ATZEKOZ AURRERA

Emakumeak, begien parera

Irunen ibilbide bat egin dute hiriko bost emakume eta andrez osatutako bi kolektibo ezagutzeko, Mertxe Tranchek eta dozenaka ikaslek gidatuta eta Parean elkarteak bultzatuta.

J. C. RUIZ / FOKU.
Maialen Unanue
Irun
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Historia egin zuten, baina ez zekiten. Historia egin zuten, baina ez zuten idatzita utzi. Historia egin zuten, eta norbaitek gogoan hartu ditu. Historia egin zuten, eta norbaitek horren berri eman nahi izan du. Baita eman ere. Hirian utzi zituzten arrastoak, sinadurarik gabekoak, bilatu eta aurkitu dituzte: dokumentatu, bildu eta zabaldu. Eta horri esker ehunka lagun inguru bildu ziren atzo Irungo San Juan plazan (Gipuzkoa): hiriko bost emakumeren eta andrez osatutako bi kolektiboren berri izan zuten, Parean elkarteak antolatutako ibilbide gidatuan.

Mertxe Tranche historialari irundarra da gidaria, baina laguntzaile mordo bat ditu: hiriko zazpi ikastetxe publikotako dozenaka ikasle ere bertan dira. Parean-eko lagunek egindako Irungo emakumeak plazara! dokumentala ikusi dute, eta eskoletan landu: ikastetxe bakoitzak lan horretan ageri den pertsona edo kolektibo bat hautatu eta ikertu du. Halaxe ezagutu dituzte Vicenta Olazabal, Julia Iruretagoiena, Dolores Salis, pospologileak, Leire Landa, Menchu Gal eta mandatugileak.

«Asmoa ez da emakume hauei izen-abizenak jartzea soilik: zer garaitan eta testuingurutan bizi izan ziren ere azaldu nahi dugu», nabarmendu du Tranchek bisitaren hasieran. San Juan plazan hasi dute bisita, Vicenta Olazabali buruz hitz eginez; familia oso garrantzitsu eta aberats bateko alaba zen: «Zergatik hitz egin andre dirudun batez? Oso azkarra izan zelako, eta hiriaren eraikuntzan asko eragin zuelako».

Plazako beste izkina batera mugitu dira, Julia Iruretagoienaz hitz egiteko, haren aita Leon Iruretagoienaren omenezko kalexkara. Alargundu ostean, Emakumezko Ikasleen Egoitzan parte hartu zuen, eta han ezagutu zuen Victoria Kent —hura ere ezezaguna zen ordura arte plaza publikoan—. Ekintzailea izan zen Iruretagoiena, errepublikazalea; Mexikon erbesteratu eta hil zen.

Beraunen, bertsotan

Bisitak manifestazio itxura hartu du ia Oiasso museora bidean: metro eskasera dago Beraun etxea, Dolores Salis margolariarena. «Salisi esker dago Beraun etxea zutik, Irungo erdialdeko baserri bakarra: etxearen horman, ordea, ez da haren izena ageri, haren senarrarena baizik, hangoa ez zen arren», ohartarazi du Tranchek. Hari buruzkoak azaldu ostean, baserrira gerturatu dira bisitari guztiak, Eguzkitzako ikasleek prestatutako bertsoak kantatzera. Horixe izan da unerik hunkigarrienetako bat: Mari Tere eta Menchu Rodriguez Salis alabak balkoira atera dira, eta hunkituta entzun dituzte abesten.

Santiago kaletik iritsi dira bidegorriraino. Hantxe, pospologileez hitz egin dute Tranchek eta Dunboako ikasleek. Hamabost pospolo lantegi egon ziren Gipuzkoan, hiru Irunen: haietako batean 600 andrek egiten zuten lan. «Bi berritasun ekarri zituen: emakumeak lantegi batean eta elkarrekin zeudela lanean. Ia denak ezkongabeak eta alfabetatuak ziren: ez da kasualitatea beren eskubideen alde borrokatu izana».

Handik metro gutxira egin dute hurrengo geldialdia. Ibilbide osoa kontuan hartuta, bizirik dagoen emakume bakarra da protagonista: Leire Landa futbolaria. Hark ikasi zuen ikastetxekoak izan dira hari buruz hitz egin dutenak, Txingudi ikastolakoak. Zein den azaldu ostean, bertso bat kantatu dute, eta Landak aurrez bidalitako esker oneko mezu bat jarri dute bozgorailuan: «Niretzat ohorea da Irungo emakumeen artean aukeratua izatea: izugarri hunkitu nauzue».

Haria eten ez dadin lanean

Larretxipi kalean bukatu dute bidea, eta han azaldu dituzte Menchu Gal margolariaren eta mandatugileen istorioak. Gal da guztietatik ezagunena, Tranchek nabarmendu duenez, baita aitortza gehien jaso duena ere. Bestelakoa da mandatugileen kasua: dokumentu pribatuak eta gutunak arakatuz izan zuen haien berri. Trancheri esker, bisitan bildutakoek ere ezagutu dituzte.

Eskerrak emanez amaitu dute ibilaldia Parean-eko lagunek, eta deialdi bat egiteko ere aprobetxatu dute: halako gehiago egin nahi dituzte, hiriko emakume gehiago ezagutu eta ezagutarazi, historiak irentsi zituen horiek begien parera ekartzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.