Elur geruza askatzeak dakarrena

Elur jausiak ohikoak dira elurra pilatzen den mendi magal guztietan. Gehienak 30 gradutik gorako aldapetan gertatzen dira, eta istripu larriak eragiten dituzte. Arriskua neurtzeko, elur buletinak begiratzea aholkatu dute adituek.

Tamaina. Elur jausi handiek autoak lurperatu, kamioiak hondatu, eraikin txikiak suntsitu eta zuhaitzak diztakete. JON APODAKA.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Elur mantuaren askatzeak dira elur jausiak, eta urtero-urtero gertatzen dira; mugitzen hasten diren elur masak dira. 30 gradutik gorako maldetan izaten dira gehienak, eta, gutxi-asko, arazoak eta istripuak sortzen dituzte. Besteak beste, urtarrilaren 14an elur jausi handi bat izan zen Gorbeia mendian (Bizkaia), eta, inor harrapatu ez zuen arren, elur mantu osoa errotik askatu zen. Batik bat mendizaleek eta eskiatzaileek pairatzen dituzte egoera lazgarrienak, eta asko dira elurte garaietan mendi malkartsuetan elur jausiak bertatik bertara bizi izan dituztenak. EAWS European Avalanche Warning Services erakundearen arabera (Europako elur-jausi abisuen zerbitzua), urtero batez beste Europan ehun pertsona hiltzen dira elur jausien ondorioz. 2020-2021eko denboraldian, oraingoz, 58 hil dira elurbilduen eraginez Europan —urriaren 10ean hasida denboraldia aurten—.

Fenomeno natural saihetsezinak dira elurbilduak, baina asko dira hondamendi natural horiek gertatzeko probabilitateak tentuz aztertzen dituzten adituak. Arriskua neurtu eta aurreikuspenak egiten dituzte, mendira joango direnek egoeraren ikuspegi ahalik eta osatuena izan dezaten. Horretan dihardu Jon Apodaka geologoak buru-belarri. Arrisku naturaletan aditua da Apodaka, eta Andorran ari da doktoretza prestatzen: «Elur jausiei dagokienez, aurreikus daiteke zer-nolako baldintzak dauden; eta, hortaz, gertatzeko aukera handiagoa edo txikiagoa dagoen eta gertatzen direnean ondorio larriak edo arinak eragingo dituzten».

Azterketa horiek, batetik, hirigintza planak egiteaz arduratzen diren entitate eta enpresei helarazten dizkiete; etxeak, errepideak eta bestelako egiturak non eraiki daitezkeen ohartarazteko. Bestetik, ikerketen emaitzak txukundu eta laburtu, eta elur buletinak ere osatzen dituzte. Buletinetan jasotakoa irakurrita, herritarrek, mendiko edozein jarduera egin aurretik, inguruko elurra nola dagoen jakiteko aukera dute. «Buletinetan, elur jausia gertatzeko arrisku maila, elur-jausi mota, elur jausiaren tamaina, lekua, altuera, orientazioa, bestelako aholkuak eta baldintza meteorologikoen inguruko informazioa jasotzen da». Txosten osatua den arren, Apodakak ohartarazi du herritarrek informazio lerro bakarrari erreparatzen diotela: arrisku mailari. «Arrisku maila 1etik 5era doan eskala bat da, eta Europako elur jausien abisu zerbitzuak ezarritako estandarra da: 1 ahula, 2 mugatua, 3 nabarmena, 4 handia eta 5 oso handia».

Ibai Rico mendi gidari eta EHUko geografia irakasleak azaldu duelurbilduek izan ditzaketen ondorioekin lotuta dagoela arriskuren sailkapena: «Zenbat eta arrisku handiagoa egon, elurra askatzeko orduan eta aukera handiagoa dago; eta, era berean, geroz eta larriagoak izango dira elur jausi horiek eragin ditzaketen ondorioak».

Elurbizi izendapen orokorraren barruan, ordea, zehaztapen ugari daude. Bigunak edo gogorrak eta lehorrak edo hezeak izan daitezke, askatzea eragin duen faktorearen arabera. Oro har, bost motatan bana daitezke: elur berria —elurra bota berri duenean—, haizatutako elurra —haizeak mugituta elurra metatzen denean—, elur umela —euria egin duenean—, plaka hauskor iraunkorrak —hotzaldi luzeen ostean mantuaren azpiko geruzetan izotz zati hauskor eta labainkorrak sortzen dira— eta elur jausi basalak —mantua askatzen denean, lurzorutik gainazaleraino—.

Elurbilduak sortzeko arrazoiei dagokienez, hiru esparru zerrendatu ditu Ricok: baldintzak, eremua eta taldea. Baldintzek eguraldiari eta elur maindirearen egoerari egiten diote erreferentzia. Apodakak azaldu duenez, hotzaldi luze baten ondoren, tenperatura aldaketa bortitzak daudenean, euria elur gainean egiten duenean, mantua mehea denean eta leiaren ondorioz gainazala umeldu eta lurperatzen denean gerta daitezke elur jausiak, besteak beste. Eguraldiak, halaber, berebiziko garrantzia dauka udaberri partean: «Udaberrian, tenperatura epelak daude egunez, eta elur geruza urtu eta hezetu egiten da; ondorioz, elur maindirea mugitu egiten da», zehaztu du Apodakak.

Eremuaren alorrean, malda eta orientazioa dira kontuan hartu beharreko ezaugarriak, Ricoren esanetan: «30 gradutik gorako maldetan gertatzen dira elur jausien %97, eta, bestalde, plakak aldatu egiten dira haizearen norabidearen arabera».

Taldea da azken faktore gakoa. «Giza faktorea pertsonek hartzen dituzten erabaki guztiak dira: planifikazioa, materiala eta baita unean uneko erabakiak ere». Izan ere, elur jausiak elurra pilatzen den edozein tokitan gerta daitezke, eta gertatzen dira, baina denak ez dira naturalak. Ricok ohartarazi du elur jausien ondorioz gertatzen diren istripuen %95 eskiatzaileek eta mendizaleek eragiten dituztela. Apodakak ere uste du giza faktoreak berebiziko inportantzia duela mendi istripuetan: «Denboraldi honetan 10-12 istripu gertatu dira, eta gehienak pertsonen erabaki desegokien ondorio izan dira; egun horietan baldintza ezegokiak zeuden, bai, baina saihestu zitezkeen istripu horiek».

Edurne Pasaban mendizaleak beti du oso presente elur jausien arriskua: «Elur jausi baten azpian harrapatuta geratzea da mendizaleok dugun beldurrik handienetariko bat». Pasabanek aldea nabari du fenomenoaren aurreikuspen ahalmenari dagokionez: «Europako mendilerroetan informazio asko dago, baina, goi mendian, Himalaian, ez da horrela; han, elur jausiak ezin dira aurreikusi, eta, gainera, erraldoiak dira». Pirinioetan informazio «dezente» dagoela esan du, baina informazioa edukitzea ere beti ez dela aski: «Beste gauza bat da kasu egiten diogun ala ez». Eskarmentuak ere eragiten du: «Mendian maiz ibiltzen garenok ikasi egiten dugu mendia interpretatzen: haizeak nondik jotzen duen, non dauden urtero elur jausiak, zer gertatzen den plaka bat mozten denean...».

Elausoek inor harrapatu ez dezaten aztertzen dira zorrotz mendi zurietako baldintzak; baina, halere, maiz, elurra askatu eta norbait harrapatzen du. Horrelakoetarako prest egotea eta istripua kudeatzeko tresna egokiak soinean eramatea da funtsezkoena. Erreskateak azkarra eta eraginkorra behar du izan. Elurbilduen azpian harrapatuta geratu den norbait aurkitu eta ateratzeko, hiru lanabes baliatzen dira: ARVA, zunda eta pala. Uhin bitartez biktimak aurkitzeko tresna da ARVA, eta beste ARVA batzuk aurkitzeko balio du.

Arina eta eraginkorra

Erreskatea egiteko manera, urratsak eta ordena ondo barneratu behar dira; arin erreakzionatu behar da, eta asko praktikatu. Izan ere, datuen arabera, elur jausi baten azpian lurperatuta geratzen diren biktimen %90 bizirik ateratzen dira erreskatea lehenengo 15 minutuetan egiten bada. Hortik aurrera, nabarmen apaltzen da bizirik ateratzeko aukera. Ordu erdi pasatuta, biktimen %60 egoten dira bizirik, eta ordubete pasatuta, %40.

Protokoloaren araberaeta Rioren hitzetan, ARVAren modua aldatzea da lehen urratsa: «Normalean, uhin igorpen moduan eramaten dute mendizaleek ARVA. Norbait harrapatuta gelditzen bada, gainerako kideek bilaketa modura aldatu behar dute gailua; bestela, interferentziako egon daitezke». Hurrengo pausoa bilaketa da. ARVAk igortzen dituen soinuei segika biktima lurperatuta dagoen tokia zehatz-mehatz lokalizatzea da helburua.

«Ondoren, zunda maldarekiko perpendikularki hondoratzen da elurretan; finean, lurperatuta dagoen kidearen gorputza edo motxila ukitzea da helburua, indusketa hasteko toki zehatza hori dela ziurtatzeko». Azken urratsa palarekin elurra hondeatzea da, biktima elur jausitik ateratzeko. «Zundaren azpiko aldetik hasi behar da indusketa, biktimari airerik ez kentzeko eta ahalik eta azkarren ateratzeko lurpetik». Biktima elur jausiaren gainazalean geratzea ere gakoa da bizirik ateratzeko. Pasabanek ohartarazi du materiala eramatea garrantzitsua dela, baina erabiltzen ikasi behar dela: «Asko praktikatu behar da; oso azkar egin behar da prozesu osoa». Bada praktikatu ezin den zerbait: unean uneko erreakzioa. «Praktikatu dezakezu, baina egoerara iritsi arte ez dakizu nola jokatuko duzun. Elur jausi bat gogorra da; ez da bizitzen den gauza bat, eta, bizitzen baldin bada, gauza txarra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.