Bilbon girotutako El Silencio telesaila maiatzaren 19an estreinatu zuen Netflixek, eta munduko milioika ikus-entzule ari dira hiriko irudiak ikusten. Aitor Gabilondok (Donostia, 1972) sortu eta ekoitzi du El Silencio; thriller psikologiko bat da, sei ataletakoa. Netflixek eman dituen datuen arabera, maiatzaren 22tik 28rako astean mundu osoan ingelesezkoak ez diren telesailen artean gehien ikusi dena izan da Gabilondorena. Hain zuzen ere, 46,5 milioi orduren ikustaldiak izan ditu Alea Media ekoiztetxearen fikzioak. Alde handia ateratzen die bigarrenari eta hirugarrenari: Hego Koreako Doctor Cha eta The Good Bad Mother telesailei. Laugarren tokian, La Reina del Sur-en hirugarren denboraldia dago (AEBetako Telemundo katekoa); eta bosgarrenean, Black Knight —Koreakoa hori ere—.
Nabarmentzekoa da beste datu bat ere: munduko 80 herrialdetan lehen hamarren zerrendan sartu da El Silencio. Europako 31 herrialdetan, Amerikako 24 herrialdetan, Asiako hamabostetan, Afrikako zazpitan eta Ozeaniako hirutan dago zerrenda horretan. Horrez gain, aurreneko tokian da —ingelesezko fikzioak barne direla— Uruguain, Serbian, Italian eta Espainian. Frantziako merkatuan ere lehen hamarretan sartu da.
Ingelesezko telesailen artean, Arnold Schwarzenegger aktorea protagonista duen Fubar telesaila dago lehen tokian: maiatzaren 25ean estreinatu zuten, eta aurreneko lau egunetan 88,9 milioi orduren ikustaldiak izan ditu. Soilik beste telesail batek gainditu ditu mundu osoan El Silencio-ren datuak: XO, Kitty-k, 63,7 milioi ordurekin. Hortaz, telesail guztiak aintzat hartuz gero, hirugarren tokian dago Bilbon grabatutakoa.
Alea Median, «oso pozik»
Egunotan, El Silencio telesailak kritika txar mordoxka jaso du, baina ukaezina da munduko herrialde askotako ikus-entzuleak kateatu dituela. Alea Media ekoiztetxeko ordezkariek adierazi dute «oso pozik» daudela mundu osoan lortzen ari diren ikusle datuekin: «Netflix plataformarentzat egin dugun aurreneko telesaila da, eta ikusle datuak ezin hobeak dira».
Fikzioko aktore gehienak Espainiakoak dira. Eta badira bi aktore euskaldun: Mikel Losada (Ermua, Bizkaia, 1978) eta Aitor Luna (Bergara, Gipuzkoa, 1981). Ertzainen rolean ari dira biak.
Gabilondo gidoilari eta ekoizleak lehen telesaila du Netflixekin. Maiatzaren 17an, hari egindako elkarrizketa argitaratu zuenBERRIAk, eta Bilboko eraikinek istorioan zer-nolako garrantzia duten azaldu zuen: «Isozaki Atearen inguruan dauden eraikinek Bostonen tankera dute; Gothamena ere bai, akaso». Garai desberdinetako arkitektura ageri da eremu horretako kaleetan. Hainbat eszenatan, bestalde, Atxuri auzoko ibaiertzeko irudiak ageri dira. «Benetako Bilbon oinarrituta, gure hiri zinematografiko propioa eraiki dugu», dio Gabilondok.
'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen
Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu