Maritxu Lopepe

«'Elkartasuna' edo 'aberastasun soziala' ez dira modako hitzak»

ELB laborantza sindikatuan lan egiten du, eta erredaktorea da sindikatuko 'Laborari' aldizkarian. Sei urtez 'Euskal Herriko Kazeta'-n ere lan egin zuen, kazetaritzan sakonduz. Laborantzan aditua da, eta ez du baztertzen egun batez laborari izatea.

Joanes Etxebarria.
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ainhize-Monjolosen du laneko egoitza Maritxu Lopepek (Uharte Garazi, 1975). ELB sindikatuan eta Laborari sindikatuaren aldizkarian lan egiten du. Laborantzako militantziak eraman zuen kazetaritzara. Sei urtez Euskal Herriko Kazeta-n lan egin ondoan, sindikatura itzuli zen.

Hiru anai-arreba zarete, hirurak militante. Gisa horretan heziak izan zineten?

Batere ez! Ez dut esplikatzen nik ere. Aita-amak ez dira sekula izan agerian ziren militanteak. Ezkertiarrak; ELBko kide aspalditik; iniziatiba alternatiboak izan direlarik, beti barne izan dira, baina sekula ez lehen lerroan. Beti interesatu gara politikari eta holako gauzei, baina ez dakit inplikatzeko gutizia hori nondik heldu den zuzen...

Euskal Herriko Kazeta-n ari izan zinen kazetari; orain, Laborari aldizkarian.

Kazeta-n hasi baino lehen Laborari-n hasi nintzen. Jadanik maite nuen lan hori, baina, gainera, Laborari aldizkariarekin formakuntza eskaini zidaten. Hor hasi nintzen ofizioan. Gero, Kazeta-ra pasatu nintzen; aldaketa handiena hor izan zen, profesionalagoa baitzen, denbora osoko lana zen, eta gai guztiak lantzen ziren, ez bakarrik nik menperatzen nituenak, laborantzakoak.

Orain ez duzu, laborantzaz gain, beste gaiak lantzeko aukeraren falta sumatzen?

Kazeta borroka handi bat izan zen. Parean bagenuen, halere, Sud Ouest egunkariaren monopolioa eta indarra... Desafio handia zen. Inplikazio handia galdegiten zuen proiektuak, ez baitzen ahal handirik. Laborari-ra berriz pasatzea, bizi-kalitatean bazen hobetze bat, indar gutxixeago galdegiten zuen. Lan aldetik, desberdina izan da, baina konpentsatua zen.

Laborari aldizkariaz gain, ELB sindikatuan Komunikazio arduradun ari zara. Nola ikusten da prentsa beste aldetik?

Egia da hastapenean pixka bat jeinatua nintzela, zeren arrunt kazetari lanetan ari nintzelarik Komunikazio arduradun horiek ez genituen biziki maite. Hor dira kasik agintzeko kazetariari zer egin behar duen edo zer erran behar duen. Iduri zait pixka bat hola ikusten nautela. Baina xantza da, halere, hemen ari diren kazetari gehienak ezagutzen ditudala ene aitzineko ofizioari esker; beraz, bada halako hurbiltasun bat.

ELB sindikatuaz, kontrakoek, FDSEA sindikatukoek, diote beti kexu zaretela...

Hori kenduta, FDSEAk gauza gutxi du errateko ene iduriko. FDSEA da boterean, eta gu, nahiz ari garen lurraldean gauzak egiten, botereari buruz oposizioa gara. Orduan, bakoitza bere rolean da. Egia da FDSEAren ekintzei buruz mintzo garelarik kritikoak garela, baina ahanzten dute erratea 30 urtez terrenoan zer egin dugun, zenbat tresna sortu ditugun. Tresnak eman ditugu, laborarien laguntzeko irauten eta bizitzen; izan ere, duela 20 urte menturaz erdiak kondenatuak izaten ahal ziren, politika orokorra aplikatzen bazen hemen beste lekuetan bezala.

Paueko Laborantza Ganberan zenituzten aulkiak ez okupatzea, beharbada, zailago da esplikatzen...

Zailago da, menturaz, sei hilabete edo urte bat gibelera so egiten bada. Historia segitzen baldin bada pixka bat, ELBk bere aulkiak okupatu ditu kasik 20 urtez, 2001 arte. 18 urtez ari izan da han, kontrako giro batean, ari izan da defenditzen hemengo laborantza, mendia, hazkuntza... Han izatea 40 pertsonaren kontra, mespretxatua izanik 20 urtez, halere, nahikaria izan da.

Laborantza beti hainbat krisiri loturik aipatzen da. Halere, izan behar dira baikor izateko arrazoiak...

Bistan dena, zaude, xerkatzen dut...Bagaude logika kapitalista batean, sosaren arabera bizi gara eta elkartasuna edo aberastasun soziala ez dira baitezpada modako hitzak. Badakigu nola egin hori ez dadin horrela gerta, eta hori da penagarriena: badakigula eta, halere, oker abian garela, paretaren kontra, gogoetatu gabe.

Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeak iragan berri dira. Zein titulu idatzi nahi zenuen Laborari-n?

Zein titulu? Ez dakit... Menturaz, kontent izanen ginen laborari gehiagok dudan eman balute oraingo politika. Anitzek ez dute bozkatu ere, ene iduriko ez dute sinesten politika orokorrean, eta beren etxalde mailan xerkatzen dituzte aterabideak. Beharbada, ez dute indarrik ere errateko oraingo politikak gaituela horra ekarri eta horren kontra egiten dugula. Menturaz, guk ere ez dugu aski gure proiektua eta aldatzeko ahal hori aitzina ematen, baina bazterrak tinko dira... Gainetik den sistemak ere blokeatzen gaitu zinezko aldaketak egiteko.

Laborantzari hainbeste lotua zarenez, etxalde batean aritzea ere sar daiteke zure planetan.

Bizia ez da fini. Lanpostu honetatik pasatu direnen ondoko urratsa, usu, instalatzea izan da; nik ez dut jokoz kanpo ematen gertatuko dela. Etxalde batean sortua naiz, eta laborantzan ari izana naiz. Ondoko urteetan ikusiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.