Elkartasunaren rallya

Patxi Godoy eta Eneko Portillo gasteiztarrek Mongol Rallyan parte hartu dute uda honetan. Elkartasuneko rally bat da; erabilitako autoaren truke lortzen duten dirua GKE batentzat da.

Gasteiztik Ulan Batorrera joan dira autoan Portillo eta Godoy. PATXI GODOY - ENEKO PORTILLO.
Maialen Unanue
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Gasteiztik Ulan Batorrera (Mongolia), 17.347 kilometro egin dituzte autoz Patxi Godoy eta Eneko Portillok. Mongol Rallyan parte hartu dute: uztailaren 22an abiatu ziren Gasteiztik, eta abuztuaren 28an iritsi ziren helmugara, Mongoliako hiriburu Ulan Batorrera.

Ez da ohiko rally bat: lehenengo iristen denak ez du saririk irabazten, eta, behin helmugara iritsita, bidaian erabilitako autoa han utzi behar dute parte hartzaileek. Han, helmugan, rallyan parte hartzen duten autoak enkantean ateratzen dira, eta diru hori autoaren lehenengo jabeek (rallyko parte hartzaileek) aukeratutako gobernuz kanpoko erakunde bati ematen diote. Godoy eta Portillok umezurtz etxe batekin lan egiten duen GKE ingeles bati eman diote dirua: «Guri esan digutenaren arabera, 2.000 euro inguru ordaindu zituzten gure autoarengatik, eta, horrez gain, 1.300 euro inguru gehiago eman genizkien».

Bi bide posible daude helmugara iristeko: bata azkarra, iparraldetik Errusia zeharkatuz egiten dena, eta bestea mantsoa, Godoy eta Portillok egin dutena. Hamaika herrialde igaro dituzte, Frantzia, Txekia, Serbia, Turkia, Iran, Turkmenistan, Kazakhstan eta Errusia, besteak beste. Hilabete eta aste bat behar izan dute ibilbide guztia egiteko, eta tarte horretan, arazoak ez dira gutxi izan. Astunena, Portilloren hitzetan, mugak pasatzea zen. «Batzuk besterik gabe zeharkatu genituen, baina beste batzuetan korapilatsuagoa izan zen: orduak eta orduak pasa izan ditugu. Auto guztia begiratu ziguten, paperak egiten ibili ginen, eta azkenean, ahal bazuten, diru pixka bat lortzen zuten», adierazi du.

Hainbeste kilometrotan zehar, matxuraren bat edo beste izan zuen autoak. Eskerrak Godoy eta Portillo autoen alorrean dabiltzan lanean: Godoy mekanikoa da, eta Portillo autoen pinturaz arduratzen da. Hala ere, autoarentzat ordezko piezak askotan bilatu behar izan zituzten, eta ez zen lan erraza izan. Guztira, zazpi matxura larri izan dituzte: lehenengoa, Kazakhstanen, eta gainontzekoak, Mongolian. «Azkenekoa itzulerako hegazkina hartu baino egun eta erdi lehenago izan genuen: alternadorearen uhala hautsi zitzaigun, eta Ulan Batorreraino atoian eraman gintuzten. Hurrengo goizean, hegazkina hartzeko ordu gutxi falta zirela, ordezko uhalaren bila aritu behar izan genuen», dio Portillok.

Nolanahi ere, Godoy eta Portillo helmugara iritsi ziren; beste asko bidean gelditzen dira, mugaren batean pasatu ezinik edota autoarekin arazoren bat suertatuta. Portilloren iritziz, «egunerokoa gozatzen saiatu behar duzu, agian hurrengo egunean buelta erdia eman eta etxera bueltatu behar baituzu».

Oro har, jaikitzeko momentutik oheratu arte gidatzen pasatzen zituzten orduak, baina autotik jaistean izaten zuten lekuaz gozatzeko aukerarik, batzuetan bederen. «Paisaiari dagokionez, Mongolia da, niretzat, ezagutu ditugun lekuen artetik ederrena. Bestalde, Iranen, atentzio deitu zidan jendearen adeitasunak: edozer galdetuta ere, laguntzeko prest agertzen ziren beti», adierazi du Portillok.

Ezohiko rallya

Hainbat pasadizo izan dituzte bidaian zehar, baina haietaz galdetuta, ez daki zein aukeratu: «Asko izan dira. Agian, bidaia bera izan da anekdota, oro har». Portilloren arabera, «esperientzia oso polita izan da», eta berriro ere egingo luke. «Dudarik gabe, baina nire ekonomia hobetzen denean beharko du izan», dio, barrez.

Autoek baldintza batzuk bete behar dituzte Mongol Rallyan parte hartzeko. Godoy eta Portillok erabilitako autoak 1.000 zentimetro kubiko baino gutxiagoko zilindro edukiera zuen —1.200 baino gutxiago izan behar ditu— eta bederatzi urte zituen —gehienez, hamar urteko autoak onartzen dituzte—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.