Noiz sortu zen La Jarana peña? Peñakideek ere ez dakite zer erantzun. Baina ez zaie axola. Historia urteroko sanferminetan Iruñeko Alde Zaharrean egiten dela argi dute. Elkartasuna da peña honen abizena, eta elkarrekin eta nahasian haien leloa. Berezia da La Jarana peñako kideen janzkera: zapia eta gerrikoa urdinak dira, eta blusa urdin koadroduna. Iruñeko antzineko banderaren kolorea omen zen.
Peñaren sorreraren inguruan hainbat teoria daude. Dena dela, badakite XX. mendeko lehenengo urteetan sortu zela. Urte bat jartzearren, 1940 aipatzen du La Jarana peñak. Nondik sortu zen? Beste hainbat teoria: El Huevo peñatik —zapi horia zeraman— sortu zela diote batzuek; eta 1931n, La Jaranak Turan agurtzen du zioen pankarta bat bazela diote beste batzuek. Duela gutxi, peñakide batek 1940ko gobernadore zibilaren dokumentu bat aurkitu zuen, eta, bertan, peñaren «jarduna berriz hasteko» baimena ematen zen. Beraz, aurretik La Jarana peña existitzen zela egiaztatu dute.
Elkartasuna eta pluraltasuna, La Jarana peña deskribatzeko hitzak dira. Elkarteak ateak irekiak ditu, eta, peñakideek adierazi dutenez, mundu osoan lagunak egitea gustatzen zaie. Argentinan ere ba omen dituzte jarraitzaileak. Auzolanean lan egiten dute, eta erabakiak batzarren bidez hartzen dituzte. La Jarana berezia dela esaten dute bertako kideek. «Peñakide txikiak baino umeagoa izatea, hori da jaranuz izatea». Peñakide txikiak haurrak dira, eta horiek jaranuz izaten ikasten dute, sanfermin propioak ospatzen dituzte eta.
Hiru lokal izan dituzte: San Fermin kalean lehenengo, Estafeta kalean gero, eta, 1982tik, Jarauta kalean. Hirurak sanferminetako erdigunean. Jarautakoa XIV. mendeko kripta bat da; Alde Zaharreko liburutegia izan zen. Peña bat baino gehiago ere bada. El Bombo saria antolatzen dute, Entzierroko lasterketa egiten dute...
Sanferminak Iruñean. Proposamenak. Peña bat dut bihotzean.La Jarana
Elkarrekin eta nahasian
La Jarana peña berezia da. Peñakideek 'jaranuz' izendatzen dute euren burua. Ezberdina eta berezia da haien janzkera: urdina da nagusi zapian, gerrikoan eta blusa koadrodunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu