Nota bakoitzean arnasten du jazza. Flamenkoa egunez egun ezagutuzdoa, eta musika klasikoa txikitatik du lagun Ariadna Castellanos Madrilgo musikariak. 2015ean, elektronika ere haren bizitzaren parte bihurtu zen Ed is Dead musikaria ezagutu zuenean. Agertokia eta MJU:ZIK diskoa partekatzen dituzte geroztik. Iruñean egon berri dira kontzertu bat ematen.
Ed is Dead DJ, ekoizle eta musikariarekin elkarlanean aritzen zara. Egiten duzuen musika hain ezberdina izanda, zerk bultzatu zintuen harekin disko bat egitera?
Nik disko bat neukan kaleratua, eta elektronikako produktu baten bila nenbilen, ez nuelako nahi bigarren diskoa soilik akustikoa izatea. Jaialdi batean jotzen ari nintzela, Ed is Dead entzun nuen, asko gustatu zitzaidan, eta kantu bat nirekin egitea proposatu nion. Proiektua gustatu, eta disko osoa egitera animatu zen.
Pianoak eta musika elektronikoak eskua emanda zuen istorioak muga berriak zeharkatzen dituela esan izan duzu. Zeintzuk dira mugak, eta nola gainditu dituzue?
Estiloan oinarritutako mugak daude, baina ez genuen topikoetan erori nahi. Nahiz eta nik jazzaren eta klasikoaren mundua eduki, eta berak elektronikarena, ez genuen estiloan pentsatu nahi konposatzerakoan. Ikasitako guztiarekin gauza on bat ateratzea nahi genuen. Biok pentsamolde irekia dugu, eta gauzak nahastu nahi genituen musikaren mesedetan.
Zer ikasi duzu esperientzia horrekin? Bestelako erregistroak ezagutuko zenituen, edo beste ikuskera mota bat garatu.
Bai, konposatzeko modua ezberdina da niretzat orain. Lehen, notetan pentsatzen nuen bakarrik. Elektronikak burua irekitzen dizu, eta ehundurei erreparatzen diezu, koloreei, zaratei... Giro bat sortzen duzu, eta lehen baino baliabide gehiago dituzu eskura.
Hain desberdinak diren estiloek bat egiten dute zuen kontzertuan. Bat egite horrek egiten al du ikuskizuna berezi?
Bai, bi mundu nahastu ditugu. Nirean zuzeneko elektronika sartzea oso berritzailea da. Elektronikaren munduak zati erritmikoa eta sonoritatea dauzka, baina ez du eduki harmoniko edo konplexu askorik. Bi munduak batzeak atentzioa ematen du, zerbait ezberdina delako. Guretzat, oso mesedegarria da, proiektuaren bitartez, lehen biltzen ez genuen publikoa dugulako orain, eta hori oso aberasgarria da.
Zer antzekotasun egon daitezke musika klasikoaren eta elektronikoaren artean, eta flamenkoaren eta jazzaren artean?
Kantak, hitzak, biraketak, sustrai erritmikoak ezberdinak dira, baina inprobisazio aldetik oso antzekoak dira flamenkoa eta jazza, egitura baten gainean inprobisatzen dutelako. Paco de Lucia hasi zen hori egiten, eta, egun, flamenko gehienek inprobisatzen dute; estilo askorekin ere gauza bera gertatu da. Elektronikan eta klasikoan, ordea, ez dago inprobisaziorik: zuk badakizu zer jarriko duzun, kontzertua modu berean entzungo da kasik jotzen dugun bakoitzean.
MJU:ZIK albumean kanta propioak egoteaz gain, Edith Piafen eta Paco de Luciaren kanten bertsioak egin dituzue. Ez al da hautu arriskutsua izan artista horien kanten bertsioak egitea?
Beti izaten da arriskutsu askotan egiten ez dena egitea. Edith Piafen kanta ez da hain oldarkorra izan, pianoz jotzen den kanta klasikoa baita, eta hori askotan egin izan da. Paco de Luciaren kantan elektronika sartzea izan zen arriskutsua niretzat. Biok errespetu handia diogun artista da. Erritmoa bere hartan mantendu dugu, eta soinuak bakarrik aldatu ditugu: kaxoia ez ezik, perkusio elektronikoak ere baditu.
Washingtongo John F. Kennedyren antzokian eta Mexikoko Clazz nahiz Monterreyko Jazzaldian jo izan duzu. Donostiako Jazzaldian jotzea amets duzu?
Bai; egia esan, bertan jotzeko gogo handia dut, munduan ezaguna den ekitaldi bat baita. Ulertzen dut kanpoko artistak ekartzeak interesa izan dezakeela, baina hemen ere badago gauzak ondo egiten dituen jendea.
ATZEKOZ AURRERA. Ariadna Castellanos. Piano jotzailea
«Elektronikak aldarazi egin dit konposatzeko modua»
Castellanosen pianoaren tekletatik hiru estilo igarotzen dira: jazza, flamenkoa eta klasikoa. Hirurak haren musikaren parte izan arren, jazza du bihotzetik gertuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu