Bueltan dira Trixertak. Bueltan dira albisteak oinarri dituzten elastikoak. 2015ean abiatu zen egitasmoa, eta zazpigarrenez sortuko dituzte aurten BERRIAk, Oninart enpresak eta hiru sortzailek: Sastrakak, Unai Gaztelumendik eta Iñaki Landak. Bertze behin ere albisteek paperetik elastikora eginen dute salto.
Astero hiru diseinatzaileetako batek izanen du BERRIAko editore taldeak aukeraturiko albisteriari irudia jartzeko ardura. Hiru horietan lehena izanen da Sastraka, eta ondotik etorriko dira Unai Gaztelumendi eta Iñaki Landa. Astelehenean aukeratuko dute albistea BERRIAn, eta artistek 48 orduko epea izanen dute diseinua prestatzeko. Ortzegunean izanen dira eskuragai kamisetak. Behin erosketa eginda, Oninartek Lesakan (Nafarroa) dituen estudioan inprimatuko dituzte inpresio zuzeneko estanpazioak egiteko makina batean, eta, azkenik, BERRIAk izanen du kamisetak banatzeko ardura.
Astero trixerta berri bat aurkeztuko da, baina aste horretatik kanpo ere erosteko aukera izanen da. Prezioei dagokienez, BERRIAlagunentzat 17,95 euroan egonen dira eskuragai, eta BERRIAlagun ez direnen kasuan, berriz, 19,95 euroan. Kamisetak eskuratzeko trixertak.eus atarira jo beharko da. BERRIAlagunek, gainera, (0034) 943304345 zenbakira deitzen ahalko dute eskatzeko. Denera bederatzi diseinu berri izanen dira aurtengoan. Apirilaren 26an lehenengoa eta ekainaren 24an azkena. Hala ere, erosketak uztailaren 4ra bitartean egiten ahalko dira.
Teknika ezagutzen
Oninart enpresak Lesakan (Nafarroa) duen biltegian dena prest dute dagoeneko Trixertak estanpatzen hasteko. Aitzineko urteetan ilustratzaileek Lesakara egin izan dute txangoa inpresioak nola egiten diren ikusi, probak egin eta kamiseten koloreak aukeratzeko. Aurten, ordea, pandemia dela eta, ezin izan dute horrelarik egin, eta bideo dei bidez izan dute Oninart ezagutzeko aukera birtuala.Kamiseten koloreak ikusi eta gustukoenak aukeratzeaz gain, beren diseinuetariko batzuk inprimatu eta azken xehetasunak lotzeko aukera izan dute horrela.
Lesakan darabilten makina ez da ohikoena kamisetak egiteko orduan. Inpresio zuzeneko makina baten bidez ekoizten dituzte kamisetak, banaka-banaka pertsonalizatzeko aukera eskainiz. Prozedura erraza dauka: kamiseta makinan sartu eta minutu gutxitan inprimitzen zaio ilustrazioa. Ondotik, bertze makina batean irudiaren eremua zapaltzen da, eta prest geratzen da kamiseta. Batzuetan bigarren makina horrek arrasto txikiren bat uzten du, baina lehengoz garbitzearekin bat ezabatzen da hori.
Imanol L. Perotxena enpresako arduradunak nabarmendu duenez, diseinatzaileekin duten harremana estuagoa eta hurbilagoa da egun, eta horrek azken xehetasunak gehiago zaintzea dakar: «Lanean ari direla lasai asko idazten digute, eta guk probak egin eta argazkiak bidaltzen dizkiegu azken emaitza zein den ikusteko. Horrela xehetasun txikiena ere kontrolpean izan dezakegu.
Dena prest dago kamisetak egiten hasteko. Albistea aukeratu, eta ilustratzaileen garunak eta arkatzak martxan jartzea bertzerik ez da falta.
SASTRAKA
«Denbora ez da arazo izango diseinuak egiteko orduan »
Sastrakaren atzean dago Jone Bengoa ilustratzailea (Eibar, Gipuzkoa, 1996), eta harena izanen da lehen trixerta egiteko ardura. Gogotsu eta intrigaz hartu du enkargua; izan ere, lehen aldia du espresuki kamiseta baterako diseinua egiten. Kamisetak euskarri gisa dituen ezaugarriak diseinua egiterako kontuan hartuko dituela nabarmendu du: «Ez da gauza bera jantzita eraman eta zure look-aren parte izatea. Marrazki askotan gertatzen da marrazki gisa oso politak direla, ongi eginda daudela, baina gero kamiseta batean jantzita eramateko gehiegi dela. Pentsatu behar da horretan ere».
Oraindik ere ez du argi lan egiteko zein metodologia erabiliko duen. Alta, iruditzen zaio 48 orduan nahikoa denbora izango duela diseinua pentsatu eta hori behar bezala gauzatzeko. «Diseinuak oso azkar egitekoa naiz normalean. Lehenengoa izaten da ideia izatea, eta hori izaten da prozesurik zailena. Baina oso bizkor egiten ditut marrazkiak, eta hori ez da arazo bat izango nire kasuan».
Bere ilustrazioetan testuak erabili zale da Bengoa, eta horiek presentzia handia izaten dute, gainera. Oraingoz ez du pentsatu Trixerten kasuan testuak mantenduko dituen, edo bestelako ilustrazioak egingo ote dituen. Alta, kontu bat argi du: unean uneko sentsazioen arabera lan egingo duela. «Momentuan erabakiko dut, momentuko sentsazioen arabera».
Lehen probak eginda pozik da orain arte lorturiko emaitzekin: «Sorpresa polita izan da deskubritzea nola egiten duten lan makinarekin, eta oso gustura geratu naiz ikusitako azken emaitzarekin». Dagoeneko aukeratuak ditu kamiseten kolore posible batzuk, baina albistea jaso eta ilustrazioa egin arte ez du behin betiko erabakirik hartuko. Boteprontoan egingo du dena: «Etortzen denarekin egingo dut aurrera».
UNAI GAZTELUMENDI
«Nire marrazki estiloa, trazua nabarituko da»
Aktualitateari begira ariko dira sortzaileak lanean Trixertak egitasmoan, eta horretara ohituta dago Unai Gaztelumendi (Añorga, Donostia, 1988) diseinatzailea. Hiru Damatxo Ideia Faktorian egiten du lan, eta gogoz hartu du erronka: «Azkenaldian proiektu luzeagotan nabil, atenporalagoetan, eta banuen gogoa arnasa motzeko beste proiektu batzuei heltzeko, erlojupean ibiltzeko», kontatu du. Normalean aktualitateko gaiei begira egoten da, baina marraztea egokituko zaion astean oraindik eta adiagoa egonen dela kontatu du: «Tokatzen zaidan astean bai saiatuko naiz besteetan baino enteratuago egoten: hori garbi daukat».
Aitzinetik ere ikusi izan ditu bere diseinuak kamisetetan, baina ez ditu espresuki euskarri horretarako diseinuak sortu: «Kartelen baterako egindako diseinuek bukatu izan dute kamisetetan, baina sarean zabaltzen ditudan ilustrazioak ez dira nik horretarako propio eginak». Horregatik, azkenaldian, hainbat diseinatzaileren lanak ikusten ibili da, haien ideiez bustitzeko, nahiz eta argi duen albistea iritsi eta 48 orduan ateratzen dena izango dela azken emaitza.
Argi dio azken emaitza horretan bere estiloa nabarituko dela: «Niri askotan gertatzen zait nire estilotik ateratzen saiatzen naizela eta ingurukoek segituan harrapatzen nautela. Ez dut pentsatu, eta ez dut aurretik askorik pentsatu nahi; etortzen dena etortzen dela, nire marrazki estiloa, nire trazua nabarituko da».
Funtzionamendua nolakoa den ikusteko probak egiten ibili dira Oninarteko makinarekin eta ikusitakoarekin pozik geratu da: «Aspaldi egina nuen Txirrataren marrazki bat bidali nuen, eta oso gustura nago azken emaitzarekin. Ez dakit egingo ditudanak estilo horretakoak izango diren, baina azken emaitza oso fidela da buruan neukanarekin».
IÑAKI LANDA
«Interesgarria da gaur-gaurko gaiak irudi bidez lantzea»
Kartelak, liburuen azalak, laminak... diseinugintzan denetarik egindakoa da Iñaki Landa diseinatzailea (Portugalete, Bizkaia, 1981). Hura izango da Trixerta egiten hiruretan azkena, eta dagoeneko gogotsu da bere txanda noiz helduko zain. Erronka handitzat dut Trixertak egitea: «Interesgarria da gaur-gaurko gaiei heltzea irudi bitartez, eta, gero, hori kamisetetara eramatea, euskarri gisa bere zehaztasunak eta ezaugarriak dituelako», kontatu du.
Normalean eskuz egiten ditu diseinuen lehen zirriborroak, eta, behin hori zehaztuta, ondotik gehitzen dizkio apaindurak ordenagailu bidez. Oraingoan ere ohiko prozedurarekin egiteko asmoa du, nahiz eta erritmo biziagoan egin beharko duen: «Albistea iristean arnasaldi pare bat eginen ditut, eta ohiko prozedurari jarraituko diot. Lehenengo gaiari heltzeko behar dudan dokumentazioa lortu, eta, gero, bozetoak egin eta gustukoena aukeratu».
Normalean zuri-beltzean pentsatzeko ohitura du Landak, eta oraingoan erronkatzat du hortik atera eta koherentzia kromatikoa mantentzea. «Zuri-beltza ez da bateraezina kamisetekin, eta kasu honetan aukera asko daude, kolore eta tinta motaren arabera. Koherentzia mantentzen saiatuko naiz», nabarmendu du.
Trixertak egiteko orduan denbora izango du presiorik handiena Landak: «48 ordu ideia bat izateko nahikoa denbora da, baina ez hura gauzatzeko. Askotan gertatzen da zerbait sortu eta bigarren ikustaldian batere ez gustatzea eta dena ezabatzeko gogoa izatea. Kasu honetan ez dago denborarik». Horri egin beharko dio aurre Trixertekin.
Aktualitatea izanen du gai. Alta, behin baino gehiagotan landu izan du hori, eta ez du «arrotz» sentitzen arlo hori. Hori bai, ohikoa baino adiago ibiliko da gaia iristen zaionerako prest egon dadin.