Estuki lotuta daude elikadura nahasmenduak eta sexualitatea. Alabaina, harremana ez da oso ezaguna, eta gutxi ikertu da, Paula Martinez (Getxo, Bizkaia, 1996) sexologo eta Suazugan proiektuaren sortzailearen irudiko. Martinezek tailer bat emango du elkarreragina xehatzeko bihar, Emargi elkartearen egoitzan, Bilbon. Aldez aurretik, izena eman behar da.
Janaria eta sexua, biak ala biak deitoratuak izan dira batzuetan, plazera izan dutenean helburu. Oinarrian jada lotuta daude?
Detaile horretatik hasita, bai. Jateak plazera ematen du, eta zure edo beste norbaiten sexualitatearekin harreman ona edukitzeak ere plazera ematen du.
Neurrigabekeria zigortzen da, beraz?
Bai, bietan. Publizitatean hauspoa ematen zaio jateari, ez neurririk gabe, baina bai behar baino gehiago jateari. Baina zigortu egiten da gehiegi jatea, emakumeen kasuan batez ere, ez bada gero konpentsatzen, estandar batzuetan sartzeko. Sexualitateari dagokionez ere, arretagunea emakumeen gainean egon ohi da.
Elikadura nahasmendu bat duen pertsona batek zer harreman du bere gorputzarekin?
Hainbat elikadura nahasmendu mota daude, baina, kasu gehienetan, blokeo oso handia dute haien gorputzarekin: ez dute ispiluan begiratu nahi, eta, begiratuz gero, loditu diren edo ez ebaluatzeko egiten dute; ez da izaten begirada lasaia, baizik eta kritikoa; ez dute errealitatea ikusten, baizik eta buruak distortsionatutako gorputz bat. Blokeoaren ondorioz, haien sexualitatea oso baldintzatua dago.
Nola?
Blokeoaz gain, aurreneko sintometako bat izaten da libidoaren jaitsiera: gogoa galtzen dute sexu harremanak edukitzeko bai beren buruarekin, bai beste pertsona batzuekin, gorputza erakusteko beldur baitira. Eta disfuntzio sexualak garatzen dituzte. Elikadura nahasmendua dutenek kontrol zorrotza dute janariaren eta kirolaren gainean, erne egon behar dute une oro; era berean, sexualitatea ere kontrolatuta edukitzen dute. Ondorioz, norbere orgasmoak zorrozki kontrolatzen dituen norbaitek, esaterako, zailtasunak izan ditzake orgasmoak edukitzeko, eta anorgasmia gara dezake. Nola egongo naiz lasai nire sexualitatearekin, ez banago lasai neure buruarekin? Momentu oro epaitua sentituko naiz.
Gorputzarekiko deskonexioaren ondorioz, desira adierazteko arazoak sor litezke?
Bai. Adibidez, elikadura eskasiaren ondorioz, ez badira sintetizatzen behar adina proteina, herren geratuko dira konexio sexual bat edukitzean jariatzen ditugun neurotransmisoreak; norbaitek proteina falta badu, edo energia gutxiegi, edo gorputzean ez badu behar besteko likidorik, erekzio bat edukitzeko zailtasunak izango ditu —hala zakilarena, nola klitoriarena—, ez du behar adina fluxu jariatuko bagina eta bulba hidratatzeko...
Sintoma horiek lagun dezakete elikadura nahasmendu bat diagnostikatzen?
Hainbat arlotatik diagnostikatu beharko litzateke. Sexologook ikusten badugu pertsona batek elikadura nahasmendua izan dezakeela, edo garatzen aritu litekeela, garrantzitsua da beste iritzi batzuk eskatzea. Medikuntzan, baina, sexologia azken pausoa da, sarritan: lehenengo, erreparatzen zaio psikologiari, psikiatriari, nutrizioari... eta, ondoren, sexualitateari. Guretzat, ordea, erabilgarria da testuinguru osoari erreparatzea.
Nola artatu ohi da elikadura nahasmendua?
Diagnostikatzen denean, Psikologia arlora bidaltzen da aurrena, eta Psikiatriara, hurrena. Osakidetzan, gomendatzen dizute nutrizionista batengana jotzea, baita ACABEra ere, elikadura nahasmendua duten pertsonei eta haien senideei laguntzeko Bizkaiko elkartera. Baina nutrizionista Osakidetzatik kanpo dago, baita sexologoa ere: pertsona bera jabetu behar da bere sexualitatearekin arazo bat daukala, eta orduan egiten du sexologoarengana joateko urratsa. Baina zenbat eta arlo gehiagotatik jaso laguntza, orduan eta arrakastatsuago eta azkarrago sendatuko da.
Ohiko tratamenduak ondorioak izan ditzake pazientearen sexualitatean?
Bai. Kasu batzuetan antidepresiboak ematen dizkiete; beharrezkoak izaten dira diagnostikoaren osteko lehen etapan, zurrunbilotik atera ahal izateko. Baina, batzuetan, albo kalteak dituzte: adibidez, libidoa jaits dezakete. Beraz, antidepresiboek gaiztotu ditzakete pertsonak jada badituen disfuntzio sexualak, elikadura nahasmenduari lotutakoak. Haren sexualitateari ez bazaio arreta jartzen, oinarrizko arazo horiek okerrera egin dezakete.
Kroniko bihur litezke, agian?
Tira, elikadura nahasmenduak kronikoak dira berez. Zoritxarrez, bizitza osoan borrokatu beharko dira horien kontra, edonoiz itzul baitaitezke. Baina egia da medikazioak kroniko bihur ditzakeela disfuntzio sexualak: alde batetik, laguntza dira; beste alde batetik, ez.
Elikadura nahasmenduen tratamenduan, funtsezkoa deritzozu genitalen anatomia ezagutzeari. Zergatik?
Elikadura nahasmendua duen pertsona batek distortsionatuta duenez bere gorputzaz duen irudia, garrantzitsua da gorputzarekin berriro konektatzea. Hezkuntza sexuala, sarritan, oso pobrea izaten da, edo ez da hezkuntzarik egoten, baina garrantzitsua da jakitea nolakoak diren gure genitalak, zer ikusten den eta zer ez, alde erogenoak ezagutzea, orgasmoa non gertatzen den jakitea... informazio asko dago genitaletan. Genitalen aniztasunaz hitz eginda, haiekin adiskidetuta, ispilu bat hartu eta begiratuta, jakinda zer gertatzen den ukitzen dudanean eremu bat edo beste, jabetuta nola aldatzen diren nire genitalak segun kitzikatuta nagoen edo ez... Genitalen irudi erreal bat sortuta, konexio bat sortzen da norberaren gorputzarekin. Gai gara ulertzeko zer gustatzen zaigun eta zer ez, eta adierazteko.
Anatomiaren ezagutzaz harago, masturbazioak ere balio dezake norbere gorputzarekin konektatzeko?
Sexu harremanak izaten dituzunean zeure buruarekin edo beste pertsona batekin, oxitozina jariatzen da, atxikimenduaren neurotransmisorea; hau da, masturbatzean, zeure buruarekin konektatzen ari zara. Momentu oso magikoa da: lasai zaude, erlaxatuta, zeure buruari plazera ematen, zeure buruarengan baino ez pentsatzen. Osatzen lagun dezake.
lotsabako
Sexualitateaz eta elikadura nahasmenduez gehiago jakiteko?
Ez du zuzenean erlazioa jorratzen, baina Emily Nagoski andreen sexualitateaz mintzo da Come as you are liburuan.