Emakume bati buruz iritziak dabiltza bolo-bolo. Horiekin ados ez, eta berari buruz hitz egiten hasten da, bere bertsioa emateko. Philippe Gaulier antzerkigile, antzezle eta antzerki irakasleak idatzitako Konpota lana da. Anton Lukuk euskaraturiko bertsioa taularatuko du Eneritz Artetxek gaur, Bilboko La Fundicion aretoan.
Pablo Ibarluzeak zuzendu du lana, eta Dxusturi konpainiak ekoitzi du. Konpainia lan hau egiteko sortu dute. Gaulierren ikasle izan zen Artetxe, urtebetez. Antzezlanarekin maitemindu, eta baimena eskatu zion antzerkigileari euskaraz emateko. Horrek, ustekabean, baietz esan ostean, Antton Lukurengana jo zuen aktoreak. Testua irakurri eta oso gustukoa izan zuenez, berehala euskaratu zuen Lukuk. Ezin da kontatu nor den emakume ezagun protagonista, antzezlanaren misterioa eta dinamika zapuztu gabe. Izan ere, ikuslea poliki joaten da antzematen nor ari zaion hitz egiten. Ironiaz, humore beltzez eta erreibindikazioz beteta dago testua.
Gaulier Parisen jaio zen, 1943. urtean. Bere izena duen eskola sortu zuen, Frantziako hiriburuaren kanpoaldean. Zuzenean irakasteaz gain, antzerkigintzaz eta horren pedagogiaz idatzi du. Aktorea agertokian gustura egotea da bere metodoaren oinarria.
ANTZERKIA
Noiz. Gaur eta bihar, 20:00etan .
Non. La Fundicionaretoan, Bilbon.
Emakumea, lehen pertsonan
Philippe Gaulierren 'Konpota' antzezlana taularatuko du Eneritz Artetxek gaur eta bihar, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu