ATZEKOZ AURRERA

Ekonahaste, bioborraste

Eguneroko bizimoduko arlo gehienetan erabili ahal izateko produktu ekologikoak eta biologikoak ikus daitezke egunotan Irungo Ficoba erakustazokan. Hasi da Bioterra azoka.

Sebastien Gorostiaga, Lasako gaztagilea —ezkerrean—. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jakes goikoetxea
Irun
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Bioeraikuntzan oinarritutako etxea izan daiteke. Edota kortxo plakekin babestua. Agian teilatuan eguzki plakak dituena edo geotermia —Lurraren beroa— baliatzen duena. Latexez eta artilez betetako lastaira batean lo egin daiteke. Artilean bildutako xaboi natural batekin garbitu. Kafe eta fruta ekologikoak gosaldu. Hortzak banbuzko eskuila batekin garbitu. Ia lurraren parean geratzen den aulki tolesgarri batean eseri. Olibondoz egindako tresnekin sukaldean aritu. Pasta ekologikoa bazkaldu. Postrean ardi edo behi gazta jan. Txokolate ontza batekin gozatu. Talo ekologikoa askaldu.

Eguneroko bizimodua produktu biologikoekin eta ekologikoekin egiteko aukeren erakusleihoa da egunotan Irungo Ficoba erakustazoka (Gipuzkoa). Atzo zabaldu zuten Bioterra azoka. Tradizio handiko azoka da, 2004. urtean egin zuten lehena. Bihar arte egongo da zabalik. Produktuak erakusteaz gain, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dituzte.

Ekonahaste-bioborraste moduko bat da Bioterra. Era guztietako produktuek bat egiten dute azokan, nola bioeraikuntzakoek, hala kutsadura elektromagnetikotik babesten duten itsasgarriek. Gaztak eta olioak areto batean, koloreetan eta usainetan oinarritutako terapiak bestean. Kiropraktikoak nonahi.

Erakusmahai batean, gaztak. Ez dira ohiko gaztak. Gainera, banderak dituzte gainean, ikurrinak eta senyera-k. Berbelar gaztandegiarenak dira, Aiako Andatza auzoko (Gipuzkoa) Olazabal Txiki baserrikoak. Gaztandegia alokatu diote jabeari.

Behi esne ekologikoarekin egiten dute gazta. Ez dute behirik, eta Orendaingo Larreta baserrian erosten dute (Gipuzkoa). Gaztagilea, beste hainbat sektoretan aritu eta gero, «krisi pertsonal baten eraginez» hasi zen gaztagintzan. Aurrena sei hilabeteko ikastaro bat egin zuen Arantzazuko Artzain Eskolan, ardi esneen erabilerari buruzkoa; gero, Kataluniako Pirinioetara jo zuen, ikastera. «Begiak guztiz ireki zitzaizkidan hango gaztagintza mundua ikusi nuenean». Han ez dago gaztagintza ia monopolizatzen duen Idiazabalen moduko sor-markarik. «Ondorioz», nabarmendu du, «gaztagintza ulertzeko era guztiz ezberdina da; esperimentazioa izugarria da». Bide hori urratzen hasi da Euskal Herrian: gazta laktikoak, camembert erakoak, patxaranarekin eta garagardoarekin lurrindutakoak... «Punk bat naiz latxaren lurraldean». Antton Olariagak egin ditu etiketak.

Gaztak eta lastairak

Berbelarrenak ez dira gazta bakarrak. Sebastien Gorostiagak ere salgai ditu bereak, ekologikoak, Lasako (Nafarroa Beherea) Ametzalde baserriko 250 ardi burugorrien esnearekin egindakoak. Gaztek azal lodia dute, lehor itxurakoa, gazta urarekin garbitzeko moduagatik. Ametz hosto baten irudia dute gainean. Gorostiagaren gaztek badute berezitasun bat: «Ez dira sekula gogortzen, beti egonen dira samurrak, baita hilabeteak pasatuta ere. Garbitzeko moduagatik eta etxean koba natural batean edukitzen ditugulako».

Pasabide batean, tentazioa: egurrezko bi ohe sendo, eroso itxurako lastairekin. Oheen ondoan, Gemma Alarcos, Beasaingo Amets dendakoa. Normalean, lastairen nukleoak latex naturalez eginak izaten dira, «gorputzaren euskarri onena baita». Gero, beste material batez betetzen dira. Alarcosek artilea, kapok zuntza eta pinu suitzarra ditu ikusgai.

Bada Bioterran ezer saltzen ez duenik: Bidezko Elikadura gobernuz kanpoko erakundea. Eskoletako jangeletako eredua aldatzeko informazioa eskaintzen du, gidaliburu bat, Gure Platera Gure Aukera egitasmoaren lanean oinarrituta. «Eskoletako jangelak eraldatzeko ordua da», Eneko Viñuela koordinatzailearen iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.