Sabin Salaberri. Musikaria eta konpositorea

«Elizkizunetako euskarazko abestiak ederragoak dira gaztelaniazkoak baino»

Egun, elizan abesten diren euskarazko kanten musikaren sortzaileetako bat da Salaberri. Apaiz ikasketak burutu eta meza ematera iritsi arren, Eliza utzi zuen, desadostasunak zirela eta. Musika irakasle eta konpositore gisa jardun du ordutik.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Musikariek inoiz ez dutela erretiroa hartzen esaten da. Sabin Salaberriren (Aramaio, Araba, 1934) kasuan ere hala da. Txikitatik du musikarako zaletasuna, eta lanbide izan du urte askoan; estuki lotuta jarraitzen du oraindik ere. «Herenegun bertan hitzaldi bat eman nuen Gasteizko Musika Eskolaren sorreraren inguruan». Inguruko hainbat abesbatza eta musika talde bezala, hura ere berak sortutakoa baita. 70 urte baino gehiago daramatza Gasteizen bizitzen, baina aitortu du «barru-barruan» aramaioarra dela.

Hamar anai-arrebetatik gazteena zara. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Oroitzapen gazi-gozoak ditut. Batzuk oso gozoak dira, etxe ingurukoak, adiskideenak. Beste batzuk, ordea, garratzak dira. Gerrak bete-betean harrapatu gintuen, eta gerra ostean gosea pasatu genuen. Izena ere aldatu zidaten, Sabin izan beharrean Sabino behar nuen izan. Etxean asko abesten genuen, baina beste batzuk ikasi behar izan genituen: Montañas nevadas eta antzekoak.

Gerra piztu zenean, aitak ihes egin behar izan zuen. Itzuli zen, baina goiz hil zen. Orduko oroitzapenik baduzu?

Gerrak harrapatu zuen, eta ihes egin behar izan zuen. Arrazolara lehendabizi, eta Frantziara ostean. Gerra amaitu zenean, bueltan etorri zen etxera, baina sei hilabetera hil zen. Oso txikia nintzen, eta justu-justuan gogoratzen ditut momentu haiek. Etxean gerora entzun ditudanak dira gehienbat.

Aita musikazalea zen. Harengandik jaso duzu zaletasuna?

Bai, bai. Berak biolina jotzen zuen herriko parrokian. Abeslari ona zen, eta musika apur bat ere bazekien. Soka laukote bat eratu zuten herriko parrokian, eta berak bigarren biolina jotzen zuen. Harengandik jaso dut musikarako zaletasuna. Anai-arrebak ere abeslari onak izan dira, hala ere.

Garai hartako ume asko bezala, elizmutil funtzioak egiten zenituen Aramaioko elizan. Musika ikasteko aukera izan zenuen orduan?

Apaizarekin ikasi nituen solfeoa eta pianoa. Parrokiko koruan abesten zuten familiako gainerako kideek, eta nik neuk ere ez nuen beste aukerarik izan. Solfeo apur bat ikasi nuen han, eta badirudi erraztasunen bat banuela musikarekiko. Apaizak pianoa erakutsiko zidala esan zidan orduan, eta hala egin ere. Handik gutxira organoa jotzen laguntzen nion herriko elizkizunetan.

14 urterekin, ordea, seminariora joan zinen.

Gerra aurretik diru aldetik nahiko ongi moldatzen ziren familian. Gerraostean, ordea, erabat aldatu ziren kontuak: aita hilda, amak lanean hasi behar izan zuen. Nik ikasi egin nahi nuen, baina ez nuen aukerarik horretarako. Seminariorako beka bat jaso nuen, ordea, eta Guardiara joan nintzen abade izateko ikastera.

Orduan ere musika oso gertuko izan zenuen, ezta?

Seminarioan beti izan da musikarako zaletasuna. Musikarekin jarraitzeko aukera izan nuen han. Adiskide oso onak izan nituen seminarioan, oroitzapen ederrak ditut. Joan den igandean hil zenbat, 1961etik Sevillako [Espainia] katedraleko organo jotzailea zena: Jose Enrique Aiarra. Piano ikasketak elkarrekin atera genituen. Kasualitatez, Sevillan izan nintzen aurreko astean, eta bisitatzeko asmoa nuen. Ez nuen tarterik izan, ordea. Pena dut orain.

Hala ere, seminarioan zinela euskara ere zure kezketako bat zen. Beti arduratu zaitu euskararen egoerak?

Euskalduna naiz txikitatik, eta seminarioan ere euskaraz jardun nahi nuen. Elizan ere euskaraz jardun zitekeela pentsatzen nuen nik. Ez zuten inolako erraztasunik ematen horretako, ordea. Angel Sukia zen orduan Gasteizko seminarioaren buru, ondoren Espainiako Gotzainen Batzarreko presidente izatera heldu zena. Gipuzkoarra zen, baina inoiz ez zidan hitz bat ere euskaraz egin, ez eta erraztasunik eman seminarioan euskaraz ikasteko ere.

Seminarioko elizkizunetan euskararen erabilera sustatzeko hainbat neurri hartu zenituzten: euskal abestien errepertorioa handitzea, besteak beste. Zailtasun asko izan zenituzten?

Ordurako gauzak aldatu ziren seminarioan. Euskal abestien errepertorioa handitzea lortu genuen, baita euskara klaseak ematea ere. Nik neuk ematen nituen.

Vatikanoko II. Kontzilioak irekiera ekarri zuen Elizan. Besteak beste, euskarari ere ateak zabaldu zizkion. Zu zeu izan zinen Elizako testu euskaratu berriei musika jarri ziena.

Eginkizun horiek ere ez ziren errazak izan. Lau elizbarrutik musika komisio bat eratzea pentsatu zuten, idatzi ziren euskal testu berriei musika sortzeko. Arabako ordezkari gisa ni nintzen joatekoa, baina gotzainak ezezkoa eman zidan: Araban ez zela euskararik hitz egiten, eta ez zegoela horren beharrik tokiko elizetan. Hala ere, orduko Iruñeko gotzaina zen Zirarda izan zen Arabako ordezkaria. Hark eta Setien Donostiako gotzainak deitu zidaten laguntzeko, eta hala sartu nintzen lantaldean. Gaur egun elizan abesten diren euskarazko kanta asko nik sortutakoak dira: Erruki, Jauna, esaterako. Gure Aita-n ere parte hartu nuen.

Egun, elizan normal-normal egiten da euskaraz. Zer sentitzen duzu?

Bihotza bete egiten zait elizkizunetara joan eta jendea euskaraz abesten entzuten dudanean. Umiltasun guztiarekin, baina aipatu beharra daukat: elizkizunetako euskarazko abestiak ederragoak dira gaztelaniazkoak baino.

Nola ikusten duzu egungo euskararen egoera?

Oso baikorra naiz, nahiz eta askok kontrakoa iritzi. Arabari dagokionez, esaterako, euskarak bultzada handia izan du azken urteetan, eta poztekoa da. Bide horri jarraitu behar diogu.

Gasteizko seminarioko lehen bi urteak gaindituta, filosofia ikasketak hasi zenituen. Zergatik?

Ikasketak eduki nahi nituen, eta lizentzia bat atera. Filosofia ikasteko aukera izan nuen, tartean. Hala ere, segituan konturatu nintzen nirea musika zela.

Zenbat instrumentu jotzen ikasi zenuen?

Pianoa izan da nire instrumentua beti. Organoa ere ikasi nuen, halabeharrez, seminarioan; baita txistua ere. Txistulari talde bat ere eratu nuen seminarioan. Hala ere, ez dut neure burua instrumentistatzat izan inoiz. Musika gustuko dut, baina, batez ere, musika idaztea, konposatzeak erakartzen nau.

Hainbat abesbatza eta talderen sortzaile zara.

Bai, Araba Abesbatzaren eta gerora Gasteizko Camerata soka taldearen sortzailea naiz. Hor aritu nahiz beti, ahal dudana egiten.

Teologiako ikasketak amaituta apaiztu zinen, eta Aramaion bertan eman zenuen zure lehenengo meza. Nola gogoratzen duzu?

Oso une gogoangarria izan zen. Urduri ere izan nintzen apur bat, baina disfrutatu nuen. Eliz munduan barruraino sartuta nintzen orduan, gero pixkanaka hozten joan zen harreman hori.

Hala ere, segituan irakaskuntzarako deitu zintuzten Gasteizko seminariotik. Orduan hartu zenuen, esaterako, Schola Cantorum abesbatzaren zuzendaritza.

Hala da. Ekainean amaitu nituen teologia ikasketak, eta irailean seminarioko irakasle izateko deitu ninduten. Jose Mari Zapirain zen Schola Cantorumen zuzendari, eta haren ardurak hartu nituen.

Zergatik aldendu zinen Elizatik?

Hainbat arrazoik eraman ninduten erabaki hura hartzera: musikan sakondu nahi izan nuen, eta Erromara joateko beka batzuk zeuden, baina gotzainak ez zidan musikara dedikatzen utzi: «Zuk dakizunarekin nahikoa da. Ez duzu gehiagoren beharrik», esan zidan. Asko mindu egin ninduen horrek. Bestalde, Sukiarekin ere desadostasun batzuk izan nituen, eta kontzilioaren ondorengo lantaldetik kanpo utzi izanak ere eragin nabarmena izan zuen. Nik zera argudiatzen nuen: «Kristaua naiz, eta ez dut inor gorrotatu behar, baina barruan pertsona bat gorrotatzen dut: nire nagusia. Ezin dut, beraz, Elizan jarraitu».

Eta apaiz izateari utzi zenion.

Bai, Eliza utzi nuen.

Damutu zara inoiz erabaki hura hartzeaz?

Ez, ez naiz inoiz damutu. Baina, oro har, nire bizitzan hartu ditudan erabaki ororekin ez naiz damutu. Horrela pentsatu nuen momentu hartan, eta listo.

Setienek aipatu zuenez, «apaiz ona galdu zen, baina euskal kulturako gizon handi bat irabazi».

[Barrez] Hurbileko ninduen Setienek. Baliteke hala izatea, baina ez naiz ni inor halako ezer berresteko.

Apaiz izateari utzita, irakasle lanetan hasi zinen.

Gasteizko Olabide ikastolan hasi nintzen irakasle gisara. Musikaz gaindi, bestelako irakasgaiak ere ematen nituen bertan. Gerora, berriz, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatoriotik deitu zidaten harmoniako irakasle izateko.

Kontserbatorioko zuzendari ere izan zinen. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Lehen uneak triste samarrak izan ziren. Itxura aldetik, zikinkeriaz josita zeuden kontserbatorioko bazter guztiak, eta kokapen desegokia zuen. Metodologia aldetik ere, afizioa kentzeko moduko hezkuntza ematen zitzaien haurrei. Irakasle oso onak zeuden tarteka, baina, oro har, ez nengoen gustura. Zeharo aldatu zen zorionez, eta izen ona du egun.

Oso kritiko izan zara zure garaiko musika hezkuntzarekin. Zergatik?

Nire garaian oso gaizki irakasten zen. Hala eta guztiz ere, musikari oso onak atera ziren. Asko aldatu da, zorionez, pedagogia azken urteetan. Zoragarria da egun zenbat musika eskola dauden ikustea, eta haurrak gustura joaten direla jakitea; gozatzen ikasten baita musika. Ikaslea motibatu gabe zaila da aurrera egitea. Eta, horretarako, irakasleak ere motibatuta egon behar du.

Konpositore gisa, 1968an Zarauzko Oleskariak taldearentzat abesti bat idazteko eskaera jaso zenuen Imanol Urbietarengandik. Nola gogoratzen duzu pasarte hura?

Zortzikote taldeen txapelketa bat eratu zen, eta lurralde bakoitzetik norbait behar zuten epaimahai izateko. Ni joan nintzen Arabatik. Musikari asko ezagutu nituen bertan, tartean, Manolo Urbieta eta Jose Luis Ansorena. Abesti bat egiteko eskatu zidan urte batzuk geroago Urbietak. Abesbatzarik eta kantarik onenaren sariak eskuratu zituen.

Zure ibilbidean sari eta aitorpen asko jaso dituzu.Zer esanahi dute zuretzat?

Leku eta une egokian egotearen isla dira niretzat sari horiek, besterik ez [barrez]. Guztiak eskertzen ditut, noski, eta bene-benetan. Baina, gehien maite dudana Aramaioko seme kutunaren izendapena da.

Eusko Ikaskuntzak 100 urte beteko ditu aurten. Zein ekarpen egin dio Eusko Ikaskuntzak euskal kulturari, zure ustez?

Sentsibilitate eta ideia ezberdineko jendea elkartu du Eusko Ikaskuntzak. Gauza asko lortu dira, eta euskal kulturari bultzada handia eman dio 100 urte hauetan. Urteurren ekitaldirako antzerki bat prestatu dute, eta musika nik jarri diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.