Eliza zena kulturgune

Orain hamabost urte Bilboko Mesedeetako eliza eraberritu eta Bilborock ireki zuen udalak. Gaur egun, hiriko kultur jardueretarako tokia eta gazteen bilgunea da.

Hamabost urte bete ditu Bilborock aretoak. Argazkian, entsegu geletako bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Mesedeetako eliza izena zeukan, XVII. mendean, Antonio Ortiz de Calinak eta Francisco ElorriagakBilboko Mesedeetako zubiaren parean egindako eraikinak. Baina 1997ko udaberrian, orain hamabost urte, udalak eliza erosi, berritu eta Bilborock izenarekin ireki zuen. Helburu nagusia, hiriburuko kultur jardueren gertalekua eta gazteen bilgunea izatea zen, eta zeregin horretan jarraitzen du. Erlijio munduari lotuta egon, eta musika, antzerki eta bestelako ekitaldietarako Euskal Herrian egokitu zen aurreneko eraikinetakoa dela dio Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kultura zinegotzi Sabin Anuzitak. «Arte eta kultura ekintzetarako eraberritu zen lehenetako eliza izateak berezia egiten du», zehaztu du Anuzitak.

Bilborockek 1.330 metro koadro ditu hainbat gelatan banatuta. Sartu eta aurrez aurre eraikinaren ikurra dago, areto nagusia, alegia. Han, 3.600 jarduera baino gehiago egin dira urte horietan guztietan. Antzerki eta film emanaldiak eta kontzertuak zein hitzaldiak, besteak beste. Oholtza gainean emanaldi ugari egin dute Euskal Herriko musikari eta talde askok. Gozategik, Doctor Deseok, Mikel Erentxunek eta beste hainbatek. Atzerritik ere etorritakoak ere badira: The Corrsek, Robbie Williamsek, Elefantesek eta Amaralek egin dute geldialdia areto nagusian. «Zutik, 500 pertsonarentzako tokia dauka. Eserita, aldiz, 300 lagun har ditzake», azaldu du zinegotziak. Horrez gain, telebistarako zenbait saio eta bideoklip ere grabatu dituzte.

Goiko solairuan, zazpi entsegu gela hotsgabetu daude. Udalak anplifikagailuak jartzeko kaxak, bateria, mikrofonoak eta beste hainbat elementu jarri ditu hiriburuko musika taldeen eskura. Saioko ordu bakoitzak bi euro eta erdiko kostua du. «Bilbotar guztientzat eskuragarri dagoen prezioa du. Nik gaztetan gela hauek erabiltzen nituen». Oso arrakastatsuak dira, gainera. Izan ere, 1.800 musika taldek baino gehiagok lan egin dutebertan.

Esperientziak partekatu

Bilbo Zaharra eta San Frantzisko berriztatzeko proiektuan beste urrats garrantzitsu bat dagokio Bilborocki. Hamabost urtean 734.000 ikus-entzule baino gehiago egon baitira. «Bertaratu diren banako eta taldeek erakutsi dute orain hamarkada eta erdi egindako apustuarekin asmatu zela». Bildutakoen erdia musika kontzertuak ikustera doa, eta programazioaren herena musika emanaldiei dagokie.

Gazteek atsegin dute Bilborock. Baina, batez ere, entsegu aretoak dituzte gogoko. «Lagunekin ondo pasatzeko aukera dago, eta egunerokoari ihes egiteko bidea da», argitu du Anuzitak. Era berean, erantsi du 2008an egindakoberrikuntza lanek eraikineko tresnak hobetzeko balio izan dutela: «Argi eta soinu sistemak berritu genituen. Musika taldeak oso pozik joaten dira hemendik».

Baina orain lau urte egindako lanak ez dira bakarrak. Izan ere, lehen solairuan gune berri bat egokitzen dabiltza iaztik. Lab izena du aretoak, eta 25 pertsonarentzako edukiera izango du esperientzia partekatzeko guneak. Gazteek zein beste eragile batzuek proposatu eta bultzatutako jarduerak egongo dira. Aretoa wifi eta erabilera anitzeko altzariekin hornituko da tailerrak, ikastaroak eta hitzaldiak egiteko. Entsegu gelek eta areto nagusiak adinako arrakasta badu, pozik egongo dira Bilborockeko arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.