Elkarlanaren bidez indarrak batuz

Sortu zenez geroztik, Etiopia Utopia gobernuz kanpoko erakundea elkarlanean aritu da Angel Olaran misiolariarekin batera: batez ere, Etiopiako Tigray eskualdean lan egiten dute, Wukro hirian.

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Berrogei urte inguru daramatza Afrikan Angel Olaranek (Hernani, Gipuzkoa, 1938). Horietatik, hogei urte eman zituen Tanzanian, eta gainontzekoak Etiopian. Orain, Euskal Herrian dago: senideak bisitatzeko aprobetxatuko du bidaia, baina baita lan egiteko ere.

Hainbat proiektu garatu ditu Olaranek, askotan GKE gobernuz kanpoko erakundeen laguntzaz. Horietako bat da Etiopia Utopia, duela hiru urte inguru sortu zena, eta, ordutik, Olaranekin elkarlanean dabil Wukro hirian (Etiopia). Haren zuzendaria da Imanol Apalategi medikua.

1999az geroztik ezagutzen dute elkar Apalategik eta Olaranek. Garai hartan, Medicus Mundi GKEan zebilen Apalategi, eta bien lagun komun baten bitartez hasi ziren elkarlanean. Tuberkulosiak jota zeuden gaixoentzako zentro baten beharraz ohartarazi zuen Olaranek Apalategi; orduz geroztik eutsi diote harremanari.

Batzuek Euskal Herritik, eta besteek Wukrotik, helburu bakarra dute, Olaranen arabera: «Oinarrizko eskubideak eta beharrak asetzen lan egiten dugu: hezkuntza, osasuna, elikagaiak...».

Lanbide heziketako zentro bat eraikitzea izan da Olaranen proiektu garrantzitsuenetako bat: «Nekazaritzara bideratuta dago, gehienbat. Familia asko eta asko bizi dira nekazaritzatik— nahiz eta nekez izan, ehuneko handi batean—».

Azken hamabi urtean, asko aldatu da Wukro, Olaranen ustez: «Garapen sozioekonomikoa antzematen da, eta, adibidez, turistak iristen hasi dira». Hori dela eta, buruan dute landa etxe bat eraikitzeko asmoa: lanbide heziketako zentroan ostalaritza ikasteko aukera jar lezakete, eta, horrela, lanpostuak sortu. Ez da Wukroko biztanleak kualifikatuak izateko egin duten ahalegin bakarra. Ingurune menditsua da Wukro, eta Asturiasko lagun batzuek Wukroko gazte batzuei eskolak eman zizkieten, ondoren haiek mendiko gida izan zitezen.

Olaranek azaldu duenez, proiektuak modu askotara sor daitezke: «Wukroko administrazioek —hezkuntza, osasun eta bestelakoek— esan izan digute eremu batean edo bestean gabeziak ikusten dituztela eta ea horiek konpontzeko zerbait egin dezakegun. Guk ere proposatzen ditugu, eta bertakoei kontsultatzen diegu, ezertan hasi aurretik». Beste batzuetan, berriz, Wukron egon eta Euskal Herrira itzuli ondoren hasten dira buruari bueltaka: «Han egon diren gehienek gurekin elkarlanean jarraitu dute gerora ere, ahal zutenean laguntzen».

Euskal Herritik Wukrora

Proiektuak aurrera eramateko baliabide ekonomikoak lortzea ez da lan erraza. Etiopia Utopiak GKEak Euskal Herrian lan egiten du, gero Wukron proiektuak garatu ahal izateko. Pintxo solidarioak, bertso saioak... eta antzeko ekintzak egiten dituzte dirua lortu eta ondoren Wukrora bidaltzeko.

Apalategiren ustez, bada egin dezaketen gauza gehiago ere: «Erakunde oso onak ditugu hemen, bai energia alorrean, bai osasunean, bai hezkuntzan... Horiek Wukrora eramaten saiatu behar dugu: guk dakizkigunak haiei transmititu».

«Horrelako herrialdeen garapenean laguntzeko, gaurtik biharko egunera iristeko, hiru gauza behar dira: nahi izatea, nola egin jakitea eta ahal izatea», esan du Apalategik. Batzuetan zerbait egin nahi izateak «ez baitu derrigor esan nahi asmo hori nola gauzatu dakienik».

Etiopia Utopia sortzeaz batera, Apalategik gogoan du nola elkartu ziren Madrilen bertako dentista batzuekin. Horrela jaio zen Irribarreak proiektua: «Gaur egun, hortz klinika eraikitzeko lanak amaitzear gaude». Olaranek eman dio datua: «1999an, hiru unibertsitate zeuden Etiopian; gaur egun, 32». Irribarrea Apalategiri berari atera zaio, harro: «Hortz klinika ez da soilik bertara joaten direnak artatzeko izango: erizainak lanbidean hezi nahi ditugu, eta jada odontologia fakultatekoek gurekin lan egin nahi dutela adierazi digute».

Guztiak ez dira, baina, berri onak, Apalategik salatu duenez: «Mundu aberatsean gauzak oso gaizki egin dira: eskuak eta kontzientzia garbitzen dituzte, laguntza erabilgarririk eman gabe».

Euskal Herrian dirua biltzeaz gain, sentsibilizazio kanpainak egitera bideratzen ditu Etiopia Utopiak bere indarrak. GKEa ezagutarazi, eta Olaranek Wukron —Tigray eskualdean— egiten duen lana zabaltzen dute, baita ere.

Olaranen arabera, jende ugari joaten da Wukrora laguntzeko asmoarekin: «Lehen, uda aldean eta Aste Santuan-eta etortzen zen jende gehiago; gaur egun, baina, nahiko erregularra izaten da jendearen etorrera urte guztian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.