ATZEKOZ AURRERA

Elkartasunez bete dira orgak

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Etxebarri-Ibiña
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Goizean jakin du Amaia Ramosek abian dela elikagaiak eta bestelako oinarrizko produktuak biltzeko kanpaina. «Ez nekien; supermerkatuaren sarreran dauden boluntarioek gogorarazi didate». Gorbeia merkataritza gunean dagoen supermerkatu handira joan da (Etxebarri Ibiña, Araba) asteroko erosketa egitera, eta arroz pakete bat utzi du ordainketa kutxen parean jarri duten gunean. «Ekarpen txikia da, baina ahal dudan heinean laguntzen saiatzen naiz». Ekarpen oro da lagungarria, halere: alez ale eta paketez pakete egiten baita bilketa handi. Hori du helburu Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuen bilketa nagusiak. Ostiralean eta atzo egin zituzten, eta gustura azaldu ziren jasotako produktu eta elkartasun oldearekin.

Urtero legez, Arabako Elikagai Bankuak hainbat supermerkatutan eskaini du bonuak edo janaria entregatzeko aukera. Ongi daki hori Miguel Camposek. Gasteizko supermerkatu batean egiten du lan, eta egunero izaten du hartu-emana jakien eta gainerako produktuen bila joaten diren boluntarioekin. Emaztearekin erosketak egitera joan da Gorbeia merkataritza gunera, eta bertan utzi ditu salda eta beste jaki batzuk. «Goizean nire lantokitik ere pasatu naiz, eta bertan ere utzi ditut beste gauza batzuk».

Gorka Abarrategik ere bazuen kanpainaren berri. «Komunikabideek oso argi utzi dute gaur zela bilketa nagusia egiteko eguna», adierazi du, barre txiki batekin. «Hala ere, larunbatetan egiten ditut erosketak normalean, eta urtero egiten dut bat kanpainarekin tokatzen den egunean». Pasta eta janari prestatua eman dizkie boluntarioei. «Eta edari apur bat ere bai».

Maria Lopezek, ordea, nahiago izaten du erosketak aste barruan egin. «Larunbatak saihestu ohi ditugu normalean, jende gehiegi egoten delako. Bilketa handian parte hartzeko etorri gara gaur bereziki hona». Elikagaien ordez, haurrentzako produktuak eman ditu bereziki, baita higiene eta garbiketa produktuak ere: xanpuak, xaboiak eta bestelakoak.

Hala egin du Maria Dolores Urrestik ere: «Hala entzun nuen aurreko batean irratian, eta produktu horiek ekarri ditut: haurrentzako pure gisako janaria, fardelak...». Jendea parte hartzen ari dela azpimarratu du. «Jendea solidarioa da, oro har. Agian ez dira garairik onenak, eta nabarituko da hori bilketan. Guztiontzako gauzak apur bat hobeto joaten direnean gehiago bilduko dute, akaso. Baina kutxak beteta daude, eta seinale ona da hori».

Eguerdia iritsi orduko jendez gainezka dago supermerkatua. Ordainketa kutxa guztiak okupatuta daude, eta ilara luzea ikusten da atzean oraindik. Ordainketa gunetik zuzen, produktuz eta elikagaiz gainezka dagoen orga urdinari bultzaka hurbildu da Ana Ramos bilketa gunera. «Familia batek hilabetean beharko lituzkeen produktuak dira», argitu du. Elikagaiak ikus daitezke, baina baita emakumeentzako oinarrizko produktuak ere. Urtero parte hartzen du, baina oraingoan orga oso-osorik utzi du bertan. «Pribilegiatua sentitzen naiz», aitortu du, baina berehala eten zaio ahotsa. Hunkituta, negar malkotan hasi da. «Ezin dizut gehiago esan, barkatu», erantzun dio kazetariari, eta pixkanaka alde egiten hasi da.

Milaka boluntario

Egunak beharko dira jakiteko zein izan den kanpainaren emaitza, baina behin-behineko balorazio ona egin du Alfonso Lourido Arabako Elikagai Bankuko koordinatzaileetako batek. «Zaila da aurreikuspen bat egitea, baina oso pozik gaude orain artekoarekin». Gogorarazi du Araban ia supermerkatu kate guztietan dagoela ekarpenak egiteko aukera, nahiz eta produktuak guztietan ez dituzten jasotzen. 83 dendetatik bostetan soilik bonuak bakarrik erabiltzeko aukera baitago.

Izan ere, pandemiaren eraginez, bilketa egiteko modua aldatu egin behar izan zuten. Produktu fiskoen ordez bonuak erabiltzeko aukera zabaldu zuten, eta aurten bi moduei eutsi diete, ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten. Gainera, datorren aste osoan ere izango da bonuak erabiltzeko aukera. «Jendeak parte hartzea nahi dugu, ahal eta nahi duen moduan», esan du Louridok. «Dena den, bilketa nagusian jasotako guztiak hilabete bakarra irauten digu».

Milaka boluntario ari dira parte hartzen bilketa handian. Lehen aldia du Susana Molinak, esaterako. «Kokatzen ari naiz oraindik», esan du, erdi lotsatuta. «Caritasen ere aritzen naiz tarteka. Beharrezkoa da laguntzea». Jantzi berri du boluntarioen peto urdina, eta lau orduko txanda egingo du bertan. Txandaka ariko da Lurdes Platasekin. Lehen aldia da harentzat ere. «Prentsan irakurri nuen jende beharrean zirela, eta animatu naiz». Supermerkatuaren sarreran jarri da bera, paskinak banatzen eta jendeari kanpainaren berri ematen. «Guri ez zaigu ezer kostatzen, eta beharra dutenek eskertuko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.