«Jende asko hil da informatikaz, zuzenbideaz edo astrofisikaz jakin gabe. Baina jan egunero egiten dugu, denok». Ziur da Edorta Agirre janaria gertuko gaia dela ororentzat, eta horregatik ahalegindu da elikadurari lotutako esamoldeak eta terminoak bi hiztegitan biltzen: Elikadura hiztegian eta Elikadura Hiztegi entziklopedikoan. Sarean jarri ditu, Internet zaleen eskura. Erreminta dinamikoak eta erabilgarriak izan daitezen nahi du. Sukaldaritzan aditua eta Egunkaria eta BERRIAko kolaboratzaile ohia da Agirre, eta euskara eremu guztietan erabil dadin dabil ekinean.
«Gabezia larria» dauka euskarak sukaldaritzari lotutako lexikoan. Ez da hitz falta, baizik eta ezagutzarik eza. Agirreren irudiko, erdarara jotzen du euskal hiztunak maiz, haren hizkuntzan baliabideak bilatu beharrean: «Munduko sukaldaririk trebeenak ditugu, ez dakit zein unibertsitateko Culinary hori, eta gero, dena frantsesez edo espainieraz! Euskara bakarrik erabiltzen dute esateko: 'Arratsalde on, denoi, eta eskerrik asko etortzeagatik'».
Horregatik, irtenbideak eskaini nahian egin ditu Interneten kontsultagai dauden bi liburuak. 125 orrialde ditu Elikadura Hiztegiak, eta sei zutabetan dago banatuta. Lehenengo zutabean, euskarazko hitza jaso du; ondokoan, sinonimoak; hirugarrenean, latinezko adiera; laugarrenean, gaztelerazkoa; bosgarrenean, frantsesezkoa; eta azkenekoan, ingelesezkoa. Hitzen jatorrian eta nolakotasunean jarri du arreta. Ez dago gainontzeko hizkuntzetatik hartutako maileguen aurka, norbere baliabideak ezagutzearen alde baizik. «Hitz asko hartu ditugu. Aldamenean dugu frantsesa, adibidez, ardo munduan, mugarik gabeko jakinduria itsasoa da; espainiera pobreago dabil... Nutrizioaren inguruan, kasurako, ingelesez kaleratzen dute gehiena». Bestetik ikasi behar dela pentsatzen du, berezkoa galdu gabe. «Maileguak onartu behar ditugu. Ez dut ulertzen euskara bakarrik txakurrari alboratzeko esateko erabiltzea».
Jaki bakoitza, zertarako?
Elikadura Hiztegi entziklopedikoak erabilpen ugari izan ditzakeela iruditzen zaio. «Adibidez, abritoka. Euskal Herrian noiz sortu zen? Nola kontsumitzen da? Zer egin behar da hartzeko?». Gisa horretako zalantzei erantzuna ematen die. Elikagaiak, jatorria, sukalde tresnak... zer diren eta zertarako balio duten argi eta garbi azaltzen du.
Lan handia egin du Agirrek, baina oraindik luzea da egin beharreko bidea; «3.100 bat hitz-edo» geratzen zaizkio ikertzeko. Gaur-gaurkoz, lau urte inguru pasatu ditu bi obren harira, eta, falta zaionarekin, beste bi urte pasatzea aurreikusten du. Dena den, kontent dago egindakoarekin.
Sortutakoarekin gustura badago ere, badu kexa bat: finantzabidea. «Elikaduraren hiztegiak sortzeko xentimorik ez egotea lotsagarria da». Erakundeek diru laguntzak ukatu dizkiotela dio, haserre. Gainera, diru falta aitzakia delakoan dago.
Interneten baino ez daude bi erremintak eskuragai, ez da izan, baina, diru faltak eraginda. Hala nahi izan du sortzaileak. Hiztegiak «bizirik» daudela dio, eta sareak baino ezin diela eman bat-batekotasun hori. «Ez nuen nahi hiztegiak geratzea apalean sekula santan zabaldu gabe, hautsa pilatzen». Kontrakoa lortu nahi zuen, hain justu: «Euskaldun guztiek izatea eskura».
Internetek bestelako funtzioa ere bete dezakeelakoan dago Agirre. Iradokizunentzat txoko bat zabaldu du, eta horri esker hiztegia osatzeko aukera dagoela nabarmendu du.
«Euskararen normalizazioan laguntzeko» egin ditu hiztegiak, eta uste du balio dutela «euskal unibertsotik atera gabe azaldu ahal izateko beste euskaldun bati jaki bat zer den». Etengabe gainontzeko hizkuntzetara jotzea saihestu nahi du: «Badakigu erdaraz, badakigu esaten muslo de pollo, orduan, zertarako saiatuko gara oilasko izterra esaten?».
Elikagaien izena eta izana
Euskarazko 'Elikadura Hiztegia' eta 'Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa' sortu ditu Edorta Agirrek; 4.134 hitzen sinonimoak eta esanahiak bildu eta sarean jarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu