Euskalduna astekaria 1940ko hamarkadan itxi zutenean, Herria aldizkaria sortu zuten 1944an, II. Mundu Gerraren garaian. 73 urte joan dira ordutik, eta bizirik da Herria, 2.100 harpidedunekin eta 6.000 irakurlerekin. Webgunea harpidedunentzat dute prestatua. Aldizkaria Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako adinekoek irakurtzen dute bereziki, baina belaunaldi berriengana iristeko gogoa dutela aitortu du Peio Jorajuria astekariko kazetariak. «Aldizkari parte hartzailea egin nahi dugu. Boluntario sareak indar handia du». Kanbon (Lapurdi) azaldu dizkie Jorajuriak Herria-n dituzten kezkak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskarazko beste hedabideetako langileei. Bi eguneko mintegian, Euskal Hedabideak elkartearen—Euskal Irratiak, Herria, Kanaldude, Kazeta.eus eta Iparraldeko Hitza-BERRIA biltzen ditu— eta komunikabide bakoitzaren egoera eta asmoak jarri dituzte mahai gainean.
«Gaur egun bezala ezin da jarraitu. Itzulipurdi handi bat behar da», esan du Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktoreburuak, eta besteek ez diote kontrakorik esan. Ezaugarri propioak ditu hedabide bakoitzak, baina ez dute zalantzarik elkarlanean aritu behar dutela. Aipatu dute prentsaurreko batzuetara hiruzpalau kazetari joaten direla, ondoren eduki bera lantzeko, eta ezin dutela modu berean jarraitu. Eduki gehiago ekoiztea ez, baina egiten dutena hartzaileengana zabaltzeko hobeto aritu daitezkeela nabarmendu dute batzuek zein besteek. Helburu horrekin aritu dira gogoetan, ideiak partekatuz eta beste esperientzia batzuen berri jasotzen. Motibazio biziz, giro onean.
Tokikom elkarteko zuzendari Alaitz Artolazabal eta IKT arduradun Joxe Rojas izan dira gonbidatuetako bi. Tokikomek eskaintzen dituen zerbitzuetako batzuk aurkeztu dituzte, tartean Tokikom plataforma. 60 komunikabide daude egun Tokikomen—bakarra da Ipar Euskal Herrikoa: Antxeta irratia—.
Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran ere gonbidatu dute mintegira. Hiru galdera egin beharrekoak direla esan du: «Zer egin nahi dugu? Nola? Eta zertarako, elkarrekin?». Barandiaranek argi du: «Zerbait eginez elkarrekin, irabazten da, ez da galtzen».
Euskal Hedabideak elkartea
Elkarrekin zer, nola eta zertarako galderei erantzuteko, komuneko bide labur batean dute abiapuntua Ipar Euskal Herriko euskarazko komunikabideek. 2013ko urrian sortu zuten Euskal Hedabideak elkartea —urratsak bi urte lehenago hasi zituzten—. Elkartea ofizialki eratu gabe zela, Ahoan bilorik gabe emankizuna estreinatu zuten 2013ko otsailaren 22an. Elkarrizketa bat egiten zuten hilero, gaur-gaurko gaiak jorratuz, eta hedabide bakoitzak bere euskarrian plazaratzen zuen. Bi urte iraun zuen saioak, 2015eko otsailera arte. Tartean, elkarlanean egin dituzte hainbat gertakizunen jarraipena: hauteskundeak, 2015eko Korrika, Euskal Elkargoaren sortzea...
Apaltze txiki bat etorri zen gero. Baina aurten ari dira hedabideetako ordezkariak maiztasunez elkartzen, eta fruitu batzuk biltzen. Elkarte osoarentzat lan egingo duen komertzial baten lanpostu deialdia egin zuten, eta maiatzean aukeratu zuten langile hori. Bezero zerrendak, erakunde publikoekin harremanak... Urratsak ari dira egiten, pixkanaka. «Kanaldudek ez du indarrik jarriko komertzial arloan, baizik eta dena Euskal Hedabideak elkartearen bidez egingo du», aipatu du Ximun Karrere Kanaldudeko kudeatzaileak.
Kanaldude bera abentura berrian sartzekotan da orain, Akitania Berriarekin sinatu hitzarmenaren bidez. Otsailaren 1ean egun osoko zuzeneko emankizunei ekingo die, Interneten.
Euskal Irratietan ere ez daude geldi. Irulegiko Irratiak, esate baterako, talde bat osatuko du laster Amikuzen (Nafarroa Beherea). Xiberoko Botzako kazetariak bideoak egitea planteatzen ari dira, kontuan izanik Facebooken jarritako bideo-elkarrizketa batzuek izan duten arrakasta. Gure Irratian belaunaldi berri batek hartu du lekukoa, dinamika berritzaileekin. Eta Antxeta irratian jarraitzen dute saioez harago hezkuntzan, bizikidetasunean, genero arloan eta etorkinen gaian lanean. Interneten, aktualitatearen berri ematen dute egun Kazeta.eus-ek eta Iparraldeko Hitza-k. Sei urte beteko ditu aurten Iparraldeko Hitza-k, paperean ostiraletan argitaratzen da, eta indartzeko asmoa du.
Orotara, 45 langile inguru ari dira euskarazko hedabideetarako beharrean. Erreferentziazkoak izan nahi dute herritarrentzat, gaur baino gehiago. Ondorio argi batzuk atera dituzte Kanbon, aurrera begirako proposamen zehatzekin. Elkartzearen indarra egitate bat izan da Kanbon, eta 2018. urtean irits daitezke urrats berri batzuk. Haziak lur emankorretan erein dituzte horretarako.
Elkart(z)earen indarra
Gogoetarako eta etorkizuneko egitasmoak lantzeko, mintegi bat egin dute Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideek. Sinergiak baliatuz, erreferentzialtasuna lortu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu