Elena Arzak sukaldaria izendatu du Espainiako Gastronomia Akademiak sukaldaririk hoberena. Arzak jatetxean lan egiten du Elena Arzakek, Juan Mari Arzak aitarekin batera, eta hiru Michelin izar dituzte.
Ustekabean izan du sariaren berri Elena Arzakek, eta sariak esanahi berezia duela gogorarazi du. Izan ere, haren aitak sari berbera jaso zuen 1974. urtean, saria banatzen hasi ziren lehenengo urtean.
Oso gustura agertu da Elena Arzak jasotako aitortzarekin, eta gurasoak izan ditu gogoan saria jasotzerakoan: «Nire gurasoei eskerrak eman nahi dizkiet nigatik egin duten lan guztiagatik eta nigan konfiantza izateagatik», adierazi du sukaldariak.
Estimu handitan hartu du saria, eta sukaldari ogibidearen barnean gauzak ongi egiten dituen jende ugari dagoela ohartarazi du. Lankideei «erakutsitako babesagatik» eskerrak emateko aprobetxatu du abagunea.
Jose Ramon Calvok jaso du jangelabururik onenaren saria. Andoni Luis Aduriz sukaldariaren jatetxean lan egiten du, Errenteriako Mugaritz jatetxean (Gipuzkoa), eta bi Michelin izar dituzte.
Sari eta aitortza ugari
Urte oparoa izan da, sari eta aitortzeei dagokienez, bai Arzak bai Mugaritz jatetxeentzat. Apirilean, Restaurant gastronomia aldizkariak Juan Mari Arzaken ibilbidea saritu zuen Lifetime Achievement Award sariarekin. Ingalaterrako aldizkariak urtero proposatzen ditu sariok, eta munduko sukaldari hoberenen ibilbideak saritu asmo du.
Aldizkari berberak banatzen dituen Veuve Clicquot sarien atarian geratu zen iragan apirilean Elena Arzak. Lehenengo aldiz banatu zuten munduko emakumezko sukaldaririk onenaren aitortza egiten duen saria, eta Elena Arzakek eskuratu zuen hirugarren postua, Ane-Sophie Pic eta Nadia Santini sukaldarien atzetik.
Sari ugari jasotakoa da Elena Arzak. Besteak beste, 2000. urtean etorkizuneko sukaldari izendatu zuen Nazioarteko Gastronomia Akademiak.
Bizitza osoa eskaini dio sukaldaritzari Elena Arzakek. Sukaldean tradizio handia duen sendi batetik dator. Haren birraitona-amonek jada bazuten otorduak ematen zituen tabern bat. Txikitatik argi zuen Arzakek sukaldaritza izango zela bere ogibidea.
Suitzako Luzerna hirian egin zituen ostalaritzako ikasketak, eta, ondoren, Europako jatetxe handienetan egin zuen lan, tartean Ferran Adriaren El Bulli eta Parisko Vivarois jatetxeetan. Sei urtez etxetik kanpo ibili ondoren, aitaren jatetxera bueltatu zen. Egun, Arzak jatetxeko sukaldeburu izateaz gain, aitarekin batera gastronomia laborategian egiten du lan, tradizioaren eta modernitatearen oreka bilatu nahian.
Jatetxe onenetan, hirugarrena
Adurizen Mugaritz jatetxea ere kontuan hartu zuen Restaurant aldizkariak, eta munduko jatetxerik onenen artean hirugarrenizendatu zuen. Rene Redzepi sukaldariaren Kopenhageko Noma jatetxea eta Can Rocaren Gironako (Katalunia) El Celler jatetxearen atzetik geratu zen Mugaritz jatetxea. Juan Mari eta Elena Arzaken jatetxeak, berriz, zortzigarren postua eskuratu zuen, iaz bederatzigarrenean egon ondoren.
Pepe Rodriguez Rey Illescasko (Toledo, Espainia) El Bohio jatetxeko sukaldariburuak jaso du Elena Arzakekin batera 2010eko Espainiako Gastronomia Saria. Rodriguez Rey sukaldariaren lana goraipatu du Elena Arzakek. Haren lanaren kalitatea azpimarratu du, eta egiten duen sukaldaritza asko gustatzen zaiola esan du.
Josep Roca Celler de Can Roca jatetxeko edari arduradunak jaso du sommelier onenaren saria.
Elena Arzak sukaldariak jaso du Espainiako Gastronomia Saria
Errenteriako Mugaritz jatetxeko Jose Ramon Calvok jaso du jangelabururik onenaren saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu