Frantses filologian katedraduna da Justo Bolekia Boleka (Baney, Ekuatore Ginea, 1954), eta Espainian bizi da 1970eko hamarkadatik. Hala ere, ez ditu bere sustraiak ahaztu. Umetatik da bubiera hizkuntza gutxituaren hiztuna, eta bere hizkuntza jakintzak erabili ditu hura babesteko. Besteak beste, bubiera irakasteko bitartekoak eta bubiera hiztegiak argitaratu ditu. Unesco katedrak eta Manuel Iradier elkarte afrikanistak antolatutako Hizkuntza lankidetza eta Afrikako hizkuntzak mahai inguruan parte hartu du EHUko Gasteizko Letren fakultatean.
Hizkuntza lankidetzari eta Afrikako hizkuntzei buruz hitz egin duzue hitzaldian. Nazioarteko lankidetzak eragina al dauka tokiko hizkuntzetan?
Laguntzera doanak ez badu tokikoen hizkuntza ikasten, ezin dugu lankidetzaz hitz egin. Kooperantea afrikako herrixka batera badoa, ezin da tokikoekin euren hizkuntzan komunikatu, frantsesez, ingelesez edo portugesez egin behar du.
Zein ondorio dauzka lankidetzara doazenek atzerriko hizkuntza erabiltzeak?
Ez da benetako komunikaziorik sortzen. Kontuan hartu herrixka horietako biztanleek ez dakizkitela atzerriko hizkuntzak, edo oinarri- oinarrizko jakintza dutela. Tarzanen elkarrizketen gisakoak sortzen dira: nik gosea, nik jan, eta abar.
Kooperanteak tokiko hizkuntza ikasteak egoera aldatuko luke?
Bai, noski. Hizkuntza ikasteak ahalbidetuko luke atzerritarrak tokiko kide sentitzea, eta tokikoek eroso lan egitea beraiekin. Askotan, laguntza jasotzen dutenek ez dakite zertan ari diren kanpokoak. Proiektua euren ama hizkuntzan azalduta, ulertuko eta babestuko lukete.
Ekuatore Ginean hiru hizkuntza ofizial daude: gaztelera, frantsesa eta portugesa. Biztanle guztiek dakizkite?
Ez, ez. Gaztelera bai, gutxi gorabehera, biztanleen %99k ezagutzen dute. Baina askok oinarrizko mailan.
Orduan, zer dela-eta daude frantsesa eta portugesa ofizialki onartuta?
Arrazoi ekonomikoengatik. Frantsesa ofizial egin zuten herrialde frantses hiztunen taldean sartu zelako Ekuatore Ginea. Portugesarekin berdin egin zuten. Baina bi hizkuntzak ez daude gizartean sustraituta; ez dira kalean erabiltzen.
Atzerriko hizkuntzek gizartea «akulturatzen» eta alienatzen dutela diozu. Zergatik?
Norbaitek oso gaztetatik atzerriko hizkuntza bat ikasten badu, harenezagutzen garapena hizkuntza horren araberakoa izango da. Hizkuntza horri lotutako ereduen arabera garatuko da kulturalki, psikologikoki, gizarte aldetik eta gastronomikoki. Sortuko den pertsona ez da bere inguruarekin lotuta egongo, atzerrira joan nahiko du.
800.000 biztanle ditu Ekuatore Gineak, eta tokiko sei hizkuntza, ofizialak kontuan hartu gabe. Nola sortzen dira horren biztanle gutxiren artean horrenbeste hizkuntza?
Banaketa geografikoagatik sortu dira: sei hizkuntza dira, baina bost leku bereizitan daude. Hizkuntza bakoitzak bere lekua du, eta inguru horretan garatzen da.
Elkarren artean antzik ba al daukate hizkuntza horiek?
Ez. Hitz berdin bat edo beste erabiltzen dituzte, baina, bestela, gaztelerak eta euskarak daukaten antz bera dute.
Etnia eta hizkuntza lotu dituzu hitzaldian. Zer dela eta?
Etnia batek ditu hizkuntza bat, kultura bat eta jatorri bat. Horiek oinarrizko hiru zutabe dira. Horregatik lotzen ditut etnia eta hizkuntza.
Bubiera hiztunek ez baduzue bultzatzen desagertu egingo dela azaldu duzu. Zer egiten duzue bultzatzeko?
Gure kultur etxeetan, gazteei eta haurrei bubiera irakasten diegu, eta hizkuntzaren alde lan egin dutenak saritzen ditugu. Jendea kontzientzia hartzen dabil bubiera babestu behar dugula. Baina hori guztia gure kontu egiten dugu, gobernuaren inongo babesik gabe.
Zertan lagundu beharko luke gobernuak?
Gobernuak tokiko hizkuntzak ikastea bultzatu beharko luke. Nire ustez, derrigorrezko hezkuntzan sartu beharko lituzke hizkuntzak. Ekuatore Ginearen identitatea herrialdea osatzen duten herriek sortzen dute. Ekuatore Ginearen identitatea galduko da hizkuntzak galtzen badira.
Euskal Herriko ereduak balio al dizue erreferentzia moduan?
Euskal Herriko txoko askotan duten indar politikoa izan nahiko nuke nire hizkuntza inposatzeko. Eskoletan, elizetan, unibertsitatean eta beste toki askotan inposatuko nuke. Nire ametsak beteko nituzke horrela.
ATZEKOZ AURRERA. Justo Bolekia Boleka. Bubiera hiztuna eta filologoa
«Ekuatore Ginearen identitatea galduko da hizkuntzak galduta»
Bubiera hiztuna eta hizkuntza horren defendatzailea da Bolekia. Transmisioari garrantzia ematen dio. 'Hizkuntza lankidetza eta Afrikako hizkuntzak' hitzaldian parte hartu du Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu