Marijaiaren mezulariak. 2000. Loli Astoreka

«Elefantearen gainean igotzeko unea izan zen denetan lotsagarriena»

Pregoilari moduan jardutea Loli Astorekaren interpretaziorik neketsuena izan zen. Agertokian eskarmentu handia izan arren, zaila egin zitzaion testua irakurtzeko unea. Hala ere, momentu «magikoak» izan ziren harentzat.

Bilbo
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Telebistan, zineman eta antzerkian hamaika pertsonaiaren azalean jartzeagatik da ezaguna Loli Astoreka zornotzarra. Eta, duela hamabi urte, beste bat interpretatzea egokitu zitzaion: Bilboko Aste Nagusiko pregoilariarena. Marijaiaren baimenarekin, jaietako pertsonaiarik garrantzitsuena bihurtu zen. Izan ere, 2000. urtean, hiriko txoko eta bazter guztiak goitik behera pasatu zituen.

Lan horretarako enkargua eman zioten uneaz oroitzen da oraindik. Igerilekuan zegoen, eta «ezustean» jaso zuen Astorekak lan horretarako eskaria. Kargua oso pozik hartu zuen. Baina, hasiera batean, bere buruari galdera asko egin zizkion: «Zergatik ni? Zer egin behar dut pregoilari moduan?». Dena den, konpartsen erabakiarekin konfiantza hartuz joan zen, eta aurrera egitea erabaki zuen.

Bederatzi egunez, Bilboko kale kantoi guztietatik ibili zen pregoilariz jantzita. «Toki guztietara eramaten ninduten, eta, noski, ni haien atzetik nindoan, nola bestela!». Egun gogorrak izan ziren harentzat, baina «magikoak» era berean.

Mota guztietako momentuak bizi izan zituen: alaiak, hunkigarriak, baita lotsagarriak ere. Oilo ipurdia jarri zitzaion, esaterako, unerik hunkigarrienean: Basurtuko Ospitalean urtero egin ohi den bisita ez dauka ahazteko Astorekak. «Ospitalean zeuzkaten umeen irribarrea ikusteak ezabatu egin ninduen», dio aktoreak. Era horretan, jaiak denontzat izan behar direla ikasi zuen. «Horrelako ekintzekin, umeek ahaztu egiten dute euren egoera eta non dauden», dio Astorekak.

Unerik lotsagarriena, berriz, zirkua Areatzara jaitsi zenekoa izan zen. «Gona neraman jantzita, eta elefante batera igo behar izan nuen». Animaliaren «leporaino igo», eta jaietako zapia hanka artean jarri behar izan zuen aktoreak. «Iruditzen zait argazki horrek mundu osoari eman ziola buelta», gogoratu du, irribarrea ahoan duela.

Pregoiaren irakurketa

Egunik politena, ordea, pregoiaren momentukoa izan zela aitortu du. «Bilbo osoa nire begipean zegoen, dena kolorez beteta, eta Plaza Barria, berriz, gainezka». Ez du hitzik topatzen momentu hori deskribatu ahal izateko; baina argi du une horretan emakumerik «zoriontsuena» izan zela. Hala ere, hasiera batean gogorra egin zitzaion, eta, bere burua kontrolatzeko, hainbat aldiz arnasa sakon hartu behar izan zuen publikora ohituta dagoen aktoreak.

Hamabi urte igaro diren arren, oraindik buruan du irakurritako pregoia: «Nire lanbidea antzerki munduaren inguruan dabilenez, jaien eta obra baten arteko konparazio bat egin nahi izan nuen», dio. Herritarrak aktoreak izango balira bezala aurkeztu zituen. Esaterako, mozkorrarena egiten zuenari «bere pertsonaia interpretatzeko garaian inor ez gogaitzeko, ez zikintzeko eta elkarrekin alai ibiltzeko eskatu nion».

Pregoi luzea bota zuen Astorekak; euskara hutsean, gainera. Horren harira, gaztelaniaz mintzatu ez izana batek baino gehiagok galdetu zion. Baina ez zen gaztelaniazko bertsioa prestatuta eraman ez zuelako. Ezta gutxiago ere. «Idatzita eraman nuen, baina euskarazko zatia luzeegia egin nuen, eta ez nuen bestearentzako astirik izan», azaldu du.

Une polit eta aberasgarri ugari ditu buruan Astorekak; hala ere, onartu du lotarako orduak faltan izan zituela. Haren ustetan, aurreko urteetako pregoilariak «azkarragoak» izan ziren, «ez zituztelako 24 orduak ematen jaietan».

Pregoilari gisa izandako urtea eta uneak ondo asko gogoratzen ditu aktore zornotzarrak. Eta pertsonaia horren larruan jardutea esperientzia izugarria izan zen Astorekarentzat. Baina, hala ere, ez du kargu hori berriz hartzeko intentziorik ere. Izan ere, haren ustez, oraindik ere jende asko dago «ohore hori merezi duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.