Kirol medikua da Iñaki Arratibel(Tolosa, Gipuzkoa, 1958), eta hark lan egiten duen Tolosa Kirol Medikuntza Zentroak 30 urte bete berri ditu. Balorazio «oso positiboa» egin du. «Gustatzen zaidana ari naiz egiten, eta hori ez da gutxi», azpimarratu du. Urteurrenaren harira, hitzaldiak antolatu dituzte ostiralean Tolosako Casinoan.
Ibilbidean zehar aldaketa eta berrikuntza handiak egon dira tratamenduan?
Bai, progresio bat egon da. Hasi nintzenean, hemen ez zegoen kirol medikuntzari buruzko ezagutza handirik. Ni Alemanian ikasitakoa naiz, eta handik ikasi eta ekarritakoa nahiko berria zen. Pixkanaka, jende eta talde askorekin egin da lan. Berrikuntzak bi aldetatik egon dira. Aurrerapauso handiak eman dira errendimenduan eta diagnostikoan. Lesioak tratatzeko orduan ere bai. Hala ere, gehiago aldatu da diagnostikatzeko modua. Erresonantziak ondo joan dira, ekografiak berritu egin dira, eta beste hainbat aurrerakuntza izan dira.
Teknologia berriak eragin zuzena izan du, ezta?
Bai. Teknologia izan da aldaketa nagusia. Gure lan egiteko eran asko eragin du. Lehen, esaterako, atalasea kalkulatzea oso zaila zen, benetan lan astuna. Orain, berriz, erraz egiten da. Asko aurreratu dira gauzak. Etengabeko ikaste prozesu bat da medikuntza, eta horrek une oro berritzen egotea eskatzen du.
Kirol medikuak errendimendua hobetzen ere lagun dezake?
Bai. Lesioak tratatzen ditugu, hori ere gure egitekoa delako, baina gure lanaren zati handi bat da errendimenduan diagnostikatzea norbera zer intentsitatetan entrenatu behar den, gauzak nola egin behar dituen. Baita dietak ere. Arlo horretan asko egiten dugu lan.
Kirola osasunarekin estuki lotuta dago, baina uste duzu jendea jabetuta dagoela ariketa fisikoak dituen arriskuez?
Ez eta bai. Jendea geroz eta kontzienteagoa dela uste dut, baina oraindik gauza asko egiten dira gaizki. Jende berria sartzen ari da kirolean, eta ez dute pixkanako prozesua egiten. Zuzenean helburu handiak jartzen dira. Bestalde, proba berriak sortuz joan dira. Lehen, guretzat, maratoi bat korritzea asko zen. Orain, mendi maratoiak, ultra maratoiak eta beste atera dira. Horrek aldaketa bat ekartzen du. Bi arlo oso garrantzitsu daude. Alde batetik, errendimendu egokia lortzeko pisua eta abar nola kudeatzen den. Askotan, hor, arazo larriak ikusten ari naiz. Bestetik, lesioak. Lesio berriak agertuz joango dira. Ez dakit jendea arriskuez ohartzen den. Kirola egitea onuragarria da, eta hori da bilatu eta eskatzen duguna. Nolabait, gizarte baten osasuna horretan oinarritzen delako. Baina hor sartzeko, jakin egin behar da: zein den zure pisua, oinarrizko kalterik baduzun edo ez, nolako intentsitatean egin beharko zenukeen kirola, eta beste. Hori beharrezkoa da jarduera fisikoa edo kirola osasungarria izateko.
Eliteko kirolean lanean ibilia zara. Emaitzak osasunaren aurretik jartzen dira batzuetan?
Bai, noski. Goi mailako kirola ikuskizun bat da, eta negozioa ere bai kasu batzuetan. Ekonomikoki diru asko ematen ez duten kirolak daude, baina ikuskizuna izaten jarraitzen dute. Une batzuetan erabakiak hartu behar dira. Esaterako, kirol batzuetan, futbolean adibidez, lesio batekin jokatzen jarraitu edo ez. Beste kirol batzuetan sinpleagoa da. Errazago ulertzen da ez bada geldialdi bat egiten lesioa larritu egin daitekeela, edota errekuperazioa luzatu. Kirol batzuk ikuskizun hutsa dira; diru asko dago tartean, eta beste plano batean jartzen da. Ezberdindu egin behar dira ez bakarrik kirol eta taldeak, baita maila ere. Ikuskizunak eta mailak bultzatzen zaitu mediku gisa muga horretan jartzera. Lehenengo beti osasuna jartzen dugu, baina zalantza gehiagorekin.
Behobia-Donostia lasterketa izango da igandean. Gero eta parte hartzaile gehiago ditu. Maratoi erdia izanik, nahiko neurri hartzen dituzte lasterkariek?
Ehuneko handi batean baietz esango nuke. Baina egia da aurkezten diren guztietatik badagoela kopuru bat ez dagoena prestatua. Beti dago multzo bat, eta multzo hori oso arriskutsua da. Jende berria sartzen da, eta ez dituzte urrats guztiak egiten. Zuzenean lasterketa luzeetara jotzen dute, arrisku faktoreei begiratu gabe.
Aurretik jendeak badu azterketa medikoa egiteko ohitura?
Gutxik. Badoa apurka, baina, ez dagoenez behartuta, ez dago ohiturarik. Batzuek uste dute bihotzeko arazo bat aurkitzeko soilik balio duela, baina ez da hori bakarrik. Horrela jakin ahal duzu ea prest zauden irten nahi duzun proba horretan parte hartzeko.
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Arratibel. Kirol medikua
«Eliteko kirolean, emaitzak osasunaren aurretik jartzen dira»
Kirol medikuntzan ibilbide luzea du Iñaki Arratibelek, eta denbora horretan berrikuntza eta aurrerapauso handiak eman direla dio. Azaldu du diagnostikatzeko modua aldatu dela gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu