Elkar fundazioak atzo iragarri zuen 2023ko Elkar sariak norentzat izango diren: Ikastolen Elkarteak jasoko du Ibilbideari Elkar saria; eta Eusko Ikaskuntzak Proiektuari Elkar saria. Maiatzaren 25ean izango da sariak emateko ekitaldia, Elkarren Adunako egoitzan (Gipuzkoa).
Fundazioak ohar bidez azaldu zituen arrazoiak. Ikastolen Elkarteari dagokionez, Euskal Herria euskalduntzeko bidean egindako «ekarpen handia» saritu dute. Nabarmendu dutenez, nazio mailako erakunde bat da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen dituena eta juridikoki interes ekonomikoko Europako elkarte gisa egituratuta dagoena. Haren izateaz gain, egindako ekarpena goretsi dute: «Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren bidean eta euskararen berreskurapenean, beste hainbat eragilerekin batera, eta, Elkar fundazioaren ustez, merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko».
Bereziki nabarmendu dute eskolarako materiala sortzeko egindako lana: «Aipatzekoa da 70eko hamarkadatik aurrera Ikastolen Elkartearen eta Elkar taldearen artean izandako harremana, non erakunde bakoitzak, bere jakintza eta baliabideak jarrita, euskal curriculuma erreferente duen ikasmateriala eskaini dioten hezkuntza komunitate osoari, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala».
Eusko Ikaskuntzari, berriz, Proiektuari Elkar saria ematea erabaki dute, kultur politiken azterketa lana egiteko. Azaldu dutenez, proiektu hori Eusko Ikaskuntza 2021etik lantzen ari den Eskubide kulturalak: parte hartze eta gobernantza politikak ikerketa lerroan txertatuta dago. «Kultura txikietan —gutxitua izan ala ez— garatzen ari diren kultur politikak aztertzea eta ezagutzea lortu nahi da proiektu horren bidez». Hori, erantsi dutenez, baliagarria izan daiteke Euskal Herrian eragile guztien artean adostutako kultur politika garatuz joateko.
Elkar saria eman diote Ikastolen Elkarteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu