Ekonomia etxekotzeko proiektua

'Enpresabidea.eus' egunkari digitala sortu dute, ekonomia eta enpresa arloei buruz euskaraz informatzeko asmoz

Pilar Kaltzada, proiektuaren sustatzaileetako bat, eta Niko Cuenca zuzendaria, atzo, Andoainen. JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Andoain
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Soildu egin behar ditugu hitz batzuk». Ekonomiari eta enpresei buruzko hitzez ari da Pilar Kaltzada. «Gutako bakoitza da eragile ekonomikoa: non erosten dugun, nola... erabaki ekonomikoak dira». Ekonomia eta enpresa, ordea, mundu arrotz eta urrun gisa ikusten dira sarritan: «Ekonomiaz eta enpresaz desjabetu egin gara, beste batzuei eman dizkiegu ardurak, eta ez ditugu gure ardura gisa ikusten; baina gure bizitzako parte garrantzitsuenetakoa da». «Dena da ekonomia», osatu du azalpena Niko Cuencak. «Ez burtsa eta finantza merkatuak bakarrik».

Enpresabidea.eus ataria sortu dute, ekonomiari eta enpresei buruzko euskarazko lehen egunkari digitala. Ekonomia berriro etxekotzeko. Eta zubi lanak egiteko: ez soilik herritarren eta ekonomiaren eta enpresen munduen artean; baita sozioekonomiaren eta euskararen artean ere. Pilar Kaltzada kazetari eta komunikazio aholkularia da sustatzaileetako bat; zuzendaria, berriz, Niko Cuenca ekonomialaria.

Kaltzadak, Cuencak eta beste batzuek ikusten zuten euskara iritsi zela hainbat arlo edo eremutara, baina oraindik arrotza zela enpresen munduan. «Ikusten genuen euskarak eremu hori ere behar zuela prestigioa handitzeko», Cuencaren arabera. «Euskara prestigiozko eremuetatik kanpo egon da tradizionalki, eta ekonomia eta enpresa prestigio esparruak eta botere esparruak dira», gehitu du Kaltzadak.

'Viaempresa.cat'

Kazetari eta komunikazio aholkulariak aspalditik zuen Kataluniako Viaempresa.cat ekonomiari buruzko Interneteko egunkariaren berri. Harremana ere bazuen haiekin. Halako zerbait nahi zuen euskaraz.

Viaempresa.cat ere sartu da Enpresabidea.eus proiektuan, bazkide gisa. Ataria egiteko Kataluniakoen azpiegitura eta diseinua erabili dituzte, baina Euskal Herrikoa ez da haien edizioa edo adarra. Elkarlanean ari dira, eta eduki batzuk bietan agertzen dira. Bi atarietan argitaratu dute Kaltzadaren erreportaje bat: Gernika-Sabadell. Gernikako (Bizkaia) 1937ko bonbardaketaren berri eman zuen sirena Sabadellgo enpresa batean (Herrialde Katalanak) sortu zuten.

Ekonomia eta enpresa gaiak lantzen dira komunikabideetan. «Oso ziklo ekonomiko indartsuan gaude, eta gaur egun ekonomia eta enpresen jarduerarekin zerikusia duten gaiak eguneroko gai bihurtu zaizkigu», nabarmendu du Kaltzadak.

Haren iritziz, ordea, komunikabide nagusietan enpresa handiei buruz hitz egiten da batez ere. Enpresabidea.eus-en ekonomiari eta enpresei buruzko beste ikuspegi bat eskaini nahi dute, Kaltzadaren arabera: «Agenda propioa garatu nahi dugu, eta bereziki interesatzen zaizkigu bertako ekonomiaren ikuspegia eta bertako enpresen egunerokoa. Kazetaritza eredu dibulgatzaileagoa erabiliko dugu, eta guregana datorrenak jakingo du zer gertatu den, eta zergatik».

Ekonomia eta enpresa hitzek sarritan askotariko errealitateak biltzen eta bateratzen dituzte. Euskal Herrian sektore, neurri, antolaketa... askotako enpresak daude. «Ekosistema izugarri aberatsa daukagu», Cuencaren esanetan. «Kooperatibismoa, ekonomia soziala, ohiko enpresak, lan enpresak... Iberdrola daukagu, baina baita Goiener ere. Zeharo ezberdinak. Biei buruz hitz egingo dugu. Proiektu interesgarri ugari daude, horietako asko ezezagunak».

Ekosistema horren erakusgarri da atariko gai sorta: 6G teknologia probatzen duen Nafarroako Anteral enpresa, Sagardi taldearen historia, Frantziako hauteskundeen eragina, NFC teknologia, krisi historikoak...

Lantalde txiki batekin hasi dira lanean. Bilbon eta Donostian dituzte ordezkaritzak. Kolaboratzaile sare zabala osatzen ari dira, ekonomia eta enpresa gaiei buruzko analisiak eskaintzeko, besteak beste. Doan irakur daitezke eduki guztiak. Harpidetuz gero, buletin bat jasotzen da egunero.

Komunikabideak zenbait bazkide ditu, baina itunak egin nahi dituzte proiektuarekin bat egiten duten enpresekin eta erakundeekin. «Gure egitasmoaren inguruan elkartu nahi ditugu interes berak dituzten enpresak eta erakundeak», azaldu du Kaltzadak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.