiten duten komikigintzak, gizonezkoek egiten dutenarekin alderatuz gero?
Emakumeek egindako komikigintzak ezaugarri desberdinak izan ditu. Baina gaur egungora jotzen badugu, esango nuke aldea sentsibilitatean, gaiak lantzeko ikuspuntuan eta erabiltzen dituzten pertsonaietan dagoela. Ez horrenbeste irudikatzeko moduan.
Zeintzuk dira gai eta pertsonaia horiek?
Kontuan hartu behar da egungo komikigintzan badagoela komiki autobiografiko asko eta asko, Marjane Satrapiren Persepolis eleberri grafikotik hasita. Emakumeen bizipenak eta munduan egoteko moduak jasotzen dituzten autobiografia horietan, oso ondo ikusten dira gizonezkoeneta emakumezkoen rolak. Komiki horietan, emakume izateagatik jasaten ditugun egoerak eta krudelkeriak agertzen dira: adibidez, emakumeen aurkako indarkeria. Orain arte, gai horiek oso leku txikia izan dute komikigintzan. Baina hori ere aldatzen ari da.
Zer ekarpen egin dio komikigintzari emakumeek gero eta leku handiagoa izateak?
Beste sentsibilitate eta gai batzuk txertatzea. Etorkizunean, orain arte ezezaguna izan den komiki mota bat ekarriko dio: komiki feminista. Mugimendu feministaren autokontsumorako sortu ziren komikiak dira, teoria eta aldarrikapen feministak zabaltzeko balio izan dutenak. Baina, tamalez, Euskal Herrian oso oihartzun txikia izan dute; oso gutxi landu dira. Salbuespenetako bat Maite Martinez Arenaza izan da. Beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere oso gutxi itzuli dira. Gure lana hori erakustea da, eta hurbiltzea. Izan ere, komiki horiek oso baliagarriak eta probetxugarriak izan daitezke berdintasunerako bidean. Balio pedagogiko handia dute. Zenbat eta balio handiagoa eman, gainera, eraginkorragoak izango dira.
Hitzaldiak komikigintzaren inguruan dauden aurreiritziak apurtzeko erabiltzen dituzula esan ohi duzu. Zeintzuk dira aurreiritzi horiek?
Kontuan izan behar da komikigintza beste euskarri batean sortu zela: egunkarietan. Gainera, oso herrikoia izan da beti. Prestakuntza zuzenean jasotzeko gunerik ere ez dago: ez dago komikigintzan aritzeko lanbide heziketa edo unibertsitaterik. Autodidaktak izan gara; metodologia eta ikerketa tresnak guk sortu behar izan ditugu. Beraz, bigarren mailako generotzat hartua izan da, astialdirako eta fantasiarako genero bat bezala. Hori izan da aurreiritzi larri eta nagusia, are gehiago emakumeek egindako komikien kasuan.
Hori aldatzea da, beraz, zuen xedea.
Argi dago komikiek badutela fantasiarako eta astialdirako tarte hori. Baina komiki zinten balioa harago joan daiteke; balio sozial bat ere izan dezakete. Kritikarako eta salaketarako tresna garrantzitsua izan daitezke; egun egiten den kritika eta salaketa soziala aberasteko balio dezakete.
Josune Muñoz. Euskal filologoa eta komikigintza ikerlaria
«Emakumeek beste sentsibilitate bat eman diote komikigintzari»
Orain gutxi arte ez bezala, egun komikigintzan ari diren emakumeek genero horretan bide bat egiteko asmoa dute, Josune Muñoz komikigintza ikerlariaren arabera. Euskal filologoa ere bada Muñoz, eta atzo hitzaldi bat eman zuen Iurretako Kultur Etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu