Telesailak

Ekologismoa, negozio milioidun bihurtua

Filminek Hegoaldean estreinatu ditu Xavier Giannoli zinemagile frantziarraren ‘D’argent et de sang’ estreinako telesailaren lehen sei atalak. Frantziako karbonoaren gaineko zergaren iruzurra da istorioaren ardatza.

TELESAILAK. D’ARGENT ET DE SANG
'D'argent et de sang' telesaila. FILMIN
Mikel Yarza Artola.
2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

«Iruzurgileak ohartu dira errazagoa dela finantza merkatuetan jardutea, banku bat lapurtzea baino». D'argent et de sang telesailaren abiapuntuko esaldia da, Frantziako Gobernuko aduana zerbitzuko arduradunak bi polizia agenteri egindako aitortza.

2008 eta 2009 bitartean Frantziako hainbat enpresak milaka milioi euroko zerga iruzurra gauzatu zuten karbonoari loturiko BEZaren bidez. Klima aldaketari aurre egiteko diseinaturiko politikak haien alde baliatuta antolatu zuten Frantzian mendeko iruzur gisa ezagun egin zena.

Funtzionamendua honakoa zen: Frantziako enpresa batek produktu jakin bat erosten dio Europako Batasuneko herrialde bati; esaterako, sakelako telefonoak Danimarkari. Legeak dio ez dagoela BEZik Batasuneko bi herrialdeen artean. Baina, behin Frantziak BEZik gabeko sakelako horiek erosita, herrialde barneko beste sozietate bati saltzen dizkio %20ko BEZa erantsita. Berez, BEZ hori ordaindu eta Ogasunean aurkeztu behar da, baina, horren ordez, enpresari jakin batzuek kopuru hori eskudirutan kobratu, paradisu fiskaletara bideratu eta inbertsio berriak egin zituzten, elur-bola efektuaren bidez, BEZak sorturiko diru hori etengabe biderkatzen jarraitzeko.

Xavier Giannoli zinemagileak pantaila txikian debuta egin eta fikziora egokitu du Fabrice Arvi ikerketa kazetariaren eleberri konplexua, hamabi ataleko telesail modura. Hasi eta berehala, ikusle askori Panamako paperen inguruko The Laundromat (Steven Soderbergh, 2019) filma etorriko zaie burura, eta, gertuago, Frantziako medikuntza eta industria farmazeutikoaren eskandaluei buruzko La fille de Brest (Emmanuelle Bercot, 2016). Donostiako Zinemaldiko inaugurazio ekitaldiko filma izan zen, duela zazpi edizio.

Illusions perdues filmeko zuzendariaren nobedadean ere, Frantziako sistema publikoa dago ezbaian, baina honakoa ez da soilik thriller instituzional bat. Klase arrakala ardatz hartuta, bi giro zeharo kontrajarritako pertsonen bateratzea kontatzen du telesailak. Alain Fitoussi da protagonistetako bat, Parisko Belleville auzoan egunero iruzur txikiak eginez bizi den jatorri tunisiarreko gizona. Txanponaren beste aldean Jerome Attias dago, finantzen munduan hasi berri den familia diruduneko poker jokalari trebea. Biek harremana estutu eta lehenak bigarrena konbentzituko du karbono zergen negozioari bide emateko.

Iruzurraren arrastoari segika Vincent Lindon (Titane, La belle verte) aktore frantziar beteranoa, sekulako indarra eman die polizia galdeketa garratzen eszenei eta haren gainetik dauden eragileen presioak jasan behar ditueneko pasarteei.

Kasinoak, hipodromoak, askenaziak eta Eliseo Zelaietako enpresen negozioak... Giannolik zorroztasun handiz islatu du eliteko Frantzia, baina baita auzoz auzoko errealitate soziala ere, eta horrek are interesgarriago bilakatu du egitura konbentzionaleko narrazioa.

Ekonomian gehiegi tematu eta sakoneko giza dilemak alboratzea da telesailaren arrisku nagusia. Korapilo dramatikoak ahaztea, ekologismoa negozio milioidun bihurtu zutenak kritikatzeko ahalegin horretan. Veneziako Zinemaldian eta Ipar Euskal Herrian estreinatu ostean heldu da orain D'argent et de sang Hegoaldera.

FITXA

  • Sortzailea. Xavier Giannoli. 
  • Aktoreak. Vincent Lindon, Niels Schneider, Ramzy Bedia, Olga Kurylenko eta Judith Chemla.
  • Herrialdea. Frantzia.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Filmin eta Canal Plus.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Thrillerra eta drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.