Elkarrizketatzaile trebeenak

BERRIA Ikasgela sariketaren lehen aldiak arrakasta itzela izan du: orotara, laurogei lan jaso dituzte. Andoaingo (Gipuzkoa) Leizaran BHI institutuko DBH 1eko ikasleak izan dira saridunak.

Andoaingo Leitzaran BHI Institutuko ikasleak, hererengun. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Andoain
2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Astronomo bati eta arkeologo bati elkarrizketa egitea zen ikasgelaren erronka. Leire Sanchezek, Olaia Garciak eta Nidal Akrik argi izan zuten zein zen titulua: «Zeruari begira izarrak baino gehiago ikusten dira». Virginia Garcia Aranzadiko astronomoak adi-adi erantzun zituen ikasleen zazpi galderak. «Zer da zeruan ikusi duzun gauzarik harrigarriena?». Horixe zen galderetako bat, eta zientzialariak kontatu zien, behin, txakurra paseatzen ari zela, «bolido bat» ikusi zuela. «Bolido bat izar handi bat da. Whatsapp talde batean partekatu nuen argazkia, eta beste astronomo batek, une berean, bolido bera ikusi zuen: ‘Hartz handitik Kasiopeara?’, galdetu zidan». Garciak ez du ahaztu suzko bola hura ikusi zuenekoa, —«oso une polita izan zen»—, eta ikasleek pasadizo horrekin amaitu zuten elkarrizketa. 

Hirurak bat datoz elkarrizketa prestatzeko lan asko egin behar izan zutela aurretik eta ondoren. «Galderak prestatu egin behar dira, eta, ondoren, erantzunak transkribatu eta titulua aukeratu». Leire Sanchezen hitzetan, titulua «bat-batean» etorri zitzaien: «Ez genuen zalantzarik izan».

Elkarrizketatzaile trebe horiek irabazi dute BERRIA Ikasgela sariketa. Berez, Andoaingo (Gipuzkoa) Leizaran BHI institutuko DBH 1eko D eta E gela osoak izan dira irabazleak, lehen urte honetan aurkeztu dituzten laurogei lanen artean egindako zozketa irabazi baitute. Ostiralean izan zuten sariaren berri, eta pozarren daude. 

Manu Zeberio Aranzadiko arkeologoa eta kartografoa da elkarrizketatu zuten beste ikerlaria. Aranzadira egindako txangoak arrastoa utzi die: «Hezurrak, aztarnak, teleskopioak, mapak... Denetarik ikusi genuen». Ez zuten ezagutzen zientzia elkartearen egoitza, eta bertako zientzialariek «sekulako lana» egiten dutela diote. Eneko Lopez irakasleak dio esperientzia oso positiboa izan dela: «Bi aditu hauekin egoteko aukera ederra izan da. Ikasleentzat hau guztia berria izan da, eta kazetari onak direla esango nuke». 

Kariñe Errazkin bat dator. «Aurreko lauhilekoan egin beharreko lanetako bat zen elkarrizketa testua lantzea», azaldu du irakasleak. «Historia ikasgaiaren edukiekin lotu genuen jarduera, eta horren harira egin genuen bisita Aranzadira». 

Inge Barrerosek, Ane Fernandezek eta Santi Murillok ere elkarrizketa kazetaritzaren generoetako bat dela ikasi dute. Oraingoz ez zaie kazetari izateko grina piztu, baina auskalo. Ikasgelaren egitasmoak, zalantzarik gabe, hazi bat ernatu du ikasleengan.

Harrera oso ona

Ainhoa Oiartzabal Ikasgelako koordinatzailea opariaren berri ematera joan zen ikastetxera herenegun. Urruñako (Lapurdi) Wow parkera joango dira bi gelak, ekain amaieran, orain azterketa garaian baitaude. Irrikaz daude. Ostiralean izan zuten sariaren berri, eta parkearen webgunean kuxkuxeatzen aritu dira jada. Ez zekiten, ordea, beren lan batzuk bihartik aurrera ikusgai egongo direla BERRIAn. Ikasgela atalean zintzilikatuko dituzte. 

BERRIAKO IKASGELA SARIKETA - ANDOAINGO LEITZARAN INSTITUTUKO IKASLEAK
Ainhoa Oiartzabal Ikasgelako koordinatzailea, ikasleei saria ematen, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Oiartzabal oso pozik dago sariketak lehen aldian izan duen harrerarekin: «Euskal Herriko hamar ikastetxetako lanak jaso ditugu, 12 urtetik 18 urtera arteko ikasleenak. Asko inplikatu dira. Hiriburuetako eta herri txikietako ikastetxeek aurkeztu dituzte lanak». Aktualitateko gaiak landu dituzte ikasleek, ertz batetik baino gehiagotatik kontatuak. Formatuak ere askotarikoak izan dira: kantuak, ipuinak, kronikak, elkarrizketak, bideoak, podcastak... «Sormen lan oparoak dira, gazteen begiradatik eta lekukotasunetik, eta hori da proiektuaren filosofia, kazetaritza tresnak erabiltzea ikasteko garaian. Komunikazioa oso eraginkorra da ikasteko».

BERRIA Ikasgela 2021eko udazkenean jaio zen. Egunkarian ondorioztatu zuten irakasleek eta ikasleek askotan erabiltzen dituztela artikuluak eta edukiak, eta material hori modu txukun batean jasotzea erabaki zuten. Oiartzabalek argi du egindako apustua zuzena izan zela: «Egunero jartzen dugu eduki berriren bat. Informazioa sailkatuta dago, eduki guztiak ikasgaika antolatuta daude, eta hainbat kontzeptu teknikoren azalpenak gehitzen ditugu. Saiatzen gara gurea bezalako komunikabideek kontatzen dituzten gertaerak testuinguruan kokatzen. Orain 619 eduki ditugu, eta astero mila irakasle inguruk jasotzen dute buletina». Buletinaren bidez, azken astean webgunean ikusgai jarritako edukiak zabaltzen dituzte. 

Sariketaren ideiaren berri urtarrilean eman zieten ikastetxeei, eta erantzuna «ederra» izan da. Andoaingo Leitzaran BHI ikastetxeak ez ezik, beste bederatzi eskolatako ikasleek ere hartu dute parte egitasmoan: Urretxu-Zumarraga ikastolak (Gipuzkoa), Errenteriako Orereta ikastolak (Gipuzkoa), Donostiako Zurriola ikastolak, Hondarribiko Talaia BHIk (Gipuzkoa), Azkoitiko BHIk (Gipuzkoa), Ordiziako Oianguren BHIk (Gipuzkoa), Bilboko Solokoetxe BHIk, Sopelako Ander Deuna ikastolak (Bizkaia), eta Garraldako ikastetxeko (Nafarroa) ikasleek, hain zuzen ere. Denen lanak jarriko dituzte ikusgai atarian, atal berezi batean eta tematikoki elkartuta.

Oiartzabalen hitzetan, kalitate oneko lanak jaso dituzte: «Lan interesgarri asko daude, elikadura ohiturez, sare sozialen erabileraz edota energia beharrez, baina sormen lanak ere nabarmenduko nituzke. Bernardo Atxagaren Ipuin bat bost minutuan izkribatzeko testua abiapuntu hartuta, bi ipuin sortu dituzte, Gorka Urbizuren Hasiera bat diskoko bi abestiren bertsioak egin dituzte, eta Joseba Sarrionandiaren Kolosala izango da liburua abiapuntu hartuta kantu original bat ere grabatu dute.

Emakume ikusezinak

BERRIA Ikasgela egitasmoak etenik gabeko bilakaera izan du. Webgunea martxan jarri ostean, ikastetxeetan kazetaritzari buruzko tailerrak emateko urratsa egin zuten. Bigarren Hezkuntzako ikasleei kazetaritzaren oinarrizko kontzeptuak azaltzeko saio teoriko-praktikoak egiten dituzte, eta ikasleek eurek eginiko lanek toki bat dute dagoeneko atarian. Azken pausoa lehiaketa egitea izan da.

Leitzarango BHI institutuko ikasleek, orotara, hamazazpi lan aurkeztu dituzte sariketara, eta tartean historian ikusezinak izan diren emakumeei erreparatu diete. Irati Zubieta irakasleak normalizaioaren alorrean egiten duten lanaren barnean kokatu du parte hartzea: «Ikasgelako edukiak asko erabiltzen ditugu, eta sariketarena ikusi genuenean ez genuen zalantzarik izan. Zentzua izan du, eta atzean ikasketa handia dago».

DBH 2 eta 3ko ikasleek bi liburu oinarri hartuta egin zuten euren lana. Errebelde 50 bider eta Cira Cresporen Baginen liburuak irakurri zituzten ikasleek, eta, euskal emakume esanguratsu bana aukeratu ostean, bideo batean azaldu zituzten euren historiak. Srin Hauak eta Layan Koudyk klandestinitatean euskara irakasten aritu ziren emakumeak aukeratu zituzten: Julene Azpeitia, Elvira Zipitria... Hadi Abdulek, berriz, iparraldera espartinak egitera joandako emakumeez aritu zen: «Antzinako lanbideen inguruko lana egin dugu, galzorian dauden lanbideak aukeratuz. Enarak, adibidez, negua heltzear zenean joaten ziren iparraldera...». Sabrine Outajarrek zehaztu du oso ibilbide luzea egiten zutela eta emakume batzuk zeharkaldian hil zirela. Ariane Navaridasek, berriz, sorginei buruzko bideoa egin zuen: «Inkisizioa zer izan zen azaldu genuen, eta nola salatu zituzten eta erre». Badira gaur egungo emakumezko bertsolariak, musikariak, idazleak eta kirolariak aukeratu dituzten ikasleak ere.

Urretxu-Zumarraga ikastolako DBH 2ko ikasgelan ere emakumeen protagonismoari buruzko gogoetak egin dituzte. Eta Hondarribikoek poxpologileen lana hartu dute ardatz. Denak bat datoz ahaztuak izan direla. «Historian gizonak ezagutzen dira gehien, baina emakumeek lan asko egin dute, eta horiek ezagutzea sekulakoa izan da», azaldu du Mara da Cruzek.

Kazetari izan nahi duela dio, eta trebetasunik ez zaio falta. «Beti esan izan didate balio dudala, ez bainaiz isiltzen». Orain, hirugarren ebaluaziorako, albiste bat egin behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.