Maiz aipatu izan dugu pertsonaren energia eta elikagai beharrak honako faktore hauen arabera aldakorrak direla: adina, sexua, pisua, garaiera eta egiten den ariketa fisikoa. Hemen faktore horiek guztiak ahaztu gabe, lanean egin behar izaten dugun esfortzu fisiko edota intelektualak behar horiek nola aldatzen dituzten ikusiko dugu.
Gure gorputzeko organo eta zelula guztiek, beraien funtzioak behar bezala aurrera eramateko, egunero elikadurak eskaintzen dizkigun energia eta substantzia nutritiboak beharrezkoak dituzte. Esfortzu fisiko gogorreko lanetan oso modu berezian energia kopurua zaindu behar dugu, pertsonaren osasunean kalterik izan gabe, laneko jarduna ongi egin ahal izateko. Baina estresa soilik psikikoa denean, berriz, eta lanetik kanpo kirol gogorrik egiten ez badugu, ez dugu energia gehiago behar. Kasu horretan garrantzi handiagoa izango du nerbio sistemaren funtzionamendu egokiarekin zerikusia duten nutrienteen ekarpen egokiak.
Esfortzu fisikoa gogorra denean
Behin baino gehiagotan artikulu hauetan aipatu ditugun janari taldeen maiztasun berbera jarraitu beharko dugu: egunero 2-4 fruta, barazkiak, zituak-ogia eta 2-3 esneki; lekaleak astean 2-3 aldiz; arroza-pasta, astean 1-2 egunetan; fruitu lehorrak astean 2-4 egunetan; haragia-arraina astean 3-4 aldiz bakoitza; arrautza astean bost gehienez… Baina gure plateren kantitateak handixeagoa izan beharko du gastatzen dugun energia gehiegi hori berreskuratzeko. Egunero beharrezko ditugun 4-5 otorduak modu ordenatuan egiten jarraitzea ere oso garrantzitsua da.
Bestalde, kasu horietan eta batik bat beroa egiten badu, izerdiaren bitartez galtzen den likido kopurua handia izan ohi da. Horregatik oso modu berezian zaindu beharko da barneratzen den likido kantitatea. Nahiko ur edaten denean, gorputzaren hidratazio maila egokia da, eta osasunerako honako onura hauek lortzen dira: hesteen mugikortasuna hobea da, larruazala hidratatua dago, hezurren malgutasuna egokiagoa da, gernuko infekzioen arriskua txikiagoa da, arnasketa arazoak izateko aukera ere murriztu egiten da eta abar. Likidoa barneratzeko modurik egokienak honako hauek dira: ura, zukuak, saldak eta infusioak.
Nekea psikikoa denean
Gure gorputzean izaten diren prozesuak honako hauek dira: gure nerbio sistema oso zelula espezializatu eta garunez osatua dago. Garuna gure gorputzeko pisuaren %2-3 soilik bada ere, janarietatik lortzen dugun energiaren %20 kontsumitzen du. Estres psikiko handia dagoen egoeretan (ardura handiko lanpostuak, ardura ezberdin asko ditugunean...), lehen esan bezala, ez dugu energia kopurua handitu behar, baina zenbait elikagairen kontsumoa asko zaindu beharko dugu, nerbio sistemak ongi funtziona dezan: nerbio inpultsoaren trasmisioan, zelulen oxigeno garraioan eta abar.
Honako hauek dira konzentrazioan, oroimenean, errendimendu intelektualean eta gogo aldartean zuzenean eragiten duten elikagaiak: B taldeko bitaminak (B1, B2, B6 etab); E bitamina; honako gatz mineral hauek: potasioa, magnesioa, zinka eta burdina; linoleikoa eta linolenikoa gantz azido esentzialak; eta oligoelementuak: litioa, silizioa, selenioa eta kromoa. Ez da ohikoa oligoelementu gabezia izatea, gure gorputzak oso kopuru txikitan behar dituelako eta naturan oso zabalduak daudelako.
Elikadura desorekatua gure egunerokotasunean ohikoa bada, luze gabe aipatutako elikagaien gabezia ager daiteke gure errendimendu fisikoari eta psikikoari nabarmenki kalte eginez.
Taulan agertzen dira neke psikikoaren kasuan eragin gehien duten elikagaiak, horiek barneratzeko iturriak eta gabeziak agertuz gero egon daitezkeen ondorioak.
Aipatutako guztia dela eta, neke psikiko gogorra izaten diren garaietan, aipatutako elikagaien proportzio egokia sartu beharko dugu gure eguneroko dietan, betiere 4-5 otorduetan modu egokian banatuta.
Osasuna. Elikadura
Elikadura beharrak, lanaren arabera
Esfortzu fisiko edo intelektualen arabera, gorputzak dituen energia eta elikagai beharrak desberdinak dira. Esfortzu fisikoko lanetan, energia kopurua zaindu behar da. Lan intelektualetan, garrantzitsuak dira nerbio sisteman eragiten duten elikagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu