Elhuyar: 50 urte erantzun bila

Zientzia eta euskara uztarri berean nola lotu asmatu nahian hasi ziren larunbat arratsaldeetako bilera haiek, Donostian, 1972. urtean. Elhuyarrek mende erdia bete du, garaian garaiko erronkak zehaztuz eta haiei aurre egiteko tresnak emanez. '50 urte aurrerago' leloarekin ospatuko dute urteurrena.

Egoitza nagusira jauzi egin aurretik, Usurbilen bertan izan zuen Elhuyarrek beste bat. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Usurbil
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

«Arrakasta izatea irautea da». Ongi gogoan dauka esaldia Andoni Sagarnak. Arrasaten (Gipuzkoa) lan egiten zuen garaian esan ei zion Jose Maria Arizmendiarrietak, hango kooperatiben mugimendua sortu zuen apaizak. «Geroztik, bueltak eman dizkiot esaldi horri, eta egia da zerbaitek irauten badu nola edo halako arrakasta baduela. Eta zerbaitek irauten ez badu, izan dela halako une batean aparra atera duelako, baina gero pikutara joan dela. Elhuyarri dagokionez, esan behar da ez dela bakarrik irautea izan. Izan da irautea, eta, gainera, erronka berriei erantzunez irautea», hausnartu du duela 50 urte sortzaileetako bat izan zenak.

 

1972a zen urtea, Donostiako San Martzial kaleko jesuiten Circulo San Ignaciokoa lokala, Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako euskaltzale talde batena grina, larunbaterokoa zita, 16:00ak ordua. Erronka? Zientzia eta euskara uztartzea. «Erronka guztiak orduan zeuden puri-purian. Kulturalak, politikoak eta gainerakoak. Testuinguru horretan ulertu behar da hura. Gauzak benetan gaizki zeuden, eta zerbait egin nahi zen», atera du Sagarnak argazkia.

Luis Mari Bandres, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Juanjo Gabiña, Mikel Zalbide, Kepa Zalbide, Iñaki Azkune, Felix Azpiroz eta Xabier Larrea. Zer zegoen haien buruan? Sagarnak azaldu du: «Ikasketa guztiak erdaraz egin ditugu, baina euskaldunak gara, eta zerbait egin behar genuke hau guztia euskaraz landu ahal izateko». 16:00etatik 19:00etara. Larunbatero-larunbatero, hogei urtez, etenik gabe. «Bilera horiek balio izaten zuten planteamenduak egiteko eta etxerako lana hartzeko. Ez geneukan egiturarik: ez juridikorik, ez bestelakorik. Langilerik ere ez. Maria Luisa Aizpuru baino lehen hasi zen Imanol Tapia gauza batzuk eramaten, eta gero etorri zen Maria Luisa, eta langileen buru jarri zen».

Ingeniaritza Eskolakoak lehenengo, Kimika Fakultatekoak gero, administrazioan aritzen zen jendea hurrena, kontabilitatean ibiltzen zena, zuzenbidean... «Hasiera hartan, bazegoen bultzada bat, bazegoen lanerako gogo bat. Ilusioa eta sosik kobratu gabe aritzeko borondate bat. Horixe zen: bultzada. Une hartan, inportantea ez zen irakurleak edukitzea, baizik eta materiala prestatuko zuen jendea edukitzea. Jendea trebatzea. Gerora etorri dena ordukoaren aplikazioa da, nolabait», nabarmendu du Sagarna euskaltzainak.

Fitxak kaxetan

Urteak egin zituzten San Martzial kalean, jesuiten lokal hartan. Sagarnak ez dauka ahazteko hasiera hura: «Egurrezko fruta kaxetan sartzen genituen fitxak». Baina amaitu zen hango jarduna: «Egun batean, esan ziguten obra batzuk egin behar zituztela... beste lekuren bat ea bilatuko genuen... Oso eskuzabalak izan ziren, urteak generamatzan han, eta aitzakia edo egia, baina hori esan ziguten».

Elizatik elizara: jesuitetatik antonianoetara, Mandasko dukearen kaleko lokalera. «Denbora gutxi egin genuen han, besteak beste lokalak ez zigulako erosotasun handirik eskaintzen». Garibai kaleko pisu batera handik, Urbieta kalera gero... Usurbilera (Gipuzkoa) iritsi arte.

Zientzia eta euskara uztartzen egindako lana nabarmendu behar dela dio Sagarnak, baina egin zituztela gauza «aurrerakoiak» ere. «Ordura arte egindako lana bildu genuen: Guillermo Larrañaga jesuitaren natur zientzietako liburuak, gerra aurreko beste lan batzuk... Eta hori dena datu base batean sartzen saiatu ginen. Garai hartan, datu baseez ez zen asko hitz egiten. Zortea izan genuen. Gure artean aritzen zirelako Iparraldeko Harluxet familiakoak: haiek zebiltzan langintza horietan, eta sartu genituen gure datuak zintetan-eta». Akordura ekarri ditu fotolitoak, fotokonposizioa, IBMren makina, azetatoak, RAM Xerox etxea... Beste garai batzuk ziren.

Zoro zoragarriak

Elhuyarren zuzendari nagusi Jon Abrilek sortzaile haiei egindako aitortza da: «Zoro zoragarri batzuk ziren. Ikaragarria iruditzen zait larunbateroko bilera haietan abiatu zutena, eta, gaur egungo gizartetik begiratuta, pentsaezina ere bai».

Elhuyar, 50 urte aurrerago leloarekin ospatuko dute aurten urteurrena, baina 50 urte atzerago begira jarri da Abril. Balantzea: «Oso-oso erakunde bizia da. Etengabe ari da egokitzen eta moldatzen, erantzunak ematen, tresnak eskaintzen. 50 urte horiek etenik gabeko entzute ariketa bat izan dira. Uste dut horretan aunitz asmatu duela Elhuyarrek, eta aurrera begira ere hor egonen dela giltzarria».

Bada Elhuyar «erreferentzia», eta hori da erakundearen «ikurretako» bat. Besteak: «Aitzindaritza, konpromisoa eta bermea». Adibide bat ere jarri du Abrilek: «Pandemian zientzia dibulgazioaz aritzen bagara, sinesgarritasun batekin aritzen gara, eta jendeak entzun egiten gaitu, eta erreferentzialtasun hori bilatu egiten du. Euskararen alorrean, beste eragile batzuekin batera, Elhuyarren iritzia kontuan hartzen da. Adimen artifiziala euskaraz lantzen ari diren erakunde aurreratuenetako bat da. Aitortzen zaigu erreferentzialtasun hori: ibilbide oso horrek ematen duen bermea da».

Elhuyar ez da hiztegia?

Gaur egun, zientzia ez ezik, hizkuntza zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza teknologiak eta gizarte aholkularitza ere eskaintzen ditu Elhuyarrek. Duela lau urte iritsi zen Beatriz Arrizabalaga. Eta horrek eman dio lanik gehien: ingurukoei azaltzeak Elhuyar hiztegi bat baino gehiago dela: «Berdintasun teknikari izatetik egin nuen hona jauzi. Nola esplikatu ingurukoei Elhuyarren ari naizela lanean? Esaten zidaten: 'Nola egin duzu jauzi hiztegietara?'. Erreferentziala da horretan, baina beste hainbat lan egiten ditu, eta nik ez nuen horien berri hemen lanean hasi nintzen arte».

Eta hasi zen lanean bere alorrean. Topatu zuen argazkia «oso emakumezkoa» dela nabarmendu du Arrizabalagak: «Bai ardura postuetan, bai beste lanpostuetan. %70 dira emakumezkoak. Egon liteke zer hobetua, baina proiektu askotan txertatua dago genero ikuspegi hori. Ez da berdintasun planak berarekin dakarren kontu bat, baizik eta jendeak berak dakarrena. Lantalde bakoitzak egiten du horren inguruko bere lanketa. Beretik eta ikasi duen horretatik egin du gogoeta».

Urte osorako egitaraua

Elhuyarrek bi egoitza ditu gaur egun: Usurbilen egoitza nagusia, eta Durangon (Bizkaia) bestea. Ehun kidek osatzen dute lantaldea. Mende erdia bete dutela ospatzeko, irudi berezi bat diseinatu dute, hainbat ekitaldi antolatu —martxoan egingo dute lehenengoa—, eta kutxa berezi bat sortu. Sortzaileek hasiera hartan fitxak gordetzeko erabiltzen zituzten kutxei egindako keinu bat izan da. «Bilketa lan bat egiteko da. 50 urteotan Elhuyar izan dena adierazteko, baina, batez ere, hemendik 50 urteko gizarteari giltza batzuk emateko, uler dezaten gaur egungo gizartea zer den», azaldu du Abrilek.

Helburua? «Euskaraz, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz, eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea». Alegia, kutxak erantzunez betetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.