Itzuli da Euskal Encounter. Baina ez betikoa, inondik inora ere. Giroa ezohikoa da, deserosoa. Egoera berezia da, eta sartu bezain laster nabaritzen da hori.
Inoiz baino jende gutxiago dago aurten Euskal Encounterren. Eta ez da sarrerarik saldu ez dutelako, baizik eta BECeko (Barakaldo, Bizkaia) 5. pabiloiaren edukiera inoizko txikiena delako. Pandemiak eten egin du azken urteetako parte hartzaile kopuruaren goranzko joera.
Aurten ez dago jende pilaketarik sarreran: parte hartzaileak apurka-apurka ari dira sartzen, gogo handiz, baina tentuz. Gehiengoarentzat ez da lehenengo aldia Euskal Encounterren, baina egoera berria da denentzat.
Jende ugari ez badago ere, badirudi daudenak eroso daudela. Oinarrizkoa da bakoitzak bere ordenagailua eta abar eramatea, baina batzuei etxea bera eramatea baino ez zaie falta izan. Panpinak, mota guztietako argiak, pastel kutxa pila bat, hozkailuak... Denetarik dago parte hartzaileen mahaietan. Gainera, bertan aulkiak badituzte ere, gehienek etxekoak eraman dituzte. Aurtengo topaketa berezia da, baina badaude gauza batzuk berdin jarraitu dutenak.
Banaka sartzen dira ia guztiak; bikoteka batzuk, baina denek dute lagun taldea zain. Bakoitza bere ordenagailuaren aurrean dago, baina elkarrekin daude. Maite Garridok urteak daramatza topaketan parte hartzen: «Bikotekidearekin eta kuadrillakoekin etorri naiz. Encounterreko lagun taldearekin etortzen gara. Hemen ezagutu dugu elkar, eta urtero jende berria batzen da». Pozik dago, aurten Encounter presentzialki egin dutelako: «Iaz ez zen presentzialki egin, eta guretzat gogorra izan zen. Azken finean, hemen toki askotako jendea batzen gara, eta ezin izan dugu elkar ikusi Euskal Encounter presentzialki egin zen azken alditik».
Ilusio handiz itzuli da Jose Antonio Cano ere, eta are gehiago bere bi seme-alabak. Urtero joaten dira hirurak batera. Canok iazko aldian parte hartu zuen, baina dio Euskal Encounterrek ez duela zentzurik bakoitzak bere etxetik parte hartuta. Gogotsu joan da aurten: «Gainera, umeei ilusio handia egiten die, batez ere kanpinaren kontuagatik. Beste batzuek mendian kanpatzen dute; guk Encounterren zeru azpian egingo dugu lo». Baietz diote buruaz seme-alabek, irribarretsu. Pozik joan dira egokitu zaien tokiaren bila, eta berehala hasi dira umeak mahaia atontzen. Ez dira BECeko 5. pabiloian dauden ume bakarrak: Canoren hitzetan, gero eta ume gehiagok hartzen dute parte topaketan.
Badago ez etortzeko zorian egon denik ere. Ivan Rekondo da horietako bat. Urte pila bat darama etortzen, baina gutxigatik ez da geratu etxean aurten: «Banuen gogoa itzultzeko, baina ez guztiz. Semeak limurtu nauelako, bestela ez nuen etortzeko asmorik. Zer egoera dagoen ikusita, errespetu apur bat ematen dit». Iaz parte hartu zuen Internet bidez egin zen Euskal Encounterren, baina faltan sumatu zuen jendea: «Iaz sarean egin zen, eta parte hartu nuen, baina ez da gauza bera. Encounterren funtsa harremanak izatea da». Susmoa dauka aurtengo topaketan ere ez ote den mami hori faltako: «Osasun neurriek alde ona eta txarra dute. Euskal Encounter harremanak izateko da; ez da etorri eta nor bere postuan egotea soilik». Hala ere, ez du itxaropena erabat galdu: «Gaur lehenengo eguna da oraindik; agian iritziz aldatuko dut. Ikusiko dugu».
Martin Puga eta David Jimenez Madrildik etorri dira, mugikortasun arloko zibersegurtasunari buruzko hitzaldi bat ematera. Jende gutxi badago ere, gogotsu ikusi dituzte parte hartzaileak: «Uste dugu hemen dagoen jendeak baduela interesa topaketak eskaintzen dituen jardueretan». Hori da 29. Euskal Encounterrera joan diren informatika zaleen ezaugarri nagusia: gutxi, baina gogotsu.
Elkarrekin, baina bi metrora
Aurten berriz ere presentzialki egiten ari dira Euskal Encounter, baina, osasun neurriak direla eta, zaila izango da topaketaren mamiari bere horretan eustea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu