Gaixotasunak —halabeharrak, beraz— eragin zuen behinola Juneren Hegoak elkartea sortzea. 2013ko martxoaren 12an hil zen June, minbiziagatik, eta gurasoek elkartea sortzeko erabakia hartu zuten, egoera bertsuan zeuden familiak laguntzeko. Gaur egun ere horretan dihardute, haur gaixoen eta beren familien aldeko laguntza elkartea handitzen.
Asteburu honetarako ekitaldi berezia prestatu dute: Juneren Hegoak Erronka Eguna. Bihar eta etzi ospatuko dute; zehazki, Errenteriako (Gipuzkoa) kaleetan barrena. Xabi Salillas kirolariak, ortziraleko 19:00etan hasita, 24 orduko triatloia eginen du; eta gainerakoentzat elkartasun egitaraua prestatu dute. Duela zortzi urte hasi ziren Juneren Hegoak Eguna ospatzen, eta aurten kirol erronka gehitu diote egitasmoari. «Sorpresa ikaragarria hartu genuen», azaldu du Yolanda Martin elkarteko boluntario eta bozeramaileak. «Xabi Salillas kirol erronketan aritzen da, eta eguna prestatzen ari ginen batean halaxe esan zigun: gure elkartearekin gustura egingo lukeela erronka bat». Baiezkoa eman, eta asteburu honetarako jarri zuten erronka eguna.
Xabi Salillasen lana Koldo Mitxelena patioko igerileku batean hasiko da, eta zortzi orduz arituko da han igerian. Goizeko hiruretan, patioko bizikleta estatiko batera igoko da, 11:00etara arte; eta, azkenik, Gernika plazan lasterka arituko da, zintan, 19:00etara arte. Kirolaria haren jardueran ari den bitartean, hainbat ekintza eskainiko dituzte herrian: bertzeak bertze, zumba, txokolate jatea, aurpegi margoketak, eskulanak, buruhandi tailerrak, puzgarriak, paella solidarioa eta magia. Kirolaria dagoen lekuaren inguruan izanen dira gehienak, dena dela. Juneren Hegoak Erronka Eguna elkarteari ikusgaitasuna emateko eta laguntza eskaintzeko baliatu nahi dute; Martinek azaldu duenez, haientzat garrantzitsua baita senide bat gaixo duten familien errealitatea erakustea eta laguntza ematea. Gaur-gaurkoz, 25 familia ari dira laguntzen; eta, hasi zirenetik —iaz hamar urte— hirurogei familia inguru lagundu dituzte. Boluntarioek osatzen dute Juneren Hegoak elkartea, eta, Martinen hitzetan, «ezinbestekoak» dira elkarteak aitzinera egin dezan.
Elkar lagundu
Larunbat goizean lau elkarte batuko dira martxara: Abarka, Mindara, Pausoka eta Quitemos hierro a Uxue. Bakoitzak bere postua jarriko du, eta elkartearen berri emanen du; baita euren produktu solidarioak saldu ere. «Urtero egiten dugu hori, guretzat beharrezkoa baita gainerako elkarteei ere laguntza eta espazioa ematea», kontatu du Martinek. «Guztiontzat da onuragarria; bai guretzat eta bai eurentzat».
Bi multzok osatzen dute Juneren Hegoak elkartea: boluntarioek eta familiek. Familien beharren arabera egiten dute lan, hau da, une bakoitzean familiaren beharra zein den ikusita, boluntarioek erabaki bat edo bertze hartzen dute. «Demagun familia batek medikamentuak lortzeko dirua behar duela. Kasu horretan, bi aukera egon daitezke: dirua lortzeko kanpaina bat abiatzea edo zuzenean dirua ematea», argitu du Martinek. Bertze hamaika kasu egon daitezke, baina beti joaten dira familiek markatzen duten erritmoan.
Beharrak hagitz bertzelakoak izan daitezkeen arren, helburua eta mezu nagusia bakarra da elkartearentzat: laguntza emanen duen sare egonkorra osatzea. «Sare egonkor bat lortu nahi genuke, arazoez hitz egingo duena eta elkar lagunduko duena», dio bozeramaileak. Izaera komunitarioa dute, eta, ahal duten neurrian, senide bat gaixo duten familiak laguntzen dituzte. Sare horrek, gainera, bertze funtzio bat ere beteko luke: ikusgaitasunarena. Boluntarioek —eta familiek— ikusgai egiten dute familia horien egoera, eta, hala, familiek sentitzen dute euren esperientziak kontatzeak indartu egiten dituela, baita bertze familia batzuk lagundu ere.