Landa eremuko langileen inguruan pentsatzen hasi zen dokumental baterako, eta gizonezkoak baino ez zitzaizkion otu Ainhoa Urgoitia zuzendari eta ekoizleari (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1976). Iruditeria hori aldatzeko, Barraskiloentzat iganderik ez dokumentala ondu du, Enrique Reyrekin batera. Emakumeek landa eremuan ere lan egin dezaketela aldarrikatu nahi du lanak, eta Urgoitiak uste du urtarril hasierarako aurkeztu ahal izango dutela. «Jaialdietan eta eztabaida eta kontzientzia eragin dezakeen lekuetan eman nahiko genuke».
Zergatik erabaki zenuen gai honen inguruan hitz egitea?
Genero ikuspegia lantzea gustatzen zait, batez ere dokumentaletan. Sortutako iruditegiek beti eman didate arreta: landa eremua gizonarekin lotu izan da beti. Baina ogibide izan liteke emakumeentzat ere, eta hori aldarrikatu nahi nuen.
Zerk ardazten du dokumentala?
Protagonista Joana Lara da. Barraskiloen baserri bat dauka, baita agro nekazaritzako ortu bat ere. Iruditu zitzaidan istorio oso interesgarria zuela kontatzeko: Arte Ederretan lizentziatu zen, beste toki batzuetan lan egin zuen, eta, langabezian geratu zenean, landa eremura jo zuen.
Nolakoa da emakumeen egoera landa eremuan?
Aldatu egin da. Gaur egun, haietako asko dira euren baserrien eta ustiapenen jabe. Amatasunari dagokionez ere, nahiz eta zazpi eguneko lana den, posible da uztartzea. Hala ere, oraindik emakume askori ez zaie aitortzen landa eremuan egiten duten lana, uste delako seme-alaben edo gurasoen zaintzaile bezala lan egiten dutela soilik, nahiz eta gizonek egiten dituzten baserriko lanak ere egin.
Emakumeen egoera ez ezik, beste gai batzuk ere jorratzen dituzue dokumentalean.
Horrez gain, kontatzen dugu ere gaur egun elikadurak duen garrantzia. Bizi dugun krisi klimatiko, ekonomiko eta sozialean, dokumentalarekin nabarmendu nahi izan dugu elikadura ez dela ekoizleen ardura soilik, baizik eta gizarte osoarena dela.
Non eragin dezake gizarteak?
Adibidez, asko hitz egiten dugu zero kilometroaren inguruan, baina hori praktikara ere eraman behar da. Jaten duguna gara, eta zaindu egin behar dugu, eta gure seme-alabei eta geure buruari erakutsi behar diegu zer den elikadura osasuntsua. Naturarekiko errespetua izan behar dugu, guk ematen dioguna itzuliko baitigu. Barazki batzuk jan nahi ditugu nahiz eta garaikoak ez izan, eta merkatuan aurki ditzakegu, agian 3.000 kilometroko bidaia egin eta gero. Azkenean, elikadura burujabetza izateak gizarte hobe bat izateko bidea ematen du.
Landa eremuan lan egiten duten emakumeez hasi, eta gainontzeko gaiak sakondu ahala agertu al zitzaizkizun?
Bai, gaiak protagonistarekin izandako elkarrizketan agertzen doaz, aldarrikatu egin nahi ditugulako, batez ere orain. Aldaketetarako momentua da, eta dokumentala erabili dugu balio horien guztien garrantzia azpimarratzeko.
Gauzak hobetzeko elkartzen ari dira emakume hauek?
Dagoeneko badaude landa eremuan lan egiten duten emakumeen hainbat elkarte. Etengabeko borrokan dabiltza, eta urtero neurri berriak proposatzen dituzte. Ikusgaitasuna ematen ari dira emakumeek zuzendutako enpresa jasangarriei, eta orain dela gutxi arte ezkutuan zeuden eskubideak aldarrikatzen dituzte. Uste dut lan oso ona egiten ari direla.
Landa eremuko aldarrikapen horiek hiriguneetara ere heltzen dira; ezagunak dira haien eskaerak?
Hirietan ezjakintasun handia dugu landa eremuaren eta naturaren inguruan. Dokumentaleko protagonistak erakutsi zigun haizea, eguzkia, euria eta hirietan hain ondo ezagutzen ez ditugun beste hainbat faktore aintzat hartzen. Hori aldatzen ari da; jende asko landa eremura joaten ari da bizitzera, eta hori hasiera ona izan daiteke. Hala ere, asko dago ikasteko oraindik, baina jendea hasi da landa eremua ogibidetzat hartzen dagoeneko, eta hori sustatu beharra dago.
ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Urgoitia. Dokumental egilea
«Emakumeei ez zaie aitortzen landa eremuan egindako lana»
Landa eremua gizonekin lotu izan da, baina Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk aldarrikatu dute badaudela baserrien jabeak diren andreak, 'Barraskiloentzat iganderik ez' ekoizpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu