Olatz Perez de Viñasprek (Gasteiz, 1987) jasoko du II. Gladys saria gaur goizean, epaimahaiak aho batez hala erabakita. Perez de Viñaspreren ibilbide akademiko oparoa eta gizarte erronka handiei erantzuteko egiten duen lana sarituko dituzte, besteak beste. Gaur egun, irakaslea da EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean, eta ikerlari ere aritzen da hizkuntzaren prozesamenduaren arloan Ixa Taldean eta HiTZ zentroan. Azaldu duenez, haurra zenetik erakarri eta interesatu izan zaizkio ordenagailuak.
Nola sentitu zinen ll. Gladys saria jasoko zenuela jakin zenuenean?
Kristoren poztasunarekin. Deitu nindutenean jokoz kanpo harrapatu ninduen. Halere, uste dut erantzukizun handia ere badela honelako sari bat jasotzea.
Zergatik erantzukizuna?
Gazteentzat erreferenteak sortzea da Gladys sariaren funtsa. Egun, oso maskulinizatua dago informatika. Adibidez, unibertsitateko kurtso batean hogei ikasle badaude, bakarra izango da neska, izatekotan. Horregatik, emakume informatikari erreferenteak behar dira. Horregatik sentitzen dut erantzukizuna.
Informatikariak fikzionatzen direnean, neurri handi batean, nahiko profil markatua dute. Halere, nolakoa da errealitatea?
Mundu osoan gertatzen ari den arazo bat da, eta hainbat pertsona oso kezkatuta gaude horrekin. Izan ere, normalean, oso xelebrea da jendeak ikusten duen informatikarien profila. Beti jartzen gaituzte antisozialak eta frikiak bagina bezala, eta hori ez da batere erakargarria; are gutxiago emakumeentzako. Baina hori ez da errealitatearen isla, gure lana ez baita zulo bakartu batean egiten. Beste arazo batzuei irtenbidea emateko egiten dugu lan askotan: arazo sozialei, osasun zientzietako arazoei... Alor guztietan beharrezkoak dira informatikariok sortutako lan konplexuak. Horrez gain, garrantzitsuak gara populazioaren erdia osatzen dugun emakumeak ere.
Beraz, Gladys Sariak betetzen al du bere funtzioa?
Niretzat neuretzat sekulako txutea izan da; izan ere, horrelako sariei esker bide onetik noala uste dut. Horrez gain, uste dut sozialki ere sariak badaukala bere inpaktua eta oihartzuna.
Zerk bultzatu zintuen zu informatika ikastera? Betidanik interesatu zaizun zerbait izan da?
Nahiko gaztea nintzen erabaki nuenean. Haurra nintzenean etxeetan ez zegoen ordenagailurik. Amak lehen ordenagailua ekarri zuenean, zekartzan jokoek txunditu egin ninduten. Beraz, haurra nintzenean ordenagailua gustatzen zitzaidan, baina ez nekien ezer informatikaz. Aurrerago erabaki nuen, ordea, informatika ikastea. Ez nekien ondo zer izango zen, eta burugogorkeriagatik sartu nintzen. Ez nuen nire hautua aldatu, eta ez naiz damutzen.
Hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea zara. Zure jakintza euskara bultzatzeko erabiltzen duzu?
Gure herriko gatazkan oso inplikatuta egon naiz beti, eta, bereziki, oso erakargarria egin zait euskalgintza beti. Burugogorkeriagatik informatika ikasi nuen bezala, pentsatu dutnoizbait euskal filologia ikastea ere. Gainera, karrera amaitu nuenean argi neukan ez nuela neure burua enpresa munduan ikusten. Hizkuntzen prozesamendu informatikoa egiten duen Ixa taldea ezagutu nuenean, oso erakargarria egin zitzaidan, eta hor jarraitzen dut oraindik. Gainera, euskara erreferentziatzat daukan proiektua izan da betidanik Ixa.
Baduzu proiektu berririk esku artean?
Gustatzen zaizkidan ikerketak egiten aritu nahi dut aurrerantzean ere. Azken urteotan buru-belarri ibili gara ospitaleetako osasun txostenen itzultzaile automatiko bat sortzen; euskal mediku eta erizainek euskaraz idatz dezaten. Ondoren, automatikoki itzuliko dira txostenak, haien lankide erdaldunek ulertu ahal izateko. Horrez gain, adimen artifizialaren arlo etikoa lantzen hasi gara. Batez ere, horiek sortzen eta hedatzen duten genero alborapena ikertzen gabiltza.
ATZEKOZ AURRERA. Olatz Perez de Viñaspre. Informatikaria
«Emakume informatikari erreferenteak behar dira»
II. Gladys saria jasoko du gaur Perez de Viñasprek. Gaztea izan arren, ibilbide oparoa du informatikan. Nabarmendu duenez, gustatzen zaizkion ikerketak egiten aritu nahi du aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu