Bilboko Aste Nagusia

Elkartasun uholdea

Atzo berrogei urte bete ziren uholdeek Bilbo suntsitu zutenetik. Egun horietan bizitakoa oroitzeko, Bilboko konpartsek ekitaldi bat egin zuten Plaza Barrian.

4. Festa, suntsituta. Festako apaingarri batzuk lokaztuta, Plaza Barriko sarreretako batean. ANGEL ALONSO / BILBOKO EUSKAL MUSEOKO BILDUMA.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bilbotar gehienek buruan iltzatuta dute 1983ko abuztuaren 26a. Euri jasak uholdeak eragin zituen, eta, besteak beste, Bilboko ibaiak gainezka egin zuen. Aste Nagusi betean zegoen Bizkaiko hiriburua, eta hiria suntsituta geratu zen. Zorigaiztoko gertaera hark, baina, ikasgai bat utzi zuen: Bilboko Konpartsetako kideen elkartasuna eta auzolana beharrezkoak izan ziren egoerari aurre egiteko. Zehazki, atzo bete ziren berrogei urte egun hartatik, eta efemeride biribila baliatuz, oroimen ekitaldia egin zuten Bilboko Plaza Barrian. Maite Asensio BERRIAko kazetariak gidatu zuen saioa, eta lekukoei aitortza egitea izan zen asmoa: «Neurri batean, dena aldatu zuen gertaera hark».

Mundu zabalean «oso garai liskartsua» izan zela oroitu du Asensiok: «Gatazka sozial eta politikoak ziren nonahi: gerrak, inbasioak, Iran-Irak...». Eta Euskal Herrian ere egon zen zer kontatua: «Korrikak Baionatik Bilborako bidea egin zuen, Joan Mari Torrealdaik Artaziak liburua argitaratu zuen euskal liburuei egindako zentsura salatzeko, eta Athleticek liga irabazi zuen». Besteak beste, urte hartan argitaratu zuen Ruper Ordorikak Ni ez naiz Noruegako errege diskoa. «Gaur gurekin egotekoa zen Ruper, baina, bizitzaren bihurrikeriak tarteko, ezin izan da etorri. Besarkada handi bat helarazi nahi diogu une gogor hauetan», adierazi du Asensiok. Ikusleek berehala erantzun dute txalo zaparrada bero batekin, Jonan Ordorika soinu teknikaria gogoan.

Halaber, «birmoldaketa sakon baten atarian» zegoen Bilbo 1983. urtean. Industria hiri izateari utzi, eta biziberritze prozesu batean murgildu zen. Eraldaketa prozesu hori izan dute kantugai Maite Sarasola eta Haizea Telleria bertsolariek. Era berean, sasoi hartan antzematen zen aldaketarako gogoa belaunaldi gazteenen artean ere, Asensioren hitzetan: «Belaunaldi gazteak antolatzen hasi ziren ehunka eragile eta mugimendutan. Aste Nagusia horren isla izan zen: aldaketa gogoa borborka zegoen gure hirian».

Musikan ere sumatzen zen aldaketarako grina hori: Vulpes eta Eskorbuto taldeak sortu ziren, besteak beste. Ekitaldian parte hartu dute taldekide horietako batzuek, Bizkaiko Saguak taldearen eskutik. Mamen Rodrigo abeslariak oholtza gainera igo bezain laster jarri ditu kantuan ikusleak. Desde Santurce a Bilbao kanta ezaguna abesten hasi, eta segidan erantzun du ikusleriak, a cappella. Txalo eta txistu artean agurtu dute taldea.

Elkartasuna, funtsezko

1983ko abuztuaren 26ko arratsean gertatu zen ezbeharra: «Hodei grisek urez bete zituzten Bilbo eta inguruko hainbat herri, eta, noski, gure Aste Nagusia ere urak eraman zuen». Hertzainak taldeak kontzertua izan zuen bezperan Bilbon. Eta, hain zuzen, Josu Zabala taldekidea izan da agertokira igotzen hurrengoa, Unai Iturriagak, Igor Elortzak eta Rafa Ruedak lagunduta. Aldarrikapenerako tartea hartu dute lau artistek; uholdeez gain, «bestelako ur lohiago eta desastre handiagoak» izan direla nabarmendu dute Bilboko urak ekitaldirako beren-beregi sortutako kantuan.

Zehazki, Laudion (Bizkaia) egin zuen gainezka Nerbioi ibaiak lehendabizi, eta haren ondotik iritsi zen «zorigaiztoko ura» Bilbora. «Euskal Herriaren historian izan den hondamendi natural suntsigarriena izan zen», oroitu du Asensiok. Berrogei lagun inguru hil ziren itota, baina, bereziki, Madriles izan du gogoan Mikel Martinez aktoreak —Zazpikaleetan hil zen—: «Oso pertsona berezia zen Madriles, oso ezaguna eta oso maitatua auzoan. Etxegabea zen, baina ez eskalea, ez zuen dirurik eskatzen». Harentzako hitz batzuekin amaitu du soslaia aktoreak: «Madriles, hil zinenean malko batzuk lapurtu zenizkigun, kabroi halakoa. Berrogei urte igaro dira ordutik, baina gogoan zaitugu oraindik».

Hondamendiak hondamendi, helburu bakarra zuten herritar guztiek: uraren arrastoak kaleetatik atera eta egunerokora itzultzea. Herritarrek erakutsitako elkartasuna azpimarratu du Asensiok: «Uholdeak ez zuen apar artean eraman Marijaiak landatutako talde sentipenaren hazia. Aitzitik, sendotu egin zuen». Hainbat egunez aritu ziren lanean herritarrak, gau eta egun. Orduan bizitako egoera irudikatzeko, Sudurkeriak antzerki taldeko kideek umorez landu dute gaia.

Lekukoentzako omenaldia

Oroimen ekitaldiari amaiera emate aldera, garai hartan lanean ibilitako zenbait lekuko igo dira Plaza Barriko agertokira. Boluntario horiei guztiei egin diete aitortza, baina ekitaldiak bestelako helburu bat ere baduela gogorarazi du Asensiok: «Berotze globalaren norabideak ez du itxura onik; zientzialarien arabera, ugaritzen ari dira eta ugaritu egingo dira muturreko klima gertaerak. Ezin dugu baztertu Bilbo berriro ere urak hartzeko arriskua. Nola jokatuko lukete bilbotarrek?». Aurrerantzean ere, elkartzeko deia egin du kazetariak: «Etorkizunean ere ez dadila galdu elkarlan eredu hau. Elkarrekin arituz, dena dugu posible!».

Bilboko Konpartsetako kideek agurra dantzatu diete lekuko horiei guztiei, eta elkarrekin topa eginez, libre utzi dute eszenatokia Doctor Deseo taldeko Francis Diez abeslariarentzat. Corazón de tango abesti ezagunaren lehen doinuak entzun orduko, kantuan eta jendea dantzan jarri du musikariak.

Eskerrak emanez amaitu du ekitaldia Asensiok: «Gora elkartasuna, eta gora Aste Nagusia!». Bozgorailuetatik Badator Marijaia abestia hasi da jarraian, eta festa giroan amaitu dute omenaldia. Plaza Barrian ez dute etxera joateko asmorik: kalejira bat osatu dute, eta hara eta hona dabiltza guztiak, eskutik oratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.