Erakusleihoak badira saltoki bakoitzak duen onenaren erakustoki. Ezkutuan gelditzea nahi ez dutena ateratzen dute argitara. Metafora aproposagorik, nekez. Tartean daudelako emakumezkoak, eta zientzialariak. Tartean daudelako ikusgaitasunik eza, eta ezkutukoa argitara ateratzearen nekeza. Otsailaren 11 da gaur: emakume zientzialarien leihoak irekitzeko eguna.
Elhuyar zientzia elkartearen egitasmoa da Otsailaren 11 erakusleihoak, eta Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunerako jartzen dute martxan —bosgarren aldia du aurten—. Hilaren 3tik gaur arte, Euskal Herriko 218 saltokitan daude jarrita emakume zientzialariei eskainitako erakusleihoak: zientzialari horiei buruzko ilustrazioak, informazioa eta haien ikerketetan inspiratuz osatutako apaingarriak. Zortzi herri aukeratu dituzte aurten: Bilbo, Barakaldo, Durango, Arrigorriaga eta Abanto-Zierbena (Bizkaia); eta Arrasate, Elgoibar eta Irura (Gipuzkoa). Eta hamabi zientzialariren bizitza eta jarduna.

Jeanne Baret botanikaria dago jarrita Irurako Tximak ile apaindegian. Harriet Martineau ekonomialaria eta Amena Karimyan astronomoa ageri dira herriko ostatuko beiratean. Margaret Crane publizista eta Patricia Rodriguez biologoa Bakarne Arrueren farmazian. «Badago beharra emakume zientzialariei ikusgaitasuna emateko. Albisteak-eta entzun besterik ez dago. Harrituta gelditzen gara agertzen direnak emakumeak direnean, eta ez luke horrela izan behar», azaldu du Bakarne Arrue farmazialariak. Laiene Otaegi lankidea dauka aldamenean: «Herriko saltoki gehienak saiatu gara emakume zientzialarien lana agerian jartzen. Guk ere nahi dugu bultzatu geroz eta emakume gehiago zientzialari izatea».
«Dendariak emakume horien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtzen dira. Helburuetako bat badelako haiek janztea, gero haiek herritarrak ere jantzi ditzaten»
EDURNE GASTONElhuyarreko kidea eta egitasmoaren arduraduna
Uxue Lazkano biologoari eta Nawal El Saadawi medikuari buruzkoak jarri dituzte Xare kafetegian. Maria Jesus Esteban matematikariari saltoki barruan egin diote tokia Ametz estankoan. Antigoaleko idazmakina baten gainean formula matematikoak eta marrazki geometrikoak. «Etxeko gazteenak aritu dira horretan. Lortzen dute halakoek haien interesa piztea eta parte hartzea ere», azaldu du Izaro Mujikak, estankoko arduradunak. Egitasmo «interesgarria» dela dio, eta Iruraren moduko herri txikietan ere tokia baduena: «Herri txikietan, tratua pertsonalizatuagoa da. Jendeak galdetu egiten du, eta guk azalpenak ematen dizkiegu».
Dendariak dibulgatzaile
Izan ere, batzuek azalpen horiek eskatzea eta besteek azalpen horiek ematea da Otsailaren 11 erakusleihoak ekinbidearen helburuetako bat, Edurne Gaston Elhuyarreko kide eta egitasmoaren arduradunak azaldu duenez: «Dendariak eurak dibulgatzaile bihurtzea, alegia. Guztiek jasotzen dute emakumezko zientzialari horiei buruzko txosten bat, eta haien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtzen dira. Helburuetako bat badelako haiek janztea, gero haiek herritarrak ere jantzi ditzaten».
Elhuyarrek sortu zuen egitasmoa, duela bost urte, Bizilaberen barruan; hau da, gazteentzako jarduera zientifikoak eta teknologikoak egiteko duten aisialdi eskaintzaren barruan. «Zientzia eta generoa uztartzeko lan horretan aspaldian ari gara. Zientzia gizarteari gerturatu nahi horretan. Konturatu ginen egitasmo honek bazituela osagaiak saltokiak eta dendariak ere horretan inplikatzeko. Bizilabeko herriekin hasi ginen, baina eskaintza zabalduz joan da». Berdintasuna, garapen ekonomikoa, bertako denden balioa... «Arlo asko hartzen ditu emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutarazteko, eta uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko». Erakusleihoan jarrita.
