Aurten beteko dira 700 urte Beotibarko bataila gertatu zenetik. 1321ean izan zen, Larraun-Leitzaran eskualdetik (Nafarroa), Tolosara (Gipuzkoa) zabaltzen den haranean. Gertakariaren errealitate dokumentatua erakustea du helburu Beotibar. Zazpi mende geroago (1321-2021) liburuak. Xabier Irujok eta Larraitz Ariznabarretak idatzi dute, eta atzo aurkeztu zuten, Koldo Mitxelena kulturunean (Donostia).
Nafarren eta gipuzkoarren arteko gatazka gisa aurkeztu dute beti Beotibarko gudua. Gatazka politiko eta geoestrategikoa izan zela dio gertakariaren bertsio klasikoak; gipuzkoarrek, Gaztelako erreinuaren alde, nafarrak garaitu zituztela. Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko (AEB) Euskal Ikerguneko zuzendariak kontakizun hori gezurtatu du: «Soilik bidelapur banda baten eta merioaren gizonen [garaian polizia lana egiten zutenak] arteko gatazka izan zen».
Izan ere, ohikoak ziren bidelapurrak inguru haietan. «1200.urtean, Gaztelak Nafarroako hainbat lur konkistatu [tartean Gipuzkoa ]» eta «muga artifiziala» sortu zenetik, lapurretak ugaritu egin ziren. Horregatik, inguru horri gaizkileen muga esaten zioten. Halere, Irujok azaldu bezala, baziren Nafarroako Erresuman muga gatazkatsuagoak, Ebro edo Aragoi inguruetakoak, esaterako.
«Liburu hau historia da, ez da bertsio bat. Dokumentatu egin da», azaldu du Mikel Uharte Larraungo (Nafarroa) alkateak. Uhartek berak proposatu zion Irujori proiektua. Orain arte zabaldutako kronikak askotan dokumentaziorik gabekoak direla azaldu du Irujok. Gehienetan, kronikagileek interes pertsonalengatik desitxuratzen omen zituzten gertaerak.
Bertsio klasikoa guztiz esajeratua dela uste du Irujok: «Abereen lapurretatik abiatutako gertakari bat epiko bihurtu dute kronikagileek». 60.000 gerlari nafar zirela aipatzen du gehien zabaldu den kronikak. Aldiz, Irujok azaldu duenez, «dokumentuen arabera, nafarrak ez ziren 500 baino gehiago». Halere, Euskal Ikerguneko zuzendariaren ustez, arazoa ez da kronikak egin ziren garaian esajerazioak idaztea, baizik eta gaur egun oraindik bertsio horiek mantentzen direla.
Kutsu unibertsala
Beotibarkoa ez da kasu bakana: kronikariek beste hainbatetan ere baldintzatu izan dute historia. Horregatik, «Beotibartik abiatuta, Euskal Herriko eta beste lurralde batzuetako diskurtsoak, literatura eta historiografiaren artekoak, nola eraikitzen diren aztertzeko» intentzioa dutela adierazi du Larraitz Ariznabarreta Renoko Unibertsitateko irakasle eta ikasketa kulturaletako adituak. Asmo horrekin antolatu du irailaren 13tik 19ra Renoko Unibertsitatean egingo duten kongresua. Internet bidez ikusi ahal izango da, eta, han bildutako hausnarketekin, beste liburu bat osatuko dute.
Ekin Euskal Argitaletxeak argitaratutako liburuaz eta irailean egingo duten kongresuaz gainera, hitzaldiak ere emango dituzte. Gaur, 19:00etan, Tolosako udaletxean izango dira; abuztuaren 5ean, Berastegin (Gipuzkoa); eta 13an, Larraunen. Gainera, Larraungo Beltxaran Bikoteak abestutako kantuekin disko bat atera dute. Gillermo Zubiagaren ilustrazioak eta Xabier Isastiren diseinua dituen erakusketa ibiltari bat ere osatu dute.
Elezahar bihurtutako kronika
Xabier Irujok eta Larraitz Ariznabarretak Beotibarko batailaren bertsio klasikoa gezurtatzen duen liburu bat argitaratu dute. Irailean, 700 urte beteko dira gertakari hartatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu