Prentsa

‘El Correo’, ‘El Diario Vasco’, ‘Gara’ eta BERRIAko zuzendariek kazetaritza goratu dute

Lau egunkari horietako zuzendariak Guardian (Araba) elkartu dira, Kazetarien Euskal Elkargoak gonbidatuta.

Martxelo Otamendi (Berria), Jose Miguel Santamaria (El Correo), Iñaki Soto (Gara) eta David Taberna (El Diario Vasco). KAZETARIEN EUSKAL EKARGOA
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 30a
18:18
Entzun

«Kazetaritza lanaren ofizioa aldarrikatu behar da, gero eta kazetaritza hobea eginez, eta hedabideoi exijitzen zaigun funtzio soziala betez». Hala uste dute El Correo-ko zuzendari Jose Miguel Santamariak, El Diario Vasco-ko zuzendari David Tabernak, Gara-ko zuzendari Iñaki Sotok eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik. Kazetarien Euskal Elkargoak elkartu zituen lau egunkarietako zuzendariak, atzo, Guardiako upategi batean (Araba), eta kazetaritzaren erronken inguruan aritu ziren solasean. Laurek bat egin zuten «kazetaritza gehiago eta hobea» egin behar dela adierazteko orduan. Noticias taldea ere gonbidatu zuten, baina taldeko arduradunak ezin izan ziren bertaratu.

Lau egunkarietako zuzendariek antzeko ikuspegia dute: uste dute oraingoz paperean dagoela negozioa, baina kalitatezko kazetaritzaren alde egin behar dela euskarria edozein dela ere. Etorkizunari begira, Santamariak nabarmendu zuen «informazio ona» behar dela, horrek denentzat balio duela. «Eta informazio onak dirua balio du».

Sotoren iritziz, lan «ona» egiten da euskal prentsan: «Gure lana inoiz baino hobeto egiten dugu, baina ematen du gizartean ez dagoela kazetaritzarekiko pertzepzio hori». Santamariaren arabera, ikerketek esaten dute gizarteak gero eta konfiantza txikiagoa duela hedabideekin. «Baina nik ez dut hain argi hori horrela denik. Pandemian, esaterako, albiste faltsuak zabaltzen ari zirenean, herritarrak erreferentziazko hedabideak bilatzen aritu ziren informazioa jasotzeko».

Otamendik ohartarazi zuen gezurrak betidanik egon direla, «eta gezur batzuk instituzionalak» izan direla. Tabernaren aburuz, kazetaritzak «informazio ona» eskaini behar du, eta ez ditu zabaldu behar informazio faltsuak eta gezurrak.

El País egunkariko zuzendari ohi Antonio Cañok joan den astean sare sozialetan adierazi zuen bere egunkaria saiatu zela eragozten Pedro Sanchezek itun bat egin zezan «populistekin» eta «separatistekin», Espainiarentzat «txarra» izango zelakoan. Lau egunkarien zuzendariek uste dute gai horrek merezi duen baino «zarata handiagoa» atera duela.

Ikus-entzunezkoak, laster
Edonola ere, Otamendik zera ohartarazi du: «Badakigu prentsak eragina duela. Hedabideok beti nahi dugu gure agenda ezarri: eragiteko bokazioa dugu. Hortik aurrera, pentsatu beharko da nolako rola jokatu nahi dugun laugarren botere gisa». Zera galdetu du BERRIAko zuzendariak: «Botere hori nola erabiltzen da arduraz? Zein dira mugak?». Sotoren iritziz, badaude kazetaritzaren prestigioari kalte egiten dioten beste eragile batzuk: prentsa kabineteak. «Badirudi horiek kazetariok baino hobeto dakitela zer idatzi behar dugun. Eduki batzuk sortu nahi dituzte, haien agenda saltzeko».

Kazetarien Euskal Elkargoak antzeko topaketa bat antolatuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikus-entzunezko hedabide batzuen arduradunekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.