Sare sozialak

Elon Musk X sare sozialean kontua berria sortzeagatik ordainarazten hasi da

Oraingoz Zeelanda Berrian eta Filipinetan soilik abiatu da neurria eta lehenik erabiltzaile zirenek ez dute ordaindu beharko

Elon Musk, X sare sozialaren jabea. SHAWN THEW / EFE
Nerea Intxausti Castiñeira
2023ko urriaren 20a
16:04
Entzun

Zeelanda Berriko eta Filipinetako X (lehengo Twitter) sare sozialeko erabiltzaile berriek urtean dolar bat ordaindu beharko dute. Neurria urriaren 17an jarriko da indarrean. Elon Muskek iragarri du neurriaren xedea dela «plataforma manipulatzen saiatzen diren eta gainontzekoen esperientzia oztopatzen duten» botsen eta spamaren ugaritzea saihestea.

Muskek berak Xn azaldu du aldaketak ez dituela botsak (atzetik robot bat duten profilak) erabat desagerraraziko. Baina «mila aldiz zailagoa» izango dutela plataforma manipulatzea: bot kontu bakoitza sortzeko kreditu txartela eta telefono zenbaki ezberdin beharko dira.

Ez dute ordainketa mundu osora zabaltzeko asmorik agertu oraindik. «Not a Bot» (ez naiz robota) kanpaina hau proba izango da neurria baliagarria den ala ez jakiteko. Dena dela, ez da lehen aldia sare sozialaren jabeak X erabiltzeagatik ordainketa-sistema bat proposatzen duela, orain hilabete ere iragarri zuen «hilabeteroko ordainketa txiki bat». Orain urte erdi ere beste aldaketa entzutetsu bat izan zen: izenaren ondotik agertzen zen ikur urdinak pertsona famatu ala esanguratsu baten identitatea ziurtatzen zuen. Orain, aldiz, harpidetzagatik ordaindu duela esan nahi du.

Zeelanda Berrian eta Filipinetan jada erabiltzaile zirenek ez dute ordaindu beharko, eta profil berria sortu dutenek ere, ordaindu nahi ez izatekotan, irakurketa eta bistaratze soila egin ahal izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.