Ezarian. Felix-Baltistan Fundazioak 10 urte

Elkartasunaren mendiak

Hamar urte bete ditu Felix-Baltistan Fundazioak. Ibilbide horretan hainbat proiektu garatu ditu Pakistan iparraldeko Hushe eskualdea garatzen laguntzeko. Emakumearen egoera hobetzea dute erronka orain.

Emakume batzuk soroan lanean, atzean mendiak dituztela. FELIX-BALTISTAN FUNDAZIOA.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hamar urte dira mendia maite duen lagun talde batek Felix-Baltistan Fundazioa eratu zuenetik. Felix Iñurrategi mendizalea hil eta hurrengo urtean sortu zuten, haren omenez. Hamar urteko ibilbidean Fundazioak hainbat proiektu garatu ditu Pakistango Hushe haranean, eta, batez ere, Matxulu herrian. Karakorum mendikatean dago Matxulu, Baltistan eskualdean, eta hamalau zortzimilako mendietatik lau lekutzen dira inguru hartan. Mendiak igotzera joaten diren espedizioetako zama-eramaile lanaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza dute bizibide herritarrek.

Felix-Baltistan Fundazioaren lana Matxulu herrian hasi zen. 3.000 biztanle inguruko herria da, 3.000 metrotan dago. Handik haran osora zabaldu da elkartasun keinua. Hushe haraneko bizilagunen bizitza ez da erraza; klima gogorra dute, eta, orografia zailagatik, bakartuta bizi dira, herrialdearen gainerako lekuetatik aparte daudelako. Horretaz gain, oinarrizko arlo askotan gabezia handiak dituzte: hezkuntzan, osasunean, azpiegituretan eta genero-berdintasunean, esaterako. Hori guztia aintzat hartuta, Felix-Baltistan Fundazioa haraneko biztanleen garapena bultzatzeko proiektuak sustatzen hasi zen.

Fundazioak bost alorretan lan egiten du: azpiegiturak, nekazaritza, hezkuntza, osasuna eta generoa. Hamar urteotan hainbat proiektu jarri dituzte martxan. Atzera begira jarri, eta proiektu horietako bi azpimarratu ditu Txema Kamara Fundazioko koordinatzaileak: mendi eskola eta landak ureztatzeko ur-ponpaketa sistema. Mendi eskolak 70 ikasle izan zituen. Haraneko gizonak goi mendietan zama-eramaile lanak egiteko harkaitzetako eta izotzetako eskalada tekniketan trebatu zituzten. Eskolatik pasatakoek mendi garaietan zama eramaile izateko gaitasuna dutela dioen ziurtagiria eskuratu dute, eta horrek mendi haietara antolatzen diren espedizioetan lana errazago lortzea ahalbidetzen die.

Nekazaritzan hobekuntzak

Landak ureztatzeko Hushe ibaitik ura landetara garraiatzeko egitasmoa errealitate da aspaldian. Mendiko basamortu bat da harana, eta, lurra emankorra den arren, euririk apenas egiten duen udaberrian eta udan. Eta, noski, laboreak ez badira ureztatzen, ez dira hazten. Euri askorik egin ez arren, glaziar asko daude, eta Hushe ibaiak ur nahikoa darama. Horregatik, Hushe ibaitik ura ponpatzea erabaki zen. Ibaitik 250 metrora dagoen biltegi batera ponpatzen da ura. Hala, biltegitik, ubide zaharretan barrena, ura garraiatzen dute. «Lanok oso garrantzitsuak izan dira, nekazarien lana errazteaz gain, horrelako azpiegiturarik ez dagoelako Baltistanen. Garia ereiten dute batez ere, eta hura ureztatzeko ez dute apenas urik», argitu du Kamarak. Eurek eskatutako behar bat zen, eta zazpi urte darama martxan. Horretaz gain, barazkien produkzioa eta fruituen ekoizpena hobetzeko lanean ari dira hango nekazariekin. Berotegiak eraiki dituzte eta produktu ezberdinekin esperimentatzen hasiak dira, orain arte ereiten ez zen patatarekin, kasu. Fruituen ekoizpenari dagokionez, albertxikoa da nagusi haranean. Produkzioa hobetzeko eta merkaturatzeko lanean ari dira. Fruitua garbitu eta lehortzeko instalazioak jarri dituzte, neguan ere produktu hori jan dezaten, eta hazietatik olioa ateratzeko prentsak ere jarriko dituzte.

Emakumea, ezinbestekoa

Husheko biztanleen garapena bultzatzeko hainbat egitasmo gauzatu ditu Fundazioak, baina urteotan ohartu da emakumearen egoera hobetzeak lan berezia eskatzen duela. Hori ahalbidetzeko, emakumeari lotutako proiektuak lantzen hasi dira. «Fundazioak ulertu du biztanleen %50 emakumeak direla baina haiekin ez ginela deus egiten ari», azpimarratu du Kamarak. Horretarako, Felix-Baltistan Fundazioak Matxulun sortutakoarekin, Felix Iñurrategi Foundation Baltistan Machulu (FIFBM), elkarlan estuan ari da. 2007an Vocational Centre for Women egitasmoa sortu zuten. Hango bi emakume dira erakundeko arduradunak: Kaniz Fatima, FIFBMko koordinatzailea, eta Razia Mehdi gizarte ekintzailea. Ordutik 370 emakumek hainbat gaitan trebakuntza jaso dute eta ohartzen hasiak dira aldaketaren parte direla.

Ikastaro ugaritan hainbat gai landu dituzte: nola josi eta bordatuak egin, albertxikoen lehorketa prozesua, marmelada edo picke zukua nola egin edota azafraia. Ikastaro horiei esker, dituzten beharrak eta interesak elkar trukatzeko toki bat dute. Gainera, garbitasuna, osasuna eta elikadura hobetzeko tailerrak ere egin dituzte emakumeekin. Hiru gabezia horiengatik emakume frankok bizia galtzen baitu erditu eta gero. Ikastaroetan, garbitasunak eta elikadurak osasunean duten garrantziaz ohartarazi diete.

Haraneko hainbat komunitatetan emakumeek lan karga handia dute, familiaren ardura eta nekazaritza lanak beren gain daudelako. Halere garapenerako bidean parte hartze handia izan nahi dute. Orain arte ez bezala, komunitateak egiten dituen bileretan parte hartzen hasi dira, eta gizonen aurrean dituzten premiak azaltzen. Aldaketak gutxika egiten ari badira ere, garapenak ez duela atzera bueltarik uste du Kamarak. «Belaunaldi gazteak aldatzen ari dira mundua aldatzen ari delako, eta ez soilik gu hor gaudelako eurekin lanean. Gazteak gauzak aldatzeko gogoa dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.