Asteburuko proposamenak

Elkartasunaren zaporea

Bihar hasiko da Gorlizko (Bizkaia) Dastatu Urria jaialdia, eta igandera arte iraungo du. Dirua bilduko dute Fires sindromea duen Urdulizko (Bizkaia) 5 urteko Martina haurrari laguntzeko, perretxiko eta garagardo artean.

Iazko Gorlizko jardunaldi mikologikoko erakusketa. 20. aldia izan zuen iazkoa. GORLIZKO UDALA
Iazko Gorlizko jardunaldi mikologikoko erakusketa. 20. aldia izan zuen iazkoa. GORLIZKO UDALA
Kerman Garralda
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

Perretxikoak garagardoarekin elkartuko dituzte asteburuan Gorlizen (Bizkaia), Dastatu Urria egitasmoan. Bihar hasi eta igandera arteko egitaraua prestatu dute: kultur ekintzak, dastaketak, txapelketak, txangoak... Gainera, izaera solidarioa eman diote aurtengoan jaialdiari, eta Martinarentzako dirua bilduko dute; Fires sindromea duen Urdulizko (Bizkaia) 5 urteko haur bat da, eta eritasuna ikertzen jarraitzeko baliatuko dute bildutakoa. Oso gaixotasun arraroa da.

Nerea Goiri Gorlizko turismo teknikariak kontatu du Gorliz herri «perretxikozalea» dela. «Duela hogei urte baino gehiago hasi ginen egiten asteburu mikologikoa. Handituz joan da orduz geroztik, eta gero eta ekintza gehiago biltzen ditu».

Eskualdeko artisau garagardoen azokarekin hasiko da asteburua. Bihar, 18:00etan irekiko dituzte ateak, Ibarreta plazan. Gorlizko Tito Blas Brewing Co eta Urdulizko Etxeandia garagardotegia ekoizleek hartuko dute parte. 19:00etatik aurrera, sei zuritoren dastaketa egingo dute, zenbait gaztarekin. Gainera, Jamonosctruck janari furgonetan saltxitxa mota ezberdinak eta perretxiko gyozak eskainiko dituzte. Era berean, 19:00etatik aurrera, herriko bederatzi tabernatan, pintxo mikologikoen lehiaketa jokatuko dute. «Zapore paregabeko pintxo desberdinak dastatu ahal izango dituzte, jai giroan», egin du gonbita Goirik. Eguna borobiltzeko, The Golden Covers taldeak kontzertua joko du, 22:00etan.

Gaua ezingo da askorik luzatu, biharamunean Murgiarako (Araba) txangoa antolatu baitute. 07:30ean abiatuko dira. «Perretxiko espezieei buruz beren habitat naturalean gehiago ikasteko irteera aproposa da», esan du Goirik. Bien bitartean, Gorlizen, pintxo mikologikoen lehiaketak segida izango du, bi txandatan: 12:30etik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara.

Aurten ez dira soilik tabernak lehiatuko, kuadrillen arteko txapelketa ere jokatuko baita, Ibarretako karpan. Prestatutakoa elkarrekin bazkalduko dute han bertan, eta Garazi eta Martin trikitilari bikoteak girotuko du bazkalostea. 19:00etan kalejiran abiatuko dira kuadrillak.

Kuadrillek utzitako hutsunea Gastrolopithekusek hartuko du. Perretxikoak nola prestatu zuzenean erakutsiko du Enaitz Landaburu sukaldariak; baina ez dute sua askorik erabiliko; «perretxikoen esentzia ez galtzeko», gordinean prestatuko dituzte.

Iluntzean, 20:30etik aurrera, musika jaialdia antolatu dute. Kovertizo Clasic bertsio bandak joko du aurrena, eta DJ Kulenek emango die jarraipena.

Ginga, elkartasunak

Gorlizko 21. Jardunaldi Mikologikoekin hasiko da igandea, egun handia. Erakusketak eta mahai inguruak izango dira goiz osoan, «aniztasun mikologikoaz eta ingurumenaren kontserbazioaren garrantziaz kontzientziatzeko». Gainera, jardunaldiak helburu solidarioak izango ditu.

Urris elkarteak madalenak egiteko ikastaroa emango du 12:00etan, haurrentzat. Kinpule eskubaloi taldeak, herri komertzioekin batera, askotariko produktuekin osatutako saski bat osatu du, eta zozkatu egingo dute. Bi ekintza horiekin bildutako dirua ere Martinari eta haren familiari laguntzeko izango da.

Amaierarako utziko dituzte pintxorik onenaren eta mikologia arloko argazki lehiaketaren sari banaketak. Herritarrek botoa emateko aukera izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.