Urteak daroatza Igor Rezola Dizebi-k kalea lanerako erabili eta adierazpen artistiko ugari bertan gauzatzen. Grafitien munduan abiarazi zuen bere ibilbidea, horma irudi ugari ere egin izan ditu, eta orain, ekintza artistikoak bideoz grabatzen hasi da. Hala ere, mezuari ematen dio berak garrantzi handiena, eta, dioenez, esan nahi duenaren arabera aukeratzen du adierazpen mota bat edo beste. Bideoen bidez, emaitzak baino gehiago, ekintza bera azpimarratu nahi izan du.
Horrela, Interneten jarri duen azken bideoan, Hau muga bat da izenekoan, Hendaia eta Irun arteko zubian ageri da Rezola. Esprai bat erabiliz margoketa bat egiten du, baina euskarri barik, zubiaren erdian pareta bat egongo balitz bezala. Rezolak azaldu duenez, gauza ugari adierazi nahi izan ditu. «Alde batetik, Euskal Herria bitan zatitzen duen muga». Bestalde, nahiz eta gaur egun europarrak alde batetik bestera mugitu daitezkeen, etorkinentzat traba izaten jarraitzen duela azaldu du. Bere muga pertsonalak ere adierazi nahi izan ditu, «zerbait sortu edo kontatzerakoan izaten ditugun ezintasunak».
Kalearen erabilpena aldarrikatuz
Elementu horiek nahastu ditu Rezolak bideoan, baina edonork beste hainbat muga ezberdin ikus ditzakeela dio; «lanak irakurketa zabalagoa izatea nahi dut». Lau kamera erabiliz, beste horrenbeste ikuspegi azaltzen dira bideoan.
Kalea izan da artista beasaindarrak bere ideiak plazaratzeko gehienbat erabili duen espazioa: muralak margotuz, paperak itsatsiz, edo txantiloiak erabiliz. Hark bezala beste askok ere hala egiten dutela azaldu du, eta kontziente edo ez, espazio publikoaren erabilera aldarrikatzen dutela horrela. Dizebiri oso garrantzitsua iruditzen zaio erabilpen hori ahalik eta zabalena izatea, «egun, McDonals edo Zararen adierazpenen esparru da gehienbat, eta herritarren beste espresio batzuk isilpean gelditzen dira». Hori baino gehiago izan daitekeela uste du, «kalean ikusten ditugun gauzek sentimenduak sortu behar dizkigute, hausnarketa bat, poza, negarra edo irribarrea adibidez».
Ildo horretatik abiarazi du grabatu duen beste bideotako bat. Izan ere, Dizebiren esanetan arazo ugari dituzte kaleko artistek hura erabiltzeko. Bideoan pareta bat beltzez margotzen ageri da, eta, ertzainak agertzean, burutik behera botatzen du potean duen margo guztia. Horrela, Donostiako Udalari bere jarrera azaldu, eta inkoherentzia eta kontraesan propioak adierazi nahi izan dituela dio. «Kasu honetan ere, emaitza baino garrantzitsuagoak dira prozesuan zehar gertatzen diren eztabaidak edo gertakizunak». Horregatik erabaki du ideia bideo baten bidez plazaratzea.
Emaitzetatik ekintzetara
Bere ekimenen grabaketa eginez, adierazpen artistiko berri bat hasi da erabiltzen Igor Rezola 'Dizebi'. Horrela, emaitzari baino gehiago, ekintza berari eman nahi dio garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu