Elkanoren bira, eta herriaren ikusmira

Elkanoren lehorreratzeak jendetza bildu du Getarian. Berezia izan da aurtengo urtemuga: 500 urte lehen aldiz munduari bira eman ziotela, eta 100 urte itzulerari buruzko antzezlana egiten hasi zirela. Getariarrek bizi duten eta biziz berritu duten jaia da.

Agintariak. Urkullu lehendakaria joan zen, guztien buru. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Getaria
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Bira delako bata, eta hari buruzko ikusmira bestea. Ez dio alferrik Bira bat, ehun mundu leloa jarri aurten Getariako (Gipuzkoa) Udalak Juan Sebastian Elkano herriko seme kutunaren lehorreratzeari. 500 urte egin ditu munduari emandako lehen bira hark, eta 100 urte itzulerari buruzko antzezpen horrek. Mugarriari eta pertsonaiari buruzko teoriek eta hausnarketek segitzen dute kontakizunaren zidorretan bidea egiten, eta antzezlanak ere bai, parte hartzea eta parekidetasuna ardatz hartuta, pausoak ematen. Gauza bat dago argi: getariarrek bizi dute festa, eta getariarrek biziz berritu dute festa.

Herri bat osoa baita 260 lagun Getarian. Eta horiek baino gehiago dira atzoko antzezlanean parte hartu zuten herritarrak. Berritasunak izan dira lehorreratzeko unean: aurreneko aldiz emakumezko batek parte hartu du eskifaiako kide gisa Victoria itsasontzian, eta Moluka uharteetako hiru biztanle ere izan dira tartean—irla horietara antolatu zuten jatorrizko espedizioa Magallaesek eta Karlos I.a Espainiako erregeak hango espezieen bila, baina Elkano bihurtu zen gerora espedizio haren buru, eta munduari bira emanda itzuli zen—. Berritasunak izan dira eskifaiako kideek kontinenteetakoekin egiten duten bilkuran: kontinenteetako ordezkariak taldeak izan dira aurten norbanakoak izan beharrean, eta talde horietako kide asko Getarian bizi diren atzerritarrak. Eta berritasunak egon dira azken harreran ere: Elkanoren amak hartu du parte eta segizioak Elkanoren monumentura arteko bidea egin du, baina Karlos V.a erregeak ez die diosalik egin oraingoan.

Sirena hotsek, suziriek eta elizako kanpaiek bihurtu dute jatorriz Sanlucar de Barramedakoa zena Getariako portu. 1519an abiatu zen Elkano, Magallaesek gidatutako bost ontziko espedizioan, Sevillatik (Andaluzia, Espainia). Hiru urte geroago lehorreratu zen Sanlucar de Barramedan (Andaluzia, Espainia). Victoria ontzia soilik heldu zen abiatu ziren bost haietatik, eta hemezortzi marinel baino ez joan ziren 234 haietatik. Eta hiru urte horietako oinazea dakarte ibileran, janzkeran eta jarreran bizirik iritsi diren horiek. Hamar arroa ardo, abelburu laurden bat, sei ogi biribil eta 51 marabedi balio zuten meloiak. Horiek izan ei ziren iritsitakoan jasotako lehen sokorrua Sanlucarren. Jendearen beroa eta txaloak izan dira Getarian.

Lau urtean behin egin eta urtero berritu. Horixe egin dute getariarrek euren jairik ezagunenarekin. Ia hiru ordu lehenago dago jendea zain kaian eta inguruetan. 29 gradu eguzkitan. Despistaturen bat ere bai tartean. «Kontatuko didazu zer den hau guztia?», galdetu du Jordi Rodriguezek. Bartzelonako gazte bat da, kostaz ari da egiten Donostia eta Bilbo artekoa, eta «ezustean» harrapatu du jaiak. Apenas du Elkanoren berri: «Gustatzen ari zait topatzen ari naizen guztia, baina hau sekulako ezustekoa izan da».

Puntual iritsi da Victoria itsasontzia —garai hartakoen erreplika bat da izatez, Vera Cruz karabela portugaldarra—, eta agintariak ditu zain portuan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria guztien buru, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Haritz Alberdi Getariako alkatea, besteak beste.

Arraunlariak gogoan

17:07an jarri ditu oinak Elkanok jaioterriko lurrean. Txaloak, musika bandaren doinuak, eta San Salbatore elizara arteko bidea. Antiguako amari eskerrak ematera doaz, bidean topatutako oztopoak gainditzen laguntzeagatik. Solemnitate eta isiltasun unea apurtu duenik izan da: «Aupa Getaria!», «Aupa Esperantza!». Ezin eutsi arrauneko grinari. Getariarren hurrengo lehorreratzea igandean izango da Kontxan, hori ziurra da.

Eta sartu dira denak elizan, Moluka irletako hiru indigenak kenduta. «Haien sinesmenak errespetatuz, kanpoan geldituko dira», azaldu du bozgorailutik Kepa Iribar esatari getariarrak —lehen aldiz egin dute lehorreratzearen kontaketa euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez—.

Denbora egin dute elizan. Karroza eta kontinenteetako ordezkariak jaitsi dira tarte horretan Kale Nagusian behera. Amerikakoak lehenengo, Ozeaniakoak, Asiakoak, Afrikakoak —Cabo Verdekoak, zehazki—, eta Europakoak —Getariakoak, zehazki—. Aurreneko aldiz, taldeka. Txaloka hartu ditu jendeak. Eta badago jendea, jendetza dago, baina beste urte batzuetan ere izan dela «hainbeste» dio Imanol Ibarbiak. Urteak daramatza boluntario lanetan antolakuntzan: «Egia da aurtengoa berezia izan dela, 500 urte bete dira eta oihartzun handia izan du horrek. Eguraldiak ere asko lagundu du, eta herri osoak horrenbeste laguntzeak ere bai».

Zarpail itxurarik gabe atera dira eskifaiakoak elizatik. Ez da alferrik jostun herria (ere) Getaria. Herriko hogei jostunek sortu dituzte jantziak. Izan da aurten horretan «alde nabarmena» antzeman duenik ikusleen artean.

Denek egin dute bat elizaren atarian. Ordezkaritza bat doa karrozan, eta besteak atzetik. Eskifaiakoak, kontinenteetakoak, eta aurten lehen aldiz Elkanoren ama ere bai. Azalpenak bozgorailuetatik: «Kostaldeko emakumeei egindako aitortza da, haiek ateratzen zutelako aurrera etxea gizonak itsasoan zeuden bitartean».

Elkanoren monumentura iritsi da segizio guztia. Munduko globo bat osatu dute zatika, guztien artean. Xabi Solanok urteurrenerako propio sortuta Bi Mundu abestia jo du, eta Getariako abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak Gora Elkano! abestu dute. «Bizitza da mundu bira», dio Solanoren abestiak. Iribar esatariak laburbildu du getariarren ikusmira: «Gure historia idatzi nahi dugu, eta gure pertsonaiak gure begiradatik ikusi eta ulertu. Izan garena eta izan nahi duguna kontatu». Horixe egin zuten atzo getariarrek Getarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.