Atzekoz aurrera

Elkartasuna koloreztatzen

Sahararrak errefuxiatuta dauden kanpalekuetara elikagaiak eramango dituzten kamioiak pintatzen ari dira egunotan. Grafitilariek kolorez bete dituzte karabanako kamioien atoiak.

Grafitilariak eta antolatzaileak, atzo, kamioia pintatu ostean, Donostian. BERRIA
Grafitilariak eta antolatzaileak, atzo, kamioia pintatu ostean, Donostian. BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Gorria, beltza eta berdea... Mendebaldeko Saharako banderaren koloreak aukeratu dituzte Gaizkak, Gurutzek eta Markelek. Kamioaren atoi zuriarekin osatu dute laugarren kolorea. Letrekin eta marrazkiekin eman diote forma ikurrari. Maitasuna eta itxaropena hitzak larriz pintatu dituzte. «Saharako kausarekin gure aletxoa jartzeko modua da. Donostiako elkarteak egiten duen lana oso inportantea da, eta ekimen honen bidez errefuxiatuta bizi diren sahararren egoera ezagutzeko aukera dugu». Grafitilariek elkartasuna koloreztatzen eman dute eguna.

Tip da horietako baten izen artistikoa. Dioenez beti idazten dute euskaraz. «Iaz mezu bera hiru hizkuntzetan margotu genuen: Sahara Aske, Sahara Libre eta Sahara Free». Atzealdean ikurrina margotzeko asmoa dute. Kaleko Izarra izenarekin sinatzen ditu bere obrak beste batek. Haren hitzetan, proiektua oso polita da. Aljeriako kanpalekuetaraino bidaiatuko dute marrazkiek aurki.

MENDEBALDEKO SAHARA - EUSKAL HERRIKO KARABANA
Grafitilariek iaz margotutako kamioietako bat. Donostiatik atera zen iaz karabana. GORKA RUBIO / FOKU

Sahararen Aldeko Euskal XXIV. Karabana martxoan aterako da. Hainbat hiri eta herritan egunotan ari dira errefuxiatu sahararrentzat elikagaiak biltzen. Orain bigarren eskuko kamioak polit jartzeko garaia da. Dbus da oinarrizko kanpamentua. Aurten Durangotik aterako dira kamioiak, lau orotara, ehun bat tona arroz, pasta, azukre, olio eta lekaleekin. Rafa Albistur izango da gidarietako bat. «Alacanteraino (Herrialde Katalanak) eramaten ditugu guk. Bi eguneko bidaia izaten da. Mekanikoak ere etortzen dira, eta bidean gau bat lo egin ostean, hango portuan uzten ditugu. Oranen porturatzen dira berriz, eta handik kanpalekuetara sahararrek beraiek eramaten dituzte». 

Premia larria

Tindufeko kanpalekuetan premia larria da. Udazkenean 50 urte egingo ditu sahararrak han errefuxiatuta bizi direla. Maite Berzosak argi du gatazka politikoa dela eta konponbideak «ezinbestean» politikoa izan behar duela, baina bitartean elkartasuna «behar-beharrezkoa» dela dio: «Donostian 12.000 kilo jaso ditugu aurten, baina nahiago genuke horrelako zerbait egin behar ez izatea. Urtero esaten dugu, ‘ia azkena den’, baina zoritzarrez sahararrek askatasunaren zain jarraitzen dute». Donostiako Saharako Lagunen Elkarteko kidea da Berzosa. Maiz izan da kanpalekuetan, elkarteak dituen proiektuak ikuskatzen, baina ez ditu lurralde okupatuetan bizi diren sahararrak ahaztu nahi izan: «Mendebaldeko Sahara oso lurralde aberatsa da, eta hori da gakoa. Marokok bere azpikojokoekin jarraitzen du lurraldera gero eta kolono gehiago bidaltzen».

SAHARAKO ERREFUXIATUEN KANPALEKUETARA JOANGO DIREN KAMIOIAK
Javier Martinez, Maite Berzosa eta Rafa Albistur, atzo. Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Sortwo eta Remak kamioiaren beste aldea margotzen ari dira. Urdina eta horia erabiltzen ari dira grafitilariak erretratu bat egiteko. Anekdota polita kontatu dute: «Iaz karabana atera zenean, lagun batek guk margotutako kamioiaren argazkia bidali zigun ordainleku batetik. Ederra izan zen». 

Maialen Arozena margolaria artisten obra ikustera gerturatu da. Lekukoa hartu, eta datorren larunbatean beste kamioi bat apainduko du berak: «Javier Rodriguezek eta biok marraztuko dugu. Sahara Free Now idatziko dugu, eta alboan, bi emakume saharar koloretako melhfa jantzita». Elkartasun ekintza hau babesteko modu propioa aurkitu dute artistek. «Laguntza emateko modu bat da, baina guk trukean asko jasotzen dugu, esaterako herri hau ezagutzea. Gure esku dagoena egiten dugu, gure alorretik». Hara joan eta kamioiak bertatik bertara ikusteko gogoz dago Arozena: «Mugimenduan».

Grafitilariak, atzo, Dbusen egoitzan, Donostian. GORKA RUBIO
Grafitilariak, atzo, Dbusen egoitzan, Donostian. GORKA RUBIO
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.