Laugarren urtez egiten ari dira Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdia Iruñean. Ikuskizun, ekitaldi eta tailer ugari antolatu dituzte. Gaur, Patxi Quintana pailazoak (Iruñea, 1969) hitzaldia emango du Iturramako Civivoxen. 2019. urtean Kenyan izan zen lehenengo aldiz, eta, geroztik, beste hiru herrialde bisitatu ditu.
Kenyan, Saharan, Etiopian eta Mozambiken izan zara pailazo ikuskizunak egiten. Nola sortu zen Afrikara joateko ideia?
Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdiari esker hasi nintzen pailazoen munduan murgiltzen. Kenyara joan behar nuen, eta astebete lehenago jaialdi hori zegoen. Gaiarre antzokian hamasei pailazo inguru aritu ziren ikuskizun bat ematen, eta liluratuta geratu nintzen. Ni, berez, pailazo samarra naiz [barrez], eta bururatu zitzaidan Kenyara pailazo moduan joatea. Hasieran Kenyako umezurztegi batera joatea zen asmoa, eraikinaren mantentze lanetan laguntzeko. Baina hainbeste gustatu zitzaidan ikuskizun hura, pailazo gisa joatea erabaki nuen.
Nolakoa izan zen Kenyan izandako lehenengo esperientzia hura?
2019. urtean joan nintzen, eta oso esperientzia polita izan zen. Umeekin jolastu ahal izatea eta haien irribarreak ikustea oso aberasgarria da. Hasieran, zuria izateagatik beldurra zidaten. Ez daude ohituta pertsona zuriak ikustera; gainera, sudur gorriarekin eta aurpegi margotuarekin. Gero, jolasten hasten dira, jakin-minak bultzatuta. Oso haur gutxi dauden ikastetxeetan izan naiz, baina baita laurehun haurretik gorako ikastetxeetan ere.
Aurten beste herrialde batean izan zara.
Bai, bi hilabete eman nituen Mozambiken, 150 umeko umezurztegi batean. Oso esperientzia polita izan zen, 29 ume nituelako etxean, nire ardurapean. 8 eta 11 urte bitartekoak ziren, eta egun osoa ematen nuen haiekin. Ez naiz bakarrik pailazo gisa joaten, eraikinen mantentzea ere egiten dut. Mozambiken, leihoak eta oheak konpontzeaz gain, elektrizitate eta iturgintza lanak egin nituen, adibidez.
Zertan datza ikuskizuna?
Ikuskizuna Saharako errefuxiatu eremuetatik jaio zen. Gipuzkoako El Watan elkarteak Saharara joatea proposatu zidan, eta nik baietz esan nien. Malabarrak eta magia trikimailuak egiten ditut; amaieran, koreografia bat erakusten diet, eta denok elkarrekin dantzatzen gara, ikuskizunaren amaieran.
Hizkuntzak trabaren bat eragiten al du?
Pailazoa mutua da; beraz, hizkuntzak ez du inolako arazorik eragiten. Afrikako herrialdeetara bidaiatzen duzunean, ingelesez edo frantsesez hitz egin dezakezu, baina haiek beren hizkuntza propioa dute. Nahiz eta eskolan hizkuntzak ikasten dituzten, oraindik oso txikiak dira, eta kosta egiten zaie zu ulertzea. Dena den, esan dudan bezala, hizkuntza ez da arazo bat. Besteari ulertu nahi dionarentzat hizkuntza ez da traba.
Nola antolatzen dituzu bidaiak? Erakundeekin harremanetan jartzen zara, edo zeure kabuz antolatzen dituzu?
Nire kabuz joaten naiz. Edozein erakundek egin diezadakeen iradokizunari irekita nago, baina oraingoz nik kudeatzen dut dena. Nik ordaintzen dut, eta lagundu dezakedan lekuetara joaten saiatzen naiz. Ez pailazo bezala bakarrik, ahal dudan guztian. Badakit ez dudala ezer aldatuko, baina ahalegintzen naiz. Haiek baino gehiago ikasten dut nik, hori bai.
Azken urteetan Europatik Afrikarako boluntario joandakoak asko ugaritu dira. Kritikak ere egon dira, batez ere salbatzaile zuriaren figurari lotutakoak. Zer deritzozu?
Nik inoiz ez dut entzun hori. Argi dago herrialde batera boluntario zoazenean, zure helburu bakarra laguntzea dela. Garrantzitsua da oporretan ez joatea. Horretarako, beste herrialde batzuetara joan zaitezke. Dirua ere, adibidez, asko behar dute.
LOTSABAKO
Pirritx, Porrotx edo Marimototx?
Hirurak batera. Bata gabe ez dago besterik.Afrikako herrialde bat?
Mozambike.Zaletasun bat?
Hegan egitea.