Elkartasuna elikagai

Euskal presoen senideen aldeko herri bazkari jendetsua egin dute Euskalgunean; eguzkipean, mila lagun inguru bildu dira bazkaltzera, eta jai giroan aldarrikatu dituzte presoen eskubideak

Jendetza bildu zen atzo Euskalgunean, euskal presoen senideekiko elkartasun bazkarian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Eguzkia gogor jotzen zuen Euskalgunean atzo, bazkalorduan; beroak, ordea, ez zituen izutu hara bildutako mila lagunak, eta euskal presoen senideei eta lagunei elkartasuna adierazi zieten, herri bazkari jendetsu baten bidez. 15:00ak aldera ekin zioten bazkaltzeari: pasta entsalada, sukalkia eta izozkia menuan, eta hamaika boluntariok jarritako lan gogorra. Elkartasuna nagusitu zen Bilboko itsasadarraren alboan, eta Txoribarrote eta Satorrak txosnen arteko gunea mahaiz eta jendez bete zen. Jai giroan, gogoan izan zituzten oraindik atxilo dauden euskal presoak, eta haien senideak eta lagunak. Aste Nagusian Euskalgunean izaten den ekitaldi jendetsuenetarikoa izan ohi da bazkaria, eta hala gertatu zen atzo berriz ere. 1.100 tiket jarri zituzten salgai, eta gehien-gehienak saldu zituzten. Bizkaiko txoko ugaritatik etorritako lagunek bete zituzten mahaiak.

«Familien omenez egiten da bazkaria urtero. Ateratzen den dirua familiei laguntzeko da. Aspaldian catering baten bidez egiten zen, baina ez zen dirurik ateratzen. Jendearen konpromisoarekin egiten da bazkaria», nabarmendu du Txemi Asasek. Sukaldean zen atzo Asas, beste 30 boluntariorekin batera. Beste horrenbeste ziren janaria zerbitzatzen ibili zirenak, eta hamar pertsona baino gehiago aritu ziren garbiketa lanetan. Horiez gain, Txoribarrote konpartsako beste hamaika kide ere aritu ziren laguntzen.

Musikarekin girotu zuten bazkalostea; eta, barikuro bezala, Euskal Herritik kanpo preso diren senideak eta lagunak bisitatzera joan ziren haietako asko. Hala, txosnagunea itxi eta haiekin egin zuten bidea lagun ugarik, eta Sabin etxearen ingurura joan ziren presoen senideak agurtzera, handik irteten baita euskal presoen senideak eta lagunak Andaluziara (Espainia) eramaten dituen furgoneta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.