Bihar BERRIA-n

Elurbilduak: arriskua eta bizikidetza

Udazkenetik udaberrira bitarte, elurra botatzen duen mendi inguru guztietan gertatzen dira elur jausiak, urtero. Elurbilduak noiz, non eta zergatik gertatzen diren eta horiek kudeatzeko irizpideak aztertuko dira biharko ‘Bizigiro’ sailean.

Uxue Gutierrez Lorenzo
2021eko otsailaren 12a
13:53
Entzun

Europan, batez beste, 100 pertsona hiltzen dira urtean elur jausi baten azpian harrapatuta. Elurra egiten duenean, saihestu ezinezko fenomeno naturalak dira elur jausiak. Gertakaria aztertzen eta aurreikuspenak egiten lan egiten duen Jon Apodaka geologoak elur jausien inguruko informazio praktikoa azalduko du biharko Bizigiro sailean. Ibai Rico mendi gidariak arriskuaren kudeaketari buruzko zenbait jarraibide emango ditu, eta Edurne Pasaban mendizalea elur jausiek mendizale baten bizitzan duten garrantziaz jardungo da.

Elurbilduen nondik norakoez gain, migratzaileen karabanei buruzko La caravana de los sueños (Ametsen karabana) izeneko erakusketa izango du hizpide Bizigiro-k. Asier Vera fotokazetariak Gasteizko Salburua auzoan jarri du ikusgai Mexikoko Huixtla hirian bizi izandakoen laburpena, argazki-sorta formatuan.

The Mole dokusaila izango du mintzagai Mikel Yarzak telesailen atalean. Mads Brugger norbegiarrak zuzendu du ikus-entzunezkoa, eta hamar urtetan Ipar Korean ezkutuan grabatutako irudiekin osatu du pieza.

Zinemari dagokionez, Movistarren eta Filminen The King of State Island jarriko dute ikusgaihilaren 19tik aurrera. Pete Davidson umoristaren bizitza biltzen du ekoizpenak, drama umoretsu baten estiloan.

Gastronomia atalak Ziordia (Nafarroa) herriko sukaldaritza tradizioa jasoko du. Izan ere, 350 biztanle inguruko herri txikia izanik ere, goi mailako hamahiru sukaldariren jaioterri da Ziordia. Sukaldari horiei eskainitako liburua ondu du Jesus Maria Alegriak (Araia, Araba, 1949): Navarra, hasta la cocina. Historias de los grandes cocineros de Ziordia (Nafarroa, sukalderaino: Ziordiako sukaldari handien historiak).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.