ATZEKOZ AURRERA. Kepa Perez eta Aitor Barriokanal. Gasteizko gaztetxeko kideak

«Emakume taldeak eta euskara sustatu nahi ditugu»

Ateak parez pare irekiak ditu Gasteizko gaztetxeak jaietan, uztailean egindako obren ostean, aurpegi berrituarekin: «Kanpoko jendeari gaztetxea erakusteko aukera ematen dute jaiek».

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Barrako txandak antolatu, txosnekin elkarlana mantendu, musika taldeen afariak prestatu... Jaietan bete-betean, lan handia egiten ari dira 27 urte bete dituen Gasteizko gaztetxean. Orain dela bi aste eskas bukatu zituzten obrak eta, berrikuntzak erakusteko prest, gogotsu hartu dituzte jaiak Kepa Perezek (Gasteiz, 1993) eta Aitor Barriokanalek (Gasteiz, 1995 ).

Zein ikuskizun ikusi ahalko dira aurtengo jaiak bukatu aurretik?

KEPA PEREZ: Aurten emakume taldeak eta euskara sustatu nahi izan ditugu, eta horiek izango dira protagonistak jaietan. Gainera,Skontra [Asturias] eta ZOO [Herrialde Katalanak] taldeak gurekin egongo dira bihar eta etzi, hurrenez hurren.

Lo egiteko, afaltzeko eta euren musika tresnak uzteko lekua beharko dute.

AITOR BARRIOKANAL: Gasteizko beste etxe okupatuekin erlazioa dugu, eta hara bideratzen ditugu taldeak. Baina jaietan urteko salbuespena egiten dugu talde batzuekin, eta gaztetxean bertan gelditzen dira lo egiten. Haiek gustura egotea da gure nahia, eta horretarako ez da beharrezkoa dirutza ordaintzea kontzertu bat eskaintzeagatik.

Egitaraua zabala den arren, jaiak nagusiki gaua du ardatz. Zaila al da eguneko egitaraua Alde Zaharrera erakartzea?

K.P.:Saiatu gara jendea erakartzen egun osoan, eta oso herritar gutxi bertaratu dira guregana. Zoritxarrez, jaiak gauari begira daude prestatuta, eta guretzat gehiegizko lana izango litzateke gauean eta egunean irekitzea. Aurreko gaueko zaborra jasotzen pasatzen dugu eguna.

Zaila egiten zaizue sei egunetako txandak lotzea?

A.B.: Apiriletik batzorde berezi bat sortzen dugu gaztetxeko batzarrean, jaiei begira. Han, joko duten musika taldeak lotzeaz gain, txandak antolatzen ditugu. Gainera, herri mugimenduaren hainbat taldek txandak lotzen laguntzen digute. Urte guztian hainbat talderi uzten diegu gaztetxea egun solte batzuetan. Orain, mesedea bueltatzeko, txandak egiten dituzte.

Gasteizko txosnek Alde Zaharrera mugitzeko intentzioa adierazi dute behin baino gehiagotan. Nola ikusiko luke aldaketa hori gaztetxeak?

K.P.: Txosna Batzordeak ideiaren berri eman zuenean, behin baino gehiagotan atera zen gaia batzarretan. Oso proposamen positiboa iruditzen zaigu; izan ere, beti esan dugu Alde Zaharra dela herri mugimendua batzen duen esparrua. Eragileoi esparru komuna partekatzeko aukera emango liguke aldaketak. Urte asko dira txosnekin lankidetzan ari garela. Besteak beste, haien edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen ditugu jaietan, eta saiatzen gara egunero bi guneetan antzeko musika estiloak bermatzen.

Zer dira Gasteizko jaiak 27 urte bete dituen etxe autogestionatu batentzat?

K.P.:Hasteko, lan handia. Uztail guztian obrak egiten ditugu bertan. Gero, jaietan, txanda asko bete behar ditugu. Baina ilusio handiarekin hartzen ditugu jaiak; besteak beste, egun ederrak dira kanpotik datorren jendea gaztetxera erakartzeko.

Ondo pasatzeko egunak diren arren, badira zorigaiztoak. Sanferminetan lau eraso sexistaren berri izan zen, eta eraso homofobo bat orain dela bi aste Gasteizen. Alde horretatik, protokolo bereziren bat ba al duzue jaietarako?

A.B.: Bai. Urte osoan ere horretarako protokoloak lantzen ditugu. Jaietan, barrako arduraduna gaztetxeko batzarreko kide bat da beti. Haren ardura ere izango da erasoren bat gertatzen bada momentuko erantzun zuzena ematea. Horretarako, barrako arduraduna protokoloaren jakitun izatea bermatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.