Tonban ehortzirik (I): Manuel Larramendi

«Elkar hartzen bagenu, ikaratuko genituzke frantziar eta espainiar guziak»

Ezina ekinez egina. Edo, beste gabe, ‘ezina egina’, Manuel Garagorri Larramendiren (1690-1766) kasuan denez. Euskararen lehen gramatikaren egilea intelektual azkarra izan zen. Jesuita, Loiolan bizi izan zen, hantxe hil, eta bertan agindu zigun zita.

Loiolako (Azpeitia) santutegian, jesuiten hilerria. Bertan izan ziren noizbait Larramendiren gorpuzkiak. ZALDI ERO
Loiolako (Azpeitia) santutegian, jesuiten hilerria. Bertan izan ziren noizbait Larramendiren gorpuzkiak. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Loiola, Azpeitia
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

bihotza kargaturik

begiak bustirik

eta zure alaba

[harri zuri finezko]

tonban ehortzirik

[Loiola atzeko zelaian hara eta hona dabilela ikusi dugu, otoitz liburua eskuan. Hurreratu gatzaizkiolarik, errezo marmarrean ari dela ohartu gara]...

Jainko miserikordiosoa, indazu arren zuk nahi dituzun gauza guziak nik ere gogotik nahi izatea, zogiro bilatzea, egiazki ezagutzea eta oso eta oro betetzea, zure izen santuaren alabantza eta gloriarako. Zuzen iezadazu nire bizimodua eta nik egitea nahi duzun guzia, egizu lehendanik jakin dezadan, baita egin ere behar den, eta nire animari dagokion bezala. Nire Jauna eta Jainkoa, arren egidazu grazia, munduko atseginetan eta atsekabeetan falta ez dezadan, ez haietan goregi, ez horietan beheregi egin nadin. Hala biz.

[Errezo luzea buruturik, liburua hertsi du, burua jaso, eta egin digu keinu, hurreratzeko. Orduantxe saludatu ahal izan dugu] Agur, Larramendi jauna, edo aita Larramendi, eta osasuna...

Hala hasi ohi ditut nik ere neronen ezagunei eta adiskideei bidaltzen dizkiedan gutunak, antzinako erromatarren gisakoak: Ave, Domine Auzmendi eta Domino Auzmendi, salutem. Agur eder hau da latinezko Ave, Salve, Vale horiei dagokiena, eta euskaldun gehienek ez dazagutena. Ave gratia plena, hona garbiro eta ederkiago: Agur, graziaz betea. Horra, bada, zergatik «Agur, Auzmendi jauna», giputz labaina, dirudizuna lausengaz eta txuriketaz apaindua.

«Hainbeste urtean narabil ezagutu nahiez gure hizkuntza miragarriaren txitezkoak, eta ez ditut oraindik osoro ezagutu»

Barka biezadat berorrek, aita Larramendi, baina «lausengu» da hitzaren forma zuzena.

Ez, da lausenga. Ba ote dakizu zer duen esanahia edo signifikantza?

Zure hiztegian begiraturik dakit... Eta esaten duzu lausenga dela gaztelaniaz lisonja, eta hitz hori eta italierazko lusinga euskarazko lausenga-tik datozela, eta bat bera dutela esanahia...

Esanahia dute balaku edo losentxa. XVI. mendeaz gero darabilte gure idazleek, nahiz zuen garaian oso eta oro atzera egin duen gure hitz lausenga horrek. Baina hortxe dituzu Mendiburu, Arrue, Otxolua... eta garai berriagoetako Gandiaga, Erkiaga eta Aresti, denek ere lausenga-ka. Eta zer duzu, bada, signifikantza hitz hori bera? Oharturik nago, aurpegian ikusi dizut egin duzun keinu arbuio edo erdeinuzkoa, disimulatu ezin izan duzuna. Silvain Pouvreauk 1650ean egindako hiztegi eskuz idatziari zor diot hitza lehenbizi. Baina Haranburu batek «zeinatzearen signifikantza» esango dizu, eta gure Axularrek, berriz, «ordukoa zen oraikoaren seinale bat, figura bat, pintura bat, eta signifikantza bat». Etxeberri saratarrak, gisa berean, «eskuararen hitzak eta izenak, zeinetan edireten baitira hain bizitasun eta signifikantza misteriotsuak».

‘Burua daukat soila, baina fresko eta sendo, aurpegia zimurrik gabe, ahoa hortz ederrekin, kolorea zurigorri ederrarekin...’. ZALDI ERO
‘Burua daukat soila, baina fresko eta sendo, aurpegia zimurrik gabe, ahoa hortz ederrekin, kolorea zurigorri ederrarekin...’. ZALDI ERO

Tokitan zabiltza, aita Larramendi, bart arratsekorik ez dizu irakurtzen oraingo euskaldunak, eta are gutxiago lau mende atzeragokoak...

Berriagorik nahi al zenuke? Hortxe eskaintzen dizut Udarregi bertsolari jatorrarena: Signifikantza dauka / Aizpuruko herriak. Eta hortxe duzu bizkai herrietako esaera hori ere: Zoroak zer du signifikantza? Berak soinu eta berak dantza. Baina badakusat lo daudela erne behar duten guziak, sorrak eta gorrak, hotzak eta motzak, motelak eta gatzik gabeak dira. Madriltik, Paristik eta beste herrietatik, Jainkoak daki jakintsu handietatik zenbat alabantza izandu dituzten zuk hona baino lehen ibili dituzun liburu horiek [El imposible vencido, Hiztegi Hirukoitza, Corografía de Guipúzcoa...]. Trevouxko Memoria [Jesuitek 1701ean sortu jakintza aldizkaria, eragin handikoa garaian] famatuetan hantxe datoz atereak eta isuriak euskararen alde esan ditudan guziak, aitortzen didatela guzietan arrazoia, baita gure hizkuntza dela besteak baino ederrago, hobeago, gozoago, eta hona non gure etsai zital guziak harriturik isildu diren Madrilen eta Parisen. Baina euskaldunari egoki edo harriari, hainbat duzu, eta honetxek sumindua nauka ezin gehiagoraino.

«Euskaldunari egoki, edo harriari, hainbat duzu, eta honetxek sumindua nauka ezin gehiagoraino»

Baduzu gatza, oraindik.

Ni hirurogeita hamahirugarren urtean sartua nabil, zahartu naiz, ez ordea oraindik eltzartu, txotxotu, ez nabil kaduko. Burua daukat soila, baina fresko eta sendo, aurpegia zimurrik gabe, ahoa hortz ederrekin, kolorea zurigorri ederrarekin –hala esan ohi didate nakustenek–, eskribitzen ahaztu ez zait, eta ardorik inoiz ez, beti ura edaten dudala. Horra, pintatu nahi banauzu, nire antza. Aspaldiko urteetan ekin diot nire euskararen behar eta lan honi. Nik, inor ez bezala, euskara guziok ditut maite, eta gozo!

Euskara guziok dituzu maite, eta amatzen. Amatu hitza ere lasai eman genezake, aita Larramendi?

Gure-gurea dugu hitz hori, amatzea, eta maitatzea besterik ez da, edo ez du besterik esan nahi, baizik amatzen dugunari on egitea, ahal dugunean eta ez dugunean, edolarik on nahi izatea. Atozea, amatzen duzu, maite duzu urlia? Albaldin bere! Bai, maite dut, guziz dut nire onetsia eta adiskide mamia. Onik egin diozu inoiz, edo nahi izandu diozu? Horixe gogoratu ere ez zait. Ez duzu, beraz, urli horrentzat egiazko eta benazko amodioa. Horri diozun guzia hortz artean jaio eta hortz artean hiltzen den amodioa da, hitza eta pitza da zure urliarekiko nahi guzia, hitzezko amodioa, ez iltzezkoa, iltzez josia bezala bihotzean behar duzuna. Alabaina, obrak dira amore, ez hitz onen kolore.

«Eta zerbait argitara ez badut, gure beltxok, hainbeste etsaiz ikaraturik, bidea itxi didate»

Hara! «Obrak dira amore, ez hitz onen kolore»...

Bai, Agustin Leitza jaunaren hiletetan ari nintzen, sermoi egiten. Gure herritar honek Andoaindarrak maitatu dituela lehenagoko, eta oraingo guziak baino, baita izakizun geroko guziak baino gehiago, biziroago, benazago, onetsi dituela, ez hitzez ezen baita, ez erausiz ezen baita, ez jolaz alferrez ezen baita, bihotzaren erdi erdiko nahiez, suz, beroz. Hobeko zenuke ikusi zer eta zenbat on egin zien Leitza jaunak andoaindarrai, edo zenbat on egin nahi izandu zien. Bestela esanda, obrak dira amore, ez nire hitz onen kolore. Hala da, hori ikusi behar dugu.

Aski asko amore dira zure obrak. Uste sendo horretan da euskalduna, izan ikasia edo ez, andoaindarra nahiz gainerako euskal herrietakoa. Hor ez dukezu damurik.

Ez dakit zer esan dizuten. Aspaldi nabil nola euskal herriak edertu, eta jasoko ditudan. Bost gau ilun, eta bost egun argi iragoak ditut, egiteko honetan; baita gure euskara, hizkuntza guztien zaharrena, haien [frantsesa, gaztelania] garai nola ezarriko dudan. Baina ez da sinistekoa zer gertatzen zaidan. Batzuek diote bestelako lan txarretan nabilela. Ez da ezer. Horiek jakinezak dira, zer darauskioten ere ez dakitenak. Besteek, hobeko nukeela itxegi [atxiki] behargai goragoren eta ederragoren bati. Horiek alferpotzak dira beroriek, ez gorago ez beherago den lanik ukitu ere nahi ez dutenak. «Hel hakio, hitzonzia, behargai txar dioen horri, eta hara ni itxekiko nagokiok prestuagoari». Hainbeste urtean narabil ezagutu nahiez gure hizkuntza miragarriaren txitezkoak, eta ez ditut oraindik osoro ezagutu, hain da behargai hau handi, larria.

«Bost gau ilun, eta bost egun argi iragoak ditut gure euskara, hizkuntza guztien zaharrena, haien garai nola ezarriko dudan»

Bizien artera behar dut honenbestez, aita Larramendi. Itzuliko naiz noizbait, itzuliko naizenez. Azken hitz bat, mezurik, haizeaz bestalde, tonbatik kanpoko euskaldunarentzat...

...Baldin elkar hartzen bagenu guziok, nor bere sailari datxekiola, Frantzian ikaratuko genituzke frantziar guziak, eta Espainian espainiar guziak. Euskaldun guziok elkar hartzeaz ari naiz... Non da, ordea, elkarte hori? Nagoen isilik. Nire min garratzena da, are ez dakusgula honetatik darraizkigun kalteak eta gaitzak. Eta, dirudienez, ezagutuko ere ez ditugula, ditugun on pixkak galdu ditzagun artean. Zergatik euskarak, hain hizkuntza biziak eta beste edozein baino zaharragoak, ez ditu euskaldun guztiak batera eta elkarrekin nazio aske batean, beste hizkuntza eta nazioen menpekotasunetik at ikusiko? Zergatik egon behar dute Espainiako hiru lurraldek –Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak–, Gaztelaren menpean? Eta zer ez nuke esan behar Nafarroako erresumaz? Eta beste hiruk –Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak–, Frantziaren menpean? Besterik esan behar ote dizut, zuk ez dakizunik?

Sermoia (zatia)

Aita Manuel Larramendik Agustin Leitza zenari, Andoaingo hiriak egin zizkion hiletetan esandakoetatik. Edo «andoaindar sona handiko hiztun baten doluzio hitzaldia». Izan ere, 1694an Andoainen jaioa, Agustin Leitza Latixera, Peruko Erregeorderriko Kapitain Jeneral izan zen. Hango San Salvador de Jujuyn hil zen 1756an. Antilletan galdu euskaldunak diruketa utzi zion Andoain herriari, eta egin zuten, besteak beste, San Martin Tourskoaren elizatzar handia.

«Hil da, beraz, sekulako andoaindarrentzat bizi behar zuen gizona... Jauna, egin bedi zure borondatea, nola zeruan ala lurrean... Eta, nondik dakigu berri damuzko, ilundu behar gaituen hau? Indietatik, Jujuyetik, Buenos Airesetik hala darakuskigute, eta geroenez Cadizko jaun Kontratazio [Etxe]ko guziak huraxe bera, hil dela, sekulako andoaindarrenzat bizi behar zuena. Nor da, bada? Agustin Leitza jauna, Andoainen jaioa, Andoainen bataiatua, eta nahiz itsasoz eta lehorrez, munduko bazterretan ibilia, Andoainen beti bihotzez, Andoainen beti gogoz, Andoainen beti bere etzinde osoaz bizitu dena. Ai! hau andoaindarrentzat, nire hertar preziatuentzat, nahigabearen bortitza! Ai! Eta, hala ere, hau mingarria, latz eta gogor!

»Beharbada ez da egia izango, hotsa eta gezurra, eta irudipen bakarra izanen da. Alabaina, de luengas tierras, luengas mentiras. Esan nahi du, ‘urrutiko berri luzeak, datozela gezurrez beteak’. Ai! Berriz hori horrela balitz! Baina ez da hala, ondikotz. Eta ohi denekoz, berri ilun, negargarriak ez dira omenean, ez diotenean gelditzen, egiaren bihotzean jotzeraio irago ohi dira. Bada, berri halakoetatik bat izango dela gure Agustin jaunaren hilberria adierazten digu horrako begien aurrean dugun hilobi, katabuta, tonba, argiz ondo, baina beltzez eta doluz hobeto estalia dagoen horrek»

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.